Egunean Behin jokoaren finalean 28.282 herritarrek parte hartu dute

ETB1en eman zuten finala, Biba Egunean Behin zuzeneko emankizun berezian. Irabazlea Usurbilgo (Gipuzkoa) Jon Arroio Alkorta izan zen.

Atzoko finala. ETB
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 17a
12:00
Entzun

Egunean Behin jokoaren zortzigarren denboraldia joan den astean amaitu zen, baina atzo gauean final berezia jokatu zuten. Codesyntax enpresaren eta EITBren lankidetzari esker, ETB1ek zuzeneko final sinkronizatua eman zuen: Biba Egunean Behin. 28.282 herritarrek parte hartu zuten sakelako telefonoko jokoan, hamar galderak ahalik eta bizkorren asmatzeko gogoz —uztaileko lehen finalean baino %12 gehiagok—. Zozketa bidez 1.000 euroko bidaia saria eman zuten lehenbizi. Eta, laugarren partidan, lehen hogei sailkatuek jokatu zuten 2.000 euroko bidaia saria irabazteko helburuarekin. Irabazlea, hamar galderak asmatuta, Usurbilgo (Gipuzkoa) Jon Arroio Alkorta izan zen. Berehala telefonoz deitu zioten, eta hitz batzuk egin zituen ETBko saioan.

Telebista saioak %4,5eko ikusle kuota lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —euskaldunen artean, %13,1eko kuota—. 64.000 herritarrek ikusi zuten programa momenturen batean.

Elkartasun maratoiaren eguna zen atzo EITBn. Eta Egunean Behin-eko finalean parte hartu zuten jokalari bakoitzeko euro bat bideratu zuten alzheimerraren ikerketarako; horrenbestez, 28.282 euro gaineratu zioten egun osoan jasotzen ari ziren kopuruari. Guztira, EITB Maratoiak 807.422 euro jaso ditu Alzheimerren gaitza ikertzeko. Ekarpenak egiteko bideak zabalik daude oraindik.

Egunean Behin jokoak atseden hartuko du orain aste batzuetan. Ez dute iragarri noiz hasiko den bederatzigarren denboraldia. Zortzigarren denboraldian puntu gehien lortu dituen jokalaria Erik Gartzia kazetaria izan da. Finalaren bukaeran agertu zen atzo. Gaur, berriz, elkarrizketa egin diote lan egiten duen hedabidean: Oarso-Bidasoko Hitza-n. Aurreko denboraldietan ere goiko postuetan ibili da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.