Klima larraldia

Ikatzaren mundu mailako eskaria %6 hazi dela ohartarazi du Nazioarteko Energia Agentziak

Datorren urtean inoizko hazkunderik handiena izatea aurreikusi dute. Horrek «ia ezinezko» egingo du Glasgowko goi bilerako helburuak betetzea.

Zentral termoelektriko batek isuritako kutsadura. SERGEI ILNITSKY/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko abenduaren 17a
12:52
Entzun

Ikatzaren kontsumoak gora egin du berriz ere: %6 hazi da eskaria. Pandemiaren lehen urtean jaitsi bazen ere, jaitsiera ez zen izan IEA Nazioarteko Energia Agentziak aurreikusitako bestekoa. Gauzak horrela, datorren urtean inoiz izan gabeko kontsumoa egotea espero du. Horrek «ia ezinezko» bihurtuko du Glasgowko goi bileran hartutako erabakiak betetzea; hots, ikatzaren kontsumoa jaistea, klima larrialdia apaltzeko.

«Ikatzaren isurpenak gutxitzeko gobernuen berehalako esku hartze nabarmenik gabe, oso aukera gutxi izango ditugu berotze globala 1,5 gradutan mantentzeko, aukeraren bat balego. Betiere, esku hartze hori zuzen, abegikor eta kaltetuak babestuz egin behar da», azaldu du Fatih Birol IEAko zuzendari exekutiboak. Agentziaren esanetan, Txinak izango du etorkizuna aldatzeko gakoa, herrialde horretan erabiltzen baitute mundu osoan kontsumitzen den ikatzaren erdia baino gehiago. Horri Indiakoa batuta, munduko kopuruaren bi heren kontsumitzen dituzte bi herrialde horien artean.

Agentziak uste du egoerak okerrera egiten jarraituko duela, gora egingo duela Txinaren ikatzaren kontsumoak, alegia; %1,1 urteko, batez beste. 2024rako 135 milioi tona gehiago kontsumitzea espero dute. Batez ere elektrizitatea sortzera bideratuko dute ikatz hori, energia berriztagarriekin edo zentral nuklearrekin ez dutelako nahikoa eskariari aurre egiteko. Indian ere gauza bera gertatuko dela uste du IEAk, eta aurreikusi du elektrizitatea sortzeko erabilitako ikatzaren ehunekoa hazi egingo dela: %72tik %74ra. EB Europako Batasunean eta AEBetan, ostera, behera egitea espero dute: %18 Europako Batasunean, eta %15 AEBetan. Baina agentziak ohartarazi du jaitsiera hori ezdeusa izango dela Txinak eta Indiak izango duten gorakaden aldean.

IEA kezkatuta agertu da, gero eta handiagoa delako arrakala herrialdeek karbono neutraltasuna lortzeko hartu zituzten konpromisoen eta ikatzaren merkatuko datuen artean. Eta horren arrazoia zehaztu du: ez dute baliabiderik jarri energia eta teknologia garbiak garatzeko.

Ikatzaren gorakadaren zergatiak

2020an izandako geldialdi ekonomikoak ekarri zuen beherakada ikatzaren kontsumoan. Munduko zenbait eremutan nabarmena izan zen jaitsiera; EB Europako Batasunean eta AEBetan, esaterako, %20 inguru jaitsi zen kontsumoa. Baina Txinak urte amaierarako ekonomiak gora egitea lortu zuen, eta berriz hazi zen kontsumoa; eta herrialde horrek mundu mailan duen pisua dela eta, munduko ikatzaren kontsumoa soilik %4,4 jaitsi zen.

Ekonomia berriz martxan jartzeak eragin du, beraz, ikatzak lekua irabaztea. Baina hori ez da izan faktore bakarra. Energiaren agentziak ondorioztatu du gas naturalaren prezioen igoerak ekarri duela askok ikatzaren aldeko apustua egitea elektrizitatea sortzeko orduan. Izan ere, gas naturalaren prezioak %9ko igoera izan du erabilera horretarako. Agentziak emandako datuaren arabera, inoiz baino ikatz gehiago ari dira erabiltzen gaur egun elektrizitatea sortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.