ERREAKZIOAK

2007ko maiatzaren 11
18:10
Entzun
Espainiako Gobernua: "Erabakiak arrazoia eman digu"

Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuaren lehendakariordea eta bozeramailea gustura azaldu da gaur Auzitegi Konstituzionalak EAE-ANVren 133 hautagaitza eta Abertzale Sozialistak izeneko hautesle elkarte denak balio gabe utzi dituela-eta, "erabakiak Gobernuari arrazoia eman diolako era guztietara". Haren ustez, hemendik aurrera ez da baztertu behar EAE-ANV legez kanpo uztea, "baldin eta Batasunarekin harremana duen zantzuak badaude".

PSOE: "Gobernuaren garaipena biribildu egin du"

Diego Lopez Garrido PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramaileak dio Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak "[Espainiako] Gobernuaren garaipena biribildu" egin duela, "eta PP desautorizatu". Erabaki honekin "egiaztatuta geratu da Batasuna ez dela hauteskundeetan izango".

EAJ: "Ezker abertzalea eroso dago honela"

Iñigo Urkullu EAJren BBBren lehendakariak kritikatu egin du Konstituzionalaren erabakia, baina ia 400 hautagaitzen baliogabetzeen egoera honekin "ezker abertzalea eroso" dagoela bota du. PSOE ere halaxe dagoela iritzi dio Urkulluk.

PSE-EE: "Alderdi politiko guztiek errespetatu behar dute erabakia"

Konstituzionalak hartutakoa erabakia "alderdi politiko guztiek errespetatu" behar dutela esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEren Bizkaiko Foru Aldundirako ahaldun nagusigaiak. Haren ustez, "frogatuta" geratu da Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak "legea segituta" sartu zituztela inpugnazioak, eta "Gobernuak egin duenari erabateko babesa eman dio erabakiak".

EA: "Adierazpen espazioak utziko dizkiegu baliogabetutako hautagaiei"

Begoña Errazti EAren presidenteak ziurtatu duenez, bere alderdiak "adierazpen espazioak" utziko dizkie baliogabetutako hautagaiei, "hauen iritzi eta ordezkaritza eskubideak bermatuak izan daitezen". Ez du zehaztu nola egingo duten hori; "hausnartu egingo dugu alderdian". Haren ustez, "onartezina" da Konstituzionalaren erabakia.

EB: "Ez dugu jakingo ezker abertzaleak zer babes duen"

Mikel Arana EBren Presidentziarako bozeramailearen ustez, Konstituzionala "okertu egin da, ez dugulako jakingo ezker abertzaleak zer babes duen hauteskundeetan". Aranak dio "Batasuna ere okertu" egiten dela, "bere isiltasunarekin indarkeriaren erabilpena zilegi bihurtu nahi duelako".

Aralar: "Herritarren eskubideen kontrako atentatua da"

Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile eta Nafarroa Bairen lehendakarigaiak erabakia "herritarren eskubideen kontrako atentatua" dela iritzi dio, "demokrazia batean oinarrizkoa delako sufragio aktiboa eta pasiboa izatea". Horretaz gain, "normalizazio politiko eta sozialari ez dio ekarpenik egiten" eta "juridikoki astakeria da".

PP: "Batasuna hauteskundeetan izango da, Zapaterok hala nahi izan duelako"

Mariano Raxoi PPren presidentea ez da gustura geratu erabakiarekin, "Batasunak, azken batean, parte hartuko duelako hauteskundeetan, EAE-ANVren beste zerrenda asko hor egongo direlako, eta hori Zapaterok nahi izan duelako gertatuko da". Raxoik gaur berriro esan du EAE-ANVren hautagaitza denak inpugnatzearen aldekoa zela.

IU: "Erabaki orekatua da"

Konstituzionalaren erabakia "orekatua" dela iruditu zaio Gaspar Llamazares IUren koordinatzaile nagusiari, eta "Batasunak eta PPk izandako jarrerak deskalifikatu egiten ditu, Batasunak ETAren menpeko izaten segitzen duelako eta PPk dena baliogabetzea nahi zuelako".

ELA: "Konstituzionalaren erabakia eskandalagarria da"

Joxe Elorrieta ELAren idazkari nagusiaren ustez, Konstituzionalaren erabakia "eskandalagarria" da eta "botere judizialari oraindik eta sinesgarritasun handiagoa kentzen dio".

LAB: "Horrela zaila da konponbide prozesua garatzea"

Rafa Diezek garbi dauka: "Oso erabaki larria da eta horrela zaila da konponbide prozesua garatzea". Haren ustez, honek denak "bultzada politikoa" dauka, eta lehen PPk buruturiko legez kanporatze politika kudeatzen segitzen du PSOEk.

Lokarri: "Euskal gizartearen gehiegoaren borondatea urratzen du"

Lokarri ere erabakiaren kontra azaldu da, "euskal gizartearen gehiegoaren borondatea urratzen duelako". Bizitza politikoan berdintasun egoeran ezin dela parte hartu uste du, eta "gizartearen zati bat ez da oso-osorik ordezkatua egongo erakundeetan".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.