Osasunbideak atzeratu egin ditu «premiazkoak» ez diren ebakuntzak

Nafarroako Gobernuak zehaztu du neurria «behin-behinekoa» dela. Azken datuen arabera, COVID-19ak jotako 23 paziente dira ZIUetan erietxeraturik herrialdean.

Osasun langile bat Nafarroako Ospitaleko ebakuntza gela batean, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abenduaren 17a
16:08
Entzun

Oldartua, guztiz harrotua da COVID-19a Nafarroan; hala erakusten dute azken asteotako datuek. Goraldia, gainera, ez da soilik birusaren transmisioari loturiko aldagaietan nabaritzen ari, ospitaleetan ere hasia baita estualdia sumatzen. Osasun sistemaren gero eta baliabide gehiago dira gaitzarekin eri direnen artara bideratuak, eta horrek zuzenean eragin die beste premia batzuei: okupazioaren gorakada dela eta, Osasunbideak bertan behera utzi ditu datozen egunetarako aurreikusiak ziren zenbait ebakuntza. Zehazki, atzeratu egin dituzte «premiazkoak» ez direnetako batzuk.

Iragarri berri diren atzerapen horien harira, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek azalpenak eman ditu. Zehaztu du neurria «behin-behinekoa» dela, eta, are, iradoki du ez duela luze iraunen. Azaldu duenez, espero dute datorren astean ebakuntza gutxiago utzi behar izatea bertan behera.

Gainera, Indurainek nabarmendu du egun hauen bueltan ohikoa izaten dela ospitaleetako presioak gora egitea, COVID-19rik izan gabe ere. Dioenez, oraintxe bertan asko dira birusarekin kutsatuak izan ez baina arnas aparatuarekin loturiko gaitz batengatik erietxeratuak direnak. Horregatik, kontseilariak argitu du arta ahuldua azaldu ez dadin dutela helburu: «Gure asmoa da bi gaixotasun motei modu berean eta kalitate maila berarekin eskaintzea arreta».

Datuak ere plazaratu ditu kontseilariak: oraintxe bertan 135 kutsatu dira Osasunbidearen ardurapeko zentroetan ospitaleratuta, eta horien guztien 23 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira, larri.

Oporrak, eztabaida iturri

Nafarroako osasun zentroetan bizi duten estualdia dela eta, azken egunotan kexu azaldu dira hainbat osasun langile. Besteak beste, SATSE erizainen sindikatuak berriki salatu du Osasunbideak aztergai duela langile horiek datozen asteetarako aurreikusiak dituzten oporraldiak bertan behera uztea. Diotenez, osasun langile aski ez dagoenez, Gabonetan lanean segitzera behartuak izan daitezke erizainak. Ordea, adierazpen horien harira, ohartarazpena egin du Indurainek, hori hala denik ukatuz: «Oporraldiak ez dira bertan behera utzi ospitaleetan».

Edonola ere, kontseilariak argitu du neurri hori aztergai izaten dela kontingentzia planetan. Hori hala izanik, unean uneko egoerari begiratu beharko diote neurriak hartzeko, azaldu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.