Ezkurdia-Tolosa 13-22 Laso-Imaz
Hirugarren garaipena Laso-Imazentzat
Akats asko egin dituzte Ezkurdiak eta Tolosak, eta bost neurketatan puntu bakarra poltsikoratu dute. Emakume Master Cupen, Amaia Aldaik irabazi du lau eta erdiko txapela (22-14).

Akats gutxien egin dutenek irabazi dute gaur Eibarko Astelena pilotalekuan: Lasok eta Imazek. Txapelketako hirugarren garaipena eskuratu du bikoteak, eta egoera eskasean utzi dituzte Ezkurdia eta Tolosa. Haiek partida bakarra irabazi dute oraingoz.
Ziur jokatu du Imazek, eta errematean asmatu du Lasok. Lana asko erraztu diete Ezkurdiaren eta Tolosaren hutsek ere: bien artean hamar pilota galdu dituzte. Errenta handirik gabe, plandu egin behar izan dute norgehiagoka amaierako 13-22ra heldu arte.
Bosgarren jardunaldia bihar amaituko da, Tolosan. Jaka-Mariezkurrena II-ak jokatuko dute han, Irribarria-Rezustaren aurka.
Aldai txapeldun
Gaur jokatu da Emakume Master Cupeko lau eta erdiko finala, Mungian (Bizkaia). Amaia Aldaik jantzi du txapela, Miriam Arrillagari 22-14 irabazita. Neurketa oso lehiatua izan da.
Hirugarren postua Enara Gamindek eskuratu du, lehen partidan Olatz Arrizabalaga menpean hartuta (22-18).
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.