Energia

Argindarraren gorakadak ez du etenik Hego Euskal Herrian: 360 euro MWh-ko

Gas naturalaren prezio igoera handiak eragin du argindarraren langa igo izana. Ipar Euskal Herrian, 453 euro ordainduko dituzte MWh bakoitzeko.

Argindar estazio bateko hesia, eta bertako arriskuak ohartarazten duen afixa. JON URBE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko abenduaren 21a
13:30
Entzun

Argindarraren prezioak orain arte Hego Euskal Herrian ezarritako marka guztiak gaindituko ditu asteazkenean: 360 euro ordainduko da batez beste MWh. Ipar Euskal Herrian, berriz, garestiago ordainduko dute: 453 euro. Errusiak arazoak ditu Europa gasez hornitzeko, eta lehengai hori garestitu izanak eragin zuzena izan du argindarraren prezioan. Horri Frantziako hainbat zentral nuklear izaten ari diren arazoak gehitu behar zaizkio.

Hego Euskal Herrian asteazkeneko 19:00ak eta 20:00ak artean egongo da garestien argindarra: tarte horretan, 381 euroan salduko da MWh bakoitza. Argindarraren prezioa joan den astean hasi zen berriz goraka, eta, adituen ustez, oso litekeena da hurrengo egunetan berriz ere langa hori igotzea. Gaur, esaterako, 327,38 euroan dago MWh, eta koska handia igoko da. Jakina denez, tarifa erregulatua duten kontsumitzaileei zuzenean eragiten die, eta erreferentzia gisa balio du tarifa librea duten kontsumitzaileentzat.

Igoeraren arrazoi nagusia gasa da, ziklo konbinatuko zentraletan haren bitartez sortzen baita argindarra. Errusiak Europara igortzen duen gas kantitatea murriztu da, eta haren prezioa %10 igo egun bakarrean. TTF baloreak neurtzen du argindarra lortzeko erabiltzen den gasaren prezioa Europan, eta egun 160 euroan dago MWh. Iaz egun hauetan 17 euroan zegoen, eta azaroan, 65 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.