Albistea entzun

Ingurumena

Amaitu da aire garbia Pirinioetan

Zientzialariek baieztatu egin dute mikroplastikoak 2.877 metroko garaieran ere atzeman direla, eta 10.000 kilometro ere egin ditzaketela airean, Ipar Amerikatik Pirinioetaraino.

Pic du Midi de Bigorre mendiko tontorra.
Pic du Midi de Bigorre mendiko tontorra. Serge Ottaviani Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2021eko abenduak 23

Pirinioetako mendi gailur elurtuak, haize freskoa. Unerik egokiena ematen du edertasun horren erdian arnasa sakon hartzeko, aire garbia birikietara eramateko, ezta? Bada, han ere inor mikroplastikoen kutsaduratik salbu ez dagoela baieztatu dute aste honetan Nature zientzia aldizkarian argitaraturiko ikerketa batean. Pic du Midi de Bigorre mendian (2.877) atzeman dituzte mikroplastikoak.

Bost milimetro baino gutxiagoko plastiko zatiak dira mikroplastikoak; zailak dira desegiteko eta dozenaka urte igarotzen dituzte ingurumenean. Txikiak direnez, animalien eta gizakien digestio aparatuan sartzen dira, eta baita arnasbideetan ere.

Emaitzarekin harrituta daudela esan dute ikertzaileek, halako mendi gailurra «kutsadura iturrietatik bakarturik» dagoelako. Azaldu dutenez, mikroplastikoak airetik nola mugitzen diren jakitea ezinbestekoa da «arazoaren tamaina globala» ulertzeko. Izan ere, orain arte ikertu egin da mikroplastikoen itsas zirkulazioa, baina ez horrenbeste troposferan nola barreiatzen diren. Lurraren atmosferaren beheko geruza da troposfera.

Pic du Midi de Bigorre (okzitanieraz: Pic de Mieidia de Bigorra) mendiaren gailurrean behatoki astronomiko eta meteorologiko bat dago, eta teleferiko baten bidez ere irits daiteke hara. Hango airea aztertu zuten 2017ko udan, ekainaren 23tik urriaren 23ra. Ikertzaileek lorturiko datuen arabera, 0,09 eta 0,66 mikroplastiko partikula artean topatu dituzte metro kubo bakoitzeko. Noski, askoz kontrentrazio handiagoak atzematen dira beste leku askotan, etxe arruntetan, kasurako. Eta ez da frogatu Pirinioetako kontzentrazioak osasun arazoak sor ditzakeenik. Baina gizakiek sorturiko kutsadura noraino hel daitekeen argi erakusten du. Ikertzaileen arabera, emaitzak argi uzten du troposferan «mikroplastikoak benetan libre barreiatzen» direla. Horrez gain, ozeanoak zeharka ditzakete. «Horrek ilustratzen du mikroplastikoen hedapena globala izan daitekeela».

Pic du Midi de Bigorre mendiko behatokia. Pascalou Petit

Frantziako CNRS ikerketa zentroko, Grenoble-Alpeetako Unibertsitateko eta Eskoziako Strathclydeko Unibertsitateko adituek egin dute lana. Batez ere, polietilenoa eta poliestirenoa topatu dituzte. Polietilenoa supermerkatuetako plastikozko poltsa arruntak egiteko erabiltzen da, eta poliestirenoa, kortxo zuria deiturikoa egiteko. Horrez gain, PVC polibinil kloruroa atzeman dute. Horrek minbizia sortzeko duen ahalmena auzitan dago, baina hori egiteko erabiltzen den binil kloruroa gizakietan minbizia sortzen duten gaien artean du sailkatuta Nazio Batuen Erakundeak, 1974. urtetik.

Ikertzaileek uste dutenez, gailurretan topaturiko mikroplastikoak ozeano Atlantikotik, Afrikatik eta Ipar Amerikatik datoz. Haizeak altxatzen ditu handik, hauts moduan, eta milaka kilometroz garraiatzen ditu, Pirinioetaraino, esaterako. Horien arabera, mikroplastikoek 10.000 kilometro ere egin ditzakete airean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Giro atsegina sortu zen Ziburuko plazako karparen azpian. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskarari plaza, elkarlanean

Ekhi Erremundegi Beloki

Jende andana elkartu da Ziburuko IV. Euskal Disko eta Liburu Azokan. Euskarak Lapurdi kostaldean plaza hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Egunero galdetu behar da jendea zer moduz dagoen, ez COVID garaian soilik»

Ane Insausti Barandiaran

Adinekoen aldarriak ezkutuan geratzen direla salatu du Berriotxoak. Besteak beste, eskatu du zaintzan bizitza osoa eman duten emakumeen pentsioak igotzeko, baliabide gehiago jartzeko, eta zaintza sistema publikoa eta integrala izateko.
Euskal Herriko gazteek gehiago erabiltzen dute Instagram Whatsapp baino. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Instagram da euskal gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala

Urtzi Urkizu

Ikusiker lanaren arabera, Euskal Herriko gazteen hamarretik bederatzik erabiltzen dute Instagram

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...