Literatura

Joan Didion hil da

87 urterekin zendu da idazle eta kazetari estatubatuarra. XX. mendearen bigarren erdiko ahots aupatuenetako bat izan da berea Mendebaldean.

Joan Didion idazle eta kazetaria, 2008ko Brooklyn Book Festival jaialdian. DAVID SHANKBONE
Berria
2021eko abenduaren 23a
19:17
Entzun

Kazetaritza lanak, nobelak, saiakerak eta gidoiak idatzi zituen, batik bat, Joan Didionek. Hastapenetatik, bere egin zuen kazetaritza berria deituriko korronteak garatutako moldea, pultsu periodistikoa eta literarioa uztartzean zetzana, eta 1960-1970eko urteetan Hollywoodek ordezkatzen zuen kulturari kritikoki begiratu zion sinadura esanguratsuenetako bat izan zen harena. Hainbat sari jaso zituen bere ibilbidean: azkenetakok, 2005ean eskuratutako National Book Award saria ez-fikzioaren alorrean, eta Pulitzer sarirako hautagaitza, urte berean, The Year of Magical Thinking lanarekin, zeinetan alargundu osteko dolua jorratu zuen.

Sacramenton jaio zen Didion, 1934an, eta umetatik erakutsi zuen idaztearekiko eta irakurketarekiko atxikimendua. Bigarren Mundu Gerraren urteetan, maiz lekualdatu zen familiarekin eta Kalifornian egin zituen unibertsitate ikasketak. Vogue aldizkariak babesturiko lehen saria irabazi zuen han, eta aldizkari horretan hasi zen ondotik bere lehen lanak argitaratzen. Han zela publikatu zuen bere lehen nobela ere, Run River, eta ez-fikziozkoa izan zen hurrengoa, 1968an: Slouching Towards Bethlehem, Kalifornian ordura arte egindako kazetaritza lanen bilduma bat.

Hala jarraitu zuen bere obra mamitzen hurrengo hamarkadetan ere, fikziozkoak —Play It as It Lays (1970), A Book of Common Prayer (1977), Democracy (1984), The Last Thing He Wanted (1996) — eta hortik kanpokoak uztartuz —The White Album (1979), Salvador (1983), Miami (1987), bere editore Henry Robbinsonen omenezko After Henry (1992), Where I Was From (2003), etab—.

Bere lehen liburutik ondoan izan zuen John Gregory Dunne idazlearekin ezkondu zen Didion, eta elkarrekin ere egin zituzten hainbat lan. Horien artean, zinemarako egokitu zuen Play It As It Lays nobela, 1972an. Eta,hain justu, Dunne hil ondoren idatzi zuen Didionek The Year of Magical Thinking (2005) lan autobiografiko arrakastatsua, zeina antzerkirako egokitu zuen gero, 2007an —Broadwayko jaialdian sari nagusia eskuratu zuen—.

Duela lau urte, hari buruzko dokumental bat egin zuen Griffin Dun idazle eta kazetariaren ilobak, Netflixentzako: Joan Didion: The Center Will Not Hold. Parkinsonaren eraginez zendu da Didion, gaur, Manhattango (New York) bere etxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.