Hilberria

Tomas Hernandez Mendizabal margolari, eskultore eta kartelgile gipuzkoarra hil da

81 urterekin hil da. Euskal Herriko ospakizun, emanaldi eta topaketa garrantzitsuenetariko batzuei jarri zien azala.

Tomas Hernandez Mendizabal, artxiboko irudi batean. GARI GARAIALDE
2021eko abenduaren 26a
13:40
Entzun

Tomas Hernandez Mendizabal pintore, eskultore eta kartelgile ezaguna hil da, 81 urterekin. Askotariko diziplinetan eginiko lanengatik da ezaguna, baina bereziki kartelgintzaren munduan egin dituen lan ugariengatik lortu zuen sona sortzaileak. Euskal Herriko ospakizun, emanaldi eta topaketa garrantzitsuenetariko batzuei jarri zien azala. Horien artean dira, adibidez, Tolosako inauteriak, Donostiako inauteriak eta Donostiako Jazzaldia.

Tomas Hernandez Mendizabal sortzaileak eginiko zenbait kartel.

Bere lanen erakusketa ugari egin zituen 1966. eta 1982. urteen artean, eta, Euskal Herrian ez ezik, Espainian, Frantzian eta Alemanian ere erakutsi zituen bere lan askotarikoak. Duela hainbat urte, 1998. urtean, azken urteetan egin zituen lan berrienen erakusketa bat antolatu zuen Zarautzen eta Tolosan (Gipuzkoa), bere lanen ezaugarri handienetako bat gaien aniztasuna zela nabarmenduta.

Kartelgintzaren eta diseinuaren arloez gain, beste hainbat arte eta diziplina ere ukitu zituen sortzaileak. Donostiako Amara Berri auzoko Etxeberri plazan dagoen Trikitilariak eskultura, kasurako, hark egina da, eta Donostiako Udalaren enkarguz ondu zuen, 1991. urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.