Hilberria

Jose Maria Aldaia enpresaburua hil da, 80 urterekin

ETAk bahitu egin zuen 1995ean, 'iraultza zerga' ez ordaintzeagatik, eta 341 egunez izan zuen atxikia. Ortega Lararen atzetik, erakunde armatuak bahituta denbora gehien eduki zuen pertsona izan zen.

Jose Maria Aldaia 2004an, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen. ANGEL DIAZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko abenduaren 28a
21:15
Entzun

Jose Maria Aldaia enpresaria hil da gaur bere etxean, Hondarribian (Gipuzkoa), 80 urterekin, aspalditik zuen gaixotasun baten ondorioz. Euskal gizartean ezaguna zen industrialariaren izena, besteak beste ETAk 341 egunez bahitua izan zuelako, 1995eko maiatzaren 8tik 1996ko apirilaren 14ra. Hondarribian bahitu zuten, eta Azkarateko gainean askatu (Elgoibar, Gipuzkoa).

Iraultza zerga ez ordaintzeagatik bahitu zuten Aldaia, eta ia urtebete iraun zuen ekintza hark; ETAk sekula egindako bahiketarik luzeenetan bigarrena izan zen. Luzeena Jose Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionarioarena izan zen: hura 532 egunez atxiki zuen erakunde armatuak.

Aldaiaren bahiketak aurkako hainbat protesta eragin zituen, eta garai hartan zabaldu ziren Aski da leloa eta xingola urdina, indarkeriaren aurkako sinboloa. Ertzaintzak protesta haietako batean sortu ziren istiluetan hil zuen Rosa Zarra, gomazko pilota batekin. Juan Mari Atutxa orduko Herrizaingo sailburuak adierazi zuenez, Ertzaintzak ez zuen batere erantzukizunik izan gertakari hartan, eta esan zuen pilota kolpea «gertaera zirkunstantziala» baino ez zela izan.

Testigantza

Aldaiak 2006ko azaroan eman zuen bere bahiketari buruzko testigantza Espainiako Auzitegi Nazionalean, Gregorio Vicario Setien epaitu zutenean (gerora, errugabetu egin zuten hura). Aldaiak epaimahairi adierazi zion «usteltzen» ari zela «zulo madarikatu» horretan pasatu zuen denborarengatik: «Bahituta egon nintzen 341 egunetan umiliatuta sentitu nintzen, negar egiteko denbora izan nuen, eta baita beste gauza askotarako ere. Zortea izan nuen handik bizirik atera nintzelako», azaldu zuen.

Enpresaburuak gogora ekarri zuen burua estalia zuten hiru edo lau pertsonak bahitu zutela, autoaren maletategian sartu zutela, eta barruan zegoela xiringa batekin ziztatu zutela.

Bahiketa gertatu zenetik 10 urtera egin zituen adierazpenok Aldaiak, eta epaileari adierazi zion «ondorio fisiko nabarmenak» zituela, «zuloa» oso gaizki zegoelako. Aldakak eta bizkarrezurra kaltetuta zeuzkala esan zuen, «hezetasunarengatik». Zuloa bi metro zabal eta hiru luze zela azaldu zuen, eta ez zuela apenas argirik ikusten, eta bahitu zuten momentutik ez zela zulotik atera. Aldaiak esan zuenez, ez zekien bera aske uzteagatik familiak dirurik ordaindu zuen ala ez.

ETAk ez ziola inoiz mehatxurik egin ere deklaratu zuen, eta gehitu zuen ez ziotela sekula dirurik eskatu, eta bahiketak «ezustean» harrapatu zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.