Kolonbia

ELNrekin ez dela elkarrizketarik izango berretsi du Bakerako ordezkari bereziak

Urte amaierako mezuan, gerrillak ohartarazi du protesta gehiago eta gogorragoak ekarriko dituela datorren urteak.

ELNren aldeko margoketa bat, Pesqueran. MAURICIO DUENAS CASTAñEDA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 30a
16:57
Entzun

ELN Nazioa Askatzeko Armadak hilabeteak daramatza Habanan Kolonbiako Gobernuarekiko elkarrizketak hasi zain. Gerrillak maiatzean berretsi zuen prest dagoela hitz egiteko, betiere topaketa hori «inposaketarik edo aldebakarreko baldintzarik gabekoa» baldin bada: «Gobernua ez bada gai kalean mobilizaturiko biztanleriarekin hitz egiteko, are gutxiago egin ahalko du armak dituen ELNrekin». Baina, gaur-gaurkoz, ez dirudi Ivan Duque presidentearen administrazio iritzi berekoa denik.

Kolonbiako Bakerako ordezkari berezi Juan Camilo Restrepok leporatu dio gerrillari «demagogia» egitea, eta ohartarazi du ez dutela haiekin bake negoziaziorik abiatuko taldeak «indarkeria bultzatzen» jarraitzen duen bitartean. Restrepok egotzi dio ELNri adingabeak errekrutatzen jarraitzea borroka armaturako: «Ez dugu elkarrizketarako borondaterik ikusten ELNren aldetik, eta ez dugu amore emango, egoerak bere horretan jarraitzen duen bitartean».

Gerrillaren azken mezuari erantzunez egin ditu Restrepok adierazpenok. Urte bukaerako idatzian ELNk ohartarazten du datorren urtean protesta gehiago eta gogorragoak izango direla, baldin eta Duquek bere politikak aldatzen ez baditu. Bide beretik, azpimarratzen du Alvaro Uriberen agintaldian sortutako mugimendua hasia dela desegiten, «oligarkiako indarrei beren buruak zentro-eskuinekotzat aurkeztera eta aldaketez hitz egitera derrigortuz».

Bakerako ordezkari bereziak gogor jo du talde armatuaren aurka, eta «Gobernuaren aurkako ekintzak bultzatzen dituen gaizkile talde bat» izatea leporatu dio. Restrepok ukatu du Duqueren gobernuak bakerako estrategiarik ez duenik, ELNk dioen moduan, eta erantzun du «bakea lortzeko modu bakarra» instituzioak sendotzea dela.

Esklabotza

FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailea gerrillak ere kolpea jaso du aste honetan. Izan ere, Bakerako Jurisdikzio Bereziak berretsi egin du haren aurkako esklabotza salaketa. Talde armatu ohiko kideek helegitea jarri zioten erabakiari, baina justiziak ez zuen onartu, eta aintzat hartu du fiskaltzaren eskaria.

Auzia daraman aretoak ebatzi du FARCek derrigortu egin zituela bahituetako batzuk hainbat lan egitera atxikita zituzten bitartean, besteak beste, txalupak edo kamioiak eramatera, baita osasun zerbitzuak ematera, egurra biltzera, oihanean bideak zabaltzera edota zubiak eraikitzen laguntzera. «Kasu batzuetan, bahituek lan egiteari uko egiten bazioten, preso mantentzen zituzten. Halako bi kasuren berri izan du justiziak», dio epaiak.

Kolonbiako Gobernuaren eta FARCek arteko bake akordioetan jasotako puntuetako bat da Bakerako Justizia Bereziarena. Haren helburua da gatazkak iraun zuen mende erdian egindako delituak ikertzea. Auzi horietatik lehena da bahituei dagokiena.

Gerrillari guztiek ez zuten, ordea, bake akordioa sinatu. Izan ziren harekin bat etorri ez eta disidentziara jo zutenak. Azken horiek Kolonbiako armadaren jopuntu bilakatu dira azken hilabeteetan. Gabon egunean, esaterako, uste disidentziako kideak ziren zazpi pertsona hil zituzten Putumayo barrutian. Hala jakinarazi dute segurtasun indarrek. Horien arabera, hildakoak identifikatzeko lanetan ari dira uneotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.