AHT

Burgos-Gasteiz AHT zatia bidaiarientzako izango da bakarrik

1.200 milioi euroko aurrekontua izango luke proiektuak, eta 93,6 kilometroko luze izango da. Informazio azterketari argi berdea eman dio Madrilek.

Espainiako Gobernuko, EAJko eta Jaurlaritzako ordezkariak, duela aste batzuk, Gasteizen. RAUL BOGAJO
inaki petxarroman
2021eko abenduaren 30a
19:21
Entzun

Burgos-Gasteiz abiadura handiko tren (AHT) azpiegituraren tramitazioan aurrerapauso bat egin du Espainiako Gobernuak: proiektuaren informazio azterketa onartu egin du Garraio eta Hirigintza Agenda Ministerioak (Mitma). Hain zuzen ere, onartu duten egitasmoak 1.200 milioi euroko aurrekontua izango du —BEZ gabe— eta bidaiarientzako bakarrik izango da. Trenek 350 kilometro orduko abiaduran ibili ahal izango dute, gehienez. Jaurlaritzak beti babestu izan du AHTak bidaiariak ez ezik salgaiak ere eraman behar dituela. Kasu honetan, Madrilek ez dio eskaera horri men egin.

93,6 kilometroko trenbide bat izango da, eta bi zatitan banatu dute: Burgos-Pancorbo (Burgos, Espainia) eta Pancorbo-Gasteiz. Aurtengo ekainean proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egin zuten, eta hain zuzen ere, orduan zehaztutako alternatiba da aurrera eramango dutena. Proiektu honen Gasteizko sarrerako zatiaren obrak eskaini zituen tren azpiegituretako kudeatzaile Adifek abenduaren 1ean. Iruña-Oka eta Gasteiz arteko 3,5 kilometroko tartea da administrazioak lehiaketara eskaini duena, 33,3 milioi euroko aurrekontuarekin. Obra horrek Europako Next Generation funtsen finantzazioa eskuratu du. 70 metroko zubibide bat izango du, eta Zadorra ibaiaren uholde lurretan gainetik pasatuko da.

Burgos eta Gasteiz arteko proiektu hau ez atzera ez aurrera dago aspalditik, eta urrats honekin litekeena da bultzada bat jasotzea administrazioaren aldetik. Berriki Euskal Y-aren hiriburuetako sarreren inguruko akordioa egin dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, eta, hain zuzen ere, Madrilek Gasteizi eman dio obra horiek aurrera eramateko baimena, inbertitzen duen dirua gero kupo bidez berreskuratzeko aukera emanda. AHTaren obrari dagokionez, argitu gabe segitzen duen beste kontu bat da ea non egingo duten Euskal Y-aren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, Gasteiztik edo Ezkio-Itxasotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.