Jaurlaritzaren esku dago AHTa lur azpitik sartzea Bilbo eta Gasteizera

EAJk akordioa lortu du Espainiako Gobernuarekin AHTa Gasteizen eta Bilbon sartzeko lanak Eusko Jaurlaritzak kudea ditzan. Bi geltokiak, Arkautiko korapiloko obra eta Bilborako tunelak egingo ditu

Aitor Esteban, Estefania Beltran de Heredia, Jose Antonio Suso eta Andoni Ortuzar, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU.
Unai Etxenausia - Edurne Begiristain
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
EAJk eta Espainiako Gobernuak akordioa lortu dute AHT abiadura handiko trena Bilbora eta Gasteizera lur azpitik sartzeko eta lan horien kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko. Madrilen erdietsi dute akordioa, Espainiako aurrekontuen negoziazioetan, eta horren berri eman zuen atzo Aitor Estebanek, EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak. «Historikotzat» jo zuen erdietsitako akordioa.

Gasteizko tren geltokian eta presazko deialdi batean jakinarazi zituen AHTren lanei buruzko akordioaren nondik norakoak. Estebanek eman zuen berria, haren esku egon baita negoziazioen ardura Madrilen, eta harekin batera izan ziren Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea, Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidentea eta Estefania Beltran de Heredia Espainiako Senatuko talde jeltzaleko bozeramailea ere.

Akordioari esker, Jaurlaritzak hartuko du Gasteizko eta Bilboko zatien ardura, AHTaren Gipuzkoako zatiarekin egin den moduan. Hala, lan horiek egiteko dirua aurreratu beharko du, eta, gero, kupotik deskontatuko du. Estebanek azaldu zuen «eskertzen» duela Espainiako Gobernuko ministro berriek akordiorako izandako prestasuna: «Negoziazioa luzea izan da. Orain arte ukatu egin digute kudeaketaren ardura hartzea, baina esan genezake gainditu dugula hori guztia», nabarmendu zuen.

Erdietsitako akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko dira Arkautiko (Araba) lotunearen obra eta Arabako hiriburuan lur azpian eraikiko den geltokia. Bilbon, Jaurlaritzak kudeatuko ditu hiribururako tunelak egiteko lanak, bai eta lur azpiko geltokiarenak ere. Zehaztu zutenez, Basauriko behin-behineko geltokia ez da martxan jarriko Bilboko tuneletako obrak egiten hasi arte.

Estebanek azpimarratu zuen «bultzada erabakigarria» dela akordioa, eta orain arte Eusko Jaurlaritzari ukatu zaiona onartzea «mugarri» bat dela. Haren ustez, orain Bilbon eta Gasteizen egin ahal izango da Gipuzkoan «arrakasta handiz» egiten dena Jaurlaritzak kudeatzen ditu AHTaren Gipuzkoako zatiko lanak. Aurrerapausoa dela azpimarratu zuen Estebanek, Jaurlaritzak lanen kudeaketa eskuratzeak «erraztuko» duelako obrak lehenago egitea, eta ziurtatuko duelako obrak egin egingo direla. EAJk aurrekontuen negoziazioaren hasieran ezarritako hiru helburuak betetzea lortu duelako pozik agertu zen Esteban. «Bizitzeko gutxieneko errentaren kudeaketa osoa, Gasteizen eta Bilbon AHTa behin betiko bideratzea, eta Espainiako aurrekontuetan EAErako eta Nafarroarako inbertsioak egitea lortu dugu».

Bilboko eta Gasteizko alkateek ere txalotu egin zuten Madrilen lortutako akordioa. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azpimarratu zuen akordioari esker «bide orri zehatza» erdietsi dela AHTa hiriburura lur azpitik sartzeko. Pozik agertu zen Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere: «AHTa gure hirira ahalik eta azkarren iristeko urrats garrantzitsua egin dugu».

ETSren salaketa

ETS Euskal Trenbide Sareak salatu du atzo hiru kaputxadun AHTren obrak egiten dituen Donostiako enpresa batera sartu zirela, eta bertako langileak «mehatxatu» eta AHTren aurkako pankartak jarri zituztela. Erasoa salatu, eta euskal Y-aren aldeko konpromisoa agertu du ETSk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.