Memoria

Esan sindikatuak salatu du pintaketak egin dizkiotela Barakaldoko egoitzan

Pintaketek Ertzaintzari egozten diote Rosa Zarra, Kontxi Sanchiz eta Iñigo Cabacas hil izana. Sindikatuaren arabera, «euren buruari abertzale deitzen dioten faxistak» dira pintaketen egileak, eta azken egunetan Rosa Zarraren heriotzaren inguruan gertatutakoan dute jatorria.

Esanen Barakaldoko egoitzan egin dituzten pintaketak. ESAN SINDIKATUA
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 2a
18:23
Entzun

«Zipaioak, zuen hil zenituzten Rosa Zarra, Kontxi Sanchiz eta Iñigo Cabacas. Esan, ordaindu duzue!» eta «Zipaioak hiltzaileak, herriak ez du barkatuko!». Hori diote gaur Esan Ertzaintzaren sindikatuaren Barakaldoko (Bizkaia) egoitzan agertu diren pintaketek. Haien arabera hirugarren aldia da, eta «euren buruari abertzale deitzen dieten faxistei» egotzi diete haien egiletza.

Pintaden jatorria da azken egunetan Rosa Zarraren heriotzaren inguruan gertatutakoa. Asteon hil da Jose Mari Aldaia enpresaburua. ETAk 341 egunez bahitua izan zuen Aldaia, eta 1995ean, haren askatasuna eskatzeko egin zen protestetako batean sortutako istiluetan hil zuen Ertzaintzak Rosa Zarra, gomazko pilota batekin (pilotakada jaso eta zortzi egunera hil zen).

Ikerketa bat abiatu zuen Ertzaintzak, baina Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak argudiatu zuen, gomazko pilota batek jo arren, ez zela hil horrek eragin zizkion zaurien ondorioz, baizik eta aurretik zituen osasun arazoengatik. Zarraren senideek salaketa bat jarri zuten, baina 1995eko irailean artxibatu zuten.

ETB2ko Teleberri saioak, Aldaiaren heriotzari buruz ari zela, hala esan zuen asteazkenean: «Ezker Abertzalea Aldaia askatzeko manifestazioen parean elkartzen zen, eta behin, Donostian, istiluak izan ziren eta Ertzaintzaren gomazko pilota batek Rosa Zarra hil zuen». EITB Nahieranen jada ez dago eskuragarri saio hura.

Esanek esandakoa zuzentzeko eskatu zion ETBri, eta hark hala egin zuen ostegun gaueko Teleberri-n: «Atzo igorri genuen albisteari dagokionez, zuzendu egin behar dugu Rosa Zarraren heriotzaz esan genuena, epaitegiek ez baitzuten frogatu Zarrak jasotako pilotakadaren eta heriotzaren arteko lotura zuzena».

Horrek erreakzio andana eragin du, eta, besteak beste, EH Bilduk iragarri du gaia EITBren batzordera eramango duela: «EITBren jarrera, historia bihurrituz eta polizien sindikatuak esandakoari amen eginaz, onartezina da. Biktimen kategorizazioa: aitortza batzuentzat, umiliazioa besteentzat».

Ez zen nahikoa ikertu

Ertzaintzak Zarra zauritu zuen 1995eko ekainaren 30 hartan, Ezker Abertzalearen Euskal Herria Askatu plataformak Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren aurka deitu zuen protestara; egun bat lehenago Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren senideen eta lagunen aurka jo zuten poliziek Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuan, hamabi urte desagertuta zeramatzaten bi lagunen hilkutxen bila joan zirenean. Egun hartan bertan ere jo zuten senideen eta lagunen aurka Tolosako (Gipuzkoa) hilerrian.

2015ean, argitaratu zuen Udal Erretratuen Mapa txostenean, Jaurlaritzak aitortu zuen Zarraren kasua ez zela bere garaian behar bezala ikertu, edo, gutxienez, ez zutela behar bezain beste argitu. Zarraren atalean aitortzen zuen sei metrora bota ziotela pilotakada ertzainek.

Heriotzaren 25. urteurrenean, berriz, plaka bat jarri zuten Zarra zauritu zuten lekutik metro batzuetara, Amara Berri auzoko Olaeta plazan; Rosa Zarra Martin, 1995eko ekainean eraila. Egia, justizia, erreparazioa (1995-2020) zioen plakak. Sortuk antolatutako ekitaldi batean jarri zuten plaka, Zarra oroitzearekin batera. Plaka horrek, ordea, eraso bat jasan zuen iazko maiatzean, kendu egin zutenean.

Euskal Memoria fundazioak egindako bilduma batean, gomazko pilotek eragindako bost heriotza zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian: 1977an Jose Luis Aristizabal eta Isidro Susperregi hil zituzten, Donostian, eta Luis Santamaria, Iruñean. Laugarrena izan zen Zarra, eta Iñigo Cabacas Athleticeko zalea bosgarrena, 2012an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.