Urrutikoetxea-Aranguren 20-22 Peña II.a-Albisu

Gogorrak dira Peña II.a eta Albisu

Bigarren astez jarraian markagailua irauli, eta irabazi egin dute Peña II.a-Albisuk. 10-1 eta 18-10 galtzen aritu dira. 

Peña II.a sakatzen, gaur, Getarian (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 9a
20:18
Entzun

10-1. 18-10. Eta 20-22. Joan den asteko gidoi bera izan du Pena II.aren eta Albisuren neurketak: makal ekin diote norgehiagokari, baina, tantoek aurrera egin ahala, partidan sartu dira, eta bikain amaitu dute. Joan den igandean, Irribarria eta Rezusta izan ziren biktimak, eta oraingoan, Urrutikoetxea eta Aranguren.

Getarian (Gipuzkoa) jokatu dute Binakako Txapelketako zortzigarren jardunaldiko neurketa. Frontoi bizia da, eta Peñak eta Albisuk aitortu dute hasieran hari neurria hartu ezinda ibili direla. Ohartzerako, 10-1 irabazten ari ziren Urrutikoetxea eta Aranguren. Gutxi geroago, 18-10.

Orduan hasi da Albisu atzean nagusitzen, eta Peña, berriz, aurrean asmatzen. Azken tantoetan bikain aritu da aurrelaria, eta tanto ederrak utzi ditu. Presioak, berriz, kalte egin die gorriei, ikusleen gozamenerako.

Dena den, irabazleek aitortu dute asko dutela hobetzeko: «Irabaztea beti da garrantzitsua, baina bi aste jarraian daramatzagu neurketa oso gaizki hasten, eta hori aldatu beharra dago», adierazi du Peña II.ak. Aipatu dute ongi-ongi ere ez direla sentitu.

Modu batera edo bestera, seigarren posturako borrokan jarraitzea ahalbidetzen dien puntu bat lortu dute. Zortzigarren jardunaldia amaituta, borroka berean sartuta dabiltza Urrutikoetxea eta Aranguren.

Sailkapena

1. Elezkano II-Zabaleta, 7 puntu
2. Laso-Imaz, 5
3. Altuna III.a-Martija, 5
4. Irribarria-Rezusta, 4
5. Urrutikoetxea-Aranguren, 4
6. Peña II.a-Albisu, 3
7. Jaka-Mariezkurrena II.a, 3
8. Ezkurdia-Tolosa, 1

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.