Alaves 0-0 Athletic

Hutsean berdindu dute Alavesek eta Athleticek

Neurketa gogorra eta berdindua jokatu dute bi taldeek, baina inork ez du asmatu ate aurrean. Behin-behinean jaitsiera postuetatik irten da Alaves.

Muniain, baloiarekin, gaur Mendizorrotzan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2022ko urtarrilaren 9a
21:22
Entzun

Ur asko eta futbol gutxi. Partida gogorra jokatu dute Alavesek eta Athleticek Mendizorrotzan, baina inork ez du asmatu azken metroetan. Aukera gehiago izan ditu Athleticek, baina zutoinera baloia jaurti duena Alaves izan da. Zuri-gorriak bederatzigarren postuan daude, 28 punturekin, eta Alaves hamazazpigarren, hamazazpi punturekin. Behin-behinean jaitsiera postuetatik irten dira gasteiztarrak.

Itzuli da Mendilibar ligara, eta, ondorioz, baita haren zigilua ere. Sendotasuna berreskuratu du Alavesek, presioa oso goian eginez. Horrek aukera bikaina zirudien Iñaki Williamsentzat, baina ez da aurrelariaren partidarik onena izan. Ez du atera jaurtiketa bat bera ere egin, ezta lehengoan heroia izan zen Sancetek ere. Dena den, lehen zatian Athletic gertuago ibili da Alavesen areatik, Alaves Atheticen areatik baino.

Gola gertuen Duartek izan du. 55. minutuan, baloi bat berreskuratu eta zuzenean atera bota du urrutitik, baina Unai Simonek ukitu ostean zutoinean jo du baloiak. Berehala heldu da Athleticen aukerarik onena: erdiraketa gaiztoa egin du Raul Garciak, eta gutxigatik ez dira heldu Muniain eta Nico Williams.

Azkenean, berdinketa, eta bi taldeak hotz utzi dituen puntu bana.

Alaves: Pacheco; Agirregabiria, Miazga, Lejeune, Duarte; Moya, Manu Garcia, Jason (Escalante, 40'), Rioja (Mendez, 64'); De La Fuente (Pellistri, 84'), eta Joselu.

Athletic: Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Balenziaga; Vencedor (Zarraga, 3'), Dani Garcia (Vesga, 82'), Berenguer (Serrano, 82'), Muniain; Sancet (Raul Garcia, 59'), eta Iñaki Williams (Nico Williams, 59').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.