Djokovic askatzeko agindu du epaileak

Halere, baliteke Australiako Gobernuak bisa berriz kentzea tenislariari, eta herrialdean sartzea debekatzea hiru urterako.

Djokovicen jarraitzaileak haren abokatu Nick Wooden bulegoaren aurrean biltzen, Melbournen. JAMES ROSS / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 10a
09:11
Entzun

Seta irabazi dio Novak Djokovic tenis jokalariak Australiako Gobernuari. Haren bisa bertan behera uzteko erabakia atzera bota du Melbourneko epaile batek, eta, beraz, libre aterako da kirolaria. Horrez gain, Gobernuak ordaindu beharko ditu epaiketa gastuak.

Pozez hartu dute albistea Djokovicen jarraitzaileek. Tenislaria preso atxiki duen hotelaren aurrean bildutakoek txalo eta oihu artean hartu dute Anthony Kelli epailearen ebazpena.

Epaileak argudiatu du tenislariari bisa kentzeko erabakiak ez duela zentzurik, eta kirolariak ez duela behar adina astirik eduki bere abokatuekin edo Australiako Irekiaren antolatzaileekin hitz egiteko.

Urtarrilaren 6an hasi zen jokalari serbiarraren eta Australiako Gobernuaren arteko tirabira. Australiako Irekian jokatu behar zuen datozen egunetan, baina herrialdeko agintariek sartzeko baimena ukatu zioten, kirolariak ez duelako frogatu koronabirusaren aurkako txertoa hartua duela, edo hura ez hartzeko eskubidea duela. Teniseko gizonezkoen munduko sailkapeneko lehena deportatzea erabaki zuten.

Geroztik, asilo eskatzaileentzat Melbournen daukaten hotel batean hertsirik egon da jokalaria, haren abokatuek helegitea jarri eta epaileak gaia aztertu bitartean.

Djokovicek argudiatu zuen txertoa hartzeaz salbuetsita dagoela. Baina iaz adierazi zuen txertatzearen aurkakoa zela, eta uko egin dio Australiako agintariei txertatu ote den esateari. Txapelketaren antolatzaileek adierazi zuten herrialdeko bi sendagile batzordek ontzat eman dutela jokalariaren ustezko salbuespena. Baina mugazainek ez zuten horrela ikusi, eta kirolariarekin salbuespenik ez egitea erabaki zuten. Scott Morrison Lehen ministroak argi esan zuen: «Ez dago kasu berezirik; arauak arauak dira».

Epaileak erabaki du jokalaria aske uzteko berehala.

Edonola ere, ikusteko dago partida nork irabaziko duen, Australiako Gobernuan ez baitu amore eman. Chris Tran estatuaren abokatuak esan du balitekeela Australiako Immigrazio ministroak tenislariaren bisa berriz bertan behera uztea. Izan ere, ministroak ahalmena du hori egiteko, eta epaileak ere aintzat hartu du eskumen hori. Epaileak ohartarazi duenez, berriz bisa kentzea erabakiz gero, jokalariari hiru urterako debeka diezaiokete Australian sartzea.

Hainbat hedabidek zabaldu dituzte tenislariak mugazainekin edukitako elkarrizketaren transkripzioak. Horretan, Djokovicek aitortzen die ez dagoela txertaturik, baina azaltzen die bitan eman duela positibo COVID-19 gaitza eragiten duen birusean: 2020ko ekainean eta joan zen abenduan.

Australian sartzeko, derrigorrezkoa da txertoa. Edonola ere, salbuetsita daude gaitz larri bat daukatenak horrek txertatzea galarazten badie, gehienez sei hilabete lehenago COVID-19 gaitza eduki dutenak, edo txertoaren kontrako erreakzio bat eduki dutenak, besteak beste.

Jokalarien senideek prentsaurrekoa antolatu dute Belgraden. Esan dute justiziak irabazi duela, eta eskerrak eman dizkiete kirolariari sostengua adierazi dietenei Melbourneko kaleetan. «Hau haren ibilbideko garaipenik handiena da», adierazi du tenislariaren ama Dijanak. Semea «torturatu» egin dutela gaineratu du. Kirolaria hobeto tratatzeko eskatu die osaba batek Australiako agintariei. Djokovicen aita Srdjanek esan du azken egunetako jokoa izugarri zaila izan dela kirolariarentzat eta haren familiarentzat: «Gizaki gisa dituen eskubide guztiak kendu dizkiote». Azaldu du agiri bat eman ziotela sinatzeko, bere bisari uko egiteko, baina tenislariak uko egin ziola, legerik hautsi ez zuela iritzita.

Espero zen tenislariak berak parte hartzea prentsaurrekoan, modu telematikoan, baina azkenean, Twitterren baino ez du bota iritzia. Urtarrilaren 4tik ez zuen mezurik argitaratu sare sozialean. Mezuan adierazi du pozik eta esker onez dagoela epaileak atzera bota duelako berari bisa kentzeko saioa. Gaineratu du Australian geratu nahi duela eta Australiako irekian parte hartzen saiatu. Horretan dauka arreta guztia. «Daukagun txapelketarik handienetako batean zaleen aurrean jokatzera etorri nintzen». Eskerrak eman die sostengua eman dioten guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.