Indarkeria matxista

Eraso matxisten kontrako manifestazioa egingo dute Barakaldon

«Emakumeen kontrako indarkeriaren izurria» salatu du Argitan elkarteak

Argitan-ek joan den astean egindako elkarretaratzea, Barakaldon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 11
11:29
Entzun

Argitan elkarteak manifestazio baterako deialdia egin du, Barakaldon (Bizkaia) izaten ari den «indarkeria matxistaren olatua» salatzeko. Mobilizazioa ostiralean izango da, eta Barakaldoko Herriko Plazatik abiatuko da, 19:30ean. Indarkeria matxistaren aurrean, erantzun kolektiboa, elkartasuna eta autodefentsa feminista izango da manifestazioaren goiburua.

Urtea hasi zenetik, hiru eraso matxista salatu dituzte Barakaldon. Urtarrilaren 2an gizonezko bat atxilotu zuten taberna batean emakume bati sexu ukituak egiteagatik, urtarrilaren 6an beste bat hartu zuten atxilo bikotekide ohia jotzeagatik, eta azken erasoa joan den asteburuan gertatu da. Hogei urteko gizonezko bat denda batera sartu zen lapurtzeko asmoz, eta, han lan egiten duen emakumeak kargu hartu zionean, sexu erasoak egin zizkion.

Horren aurka, «protesten maila igotzea» erabaki du Argitan-ek, eta, aurrekoetan bezala elkarretaratzea antolatu beharrean, manifestazioa egitea hobetsi dute, «erantzun kolektiboa, elkartasuna eta autodefentsa feminista» aldarrikatzeko asmoz.

«Badakigu hau ez dela Barakaldon bakarrik gertatzen», azaldu du Argitan-ek: «pairatzen dugun indarkeria egiturazkoa da, eta emakumeok jasaten ditugun desberdintasun eta diskriminazioen ondorioa da». Hala ere, uste dute «indarkeriaren izurri» horri erantzun egin behar zaola: «Aukera bakarra da erantzun ahalik eta sendoena ematea. Kaleak geureak dira, eta gure lekua eta indarkeriarik gabe bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko erabiliko ditugu. Matxista eta erasotzaileek aurrean izango gaituzte. Ez dute lekurik gure kaleetan, ezta gure bizitzetan ere».

Argitan-ek dei egin die Barakaldoko eta Ezkerralde osoko talde eta elkarteei manifestazioarekin bat egin dezaten, eta gogorarazi dute Ezkerraldeko beste herri batean, Portugaleten, gizonezko bat atxilotu zutela urtarrilaren 7an, emakume bat bortxatzeaz akusatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.