Azpiegiturak

Ehunka lagunek protesta egin dute Beasain-Bergara arteko bidesariaren aurka

Urtarrilaren 18an sartuko da indarrean Beasain eta Bergara arteko autobiako bidesari berria. Goierriko eta Deba Bailarako Kontseilu Sozialistek deitu dute manifestaziora.

Igandean Beasainen (Gipuzkoa) egin zuten manifestazioaren une bat. GOIERRIKO KONTSEILU SOZIALISTA
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 11
12:36
Entzun

«Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu». Lelo hori zuen igandean ehunka lagunek Beasainen (Gipuzkoa) egin zuten protestak. Goierriko eta Deba Bailarako Kontseilu Sozialistek deituta, Beasain eta Bergara arteko autobian jarriko duten bidesari berriaren aurka mobilizatu ziren. Urtarrilaren 18an hasiko dira A-636 errepideko tarte horretatik igarotzen direnei kobratzen.

Mugimendu Sozialistako kideak azarotik ari dira neurri horren aurka mobilizatzen. Azaldu dutenez, bidesariaren aurka egitea ez da haien asmo bakarra: «Langileon bizimoduaren garestitze progresiboa salatzera ere atera gara, bidesaria adibide soil bat besterik ez baita», adierazi zuten igandean. Gehitu zuten bizitzaren garestitze horri aurre egiteko modu eraginkor bakarra «antolakuntza komunista indartzea eta sozialismoaren alde egitea» dela.

Bidesariaren aurkako dinamikaren aurkezpenean, Goierriko eta Deba Bailarako Kontseilu Sozialistek «ordainlekuen inposaketa» seinalatu zuten «langile klasearen bizitzaren garestitze progresibo eta orokorraren adierazpen modura». Gogorarazi zuten azken hilabeteetan oinarrizko zenbait produktu garestitu direla, hala nola argindarra, oinarrizko elikagaiak eta gasolina.

Erantzule zuzenak seinalatu zituzten: «Gutxienez, oligarkia internazionala, burgesia —espainiarra zein bertakoa— eta alderdi politiko guztiak». Beasain eta Bergara arteko bidesariaren sustatzaile nagusia izatea EAJri egotzi zioten, «baina gobernu ardurak ez dituzten gainontzeko alderdiak ere langile klasearen pobretze eta miseria areagotze prozesuan kolaboratzaile aktiboak eta zilegiztatzaileak direla ulertzen dugu», gehitu zuten.

Urte eta erdi geroago

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020ko uztailean jakinarazi zuen A-636 autobian bidesaria jartzeko asmoa zuela. «Erabiltzen eta kutsatzen duenak ordaindu egin behar du; logika hori aplikatu dugu», azaldu zuen Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako foru diputatuak: «Zerga orokorren bidez, ez gara iristen errepideek eskatzen dituzten artapen eta hobekuntzak egitera; beharrezkoak dira baliabide gehiago».

Orduan adierazi zutenez, espero zuten sistema abian egotea 2020. urtea amaitzerako. Atzeratu egin dira, ordea, asmo horiek, eta abenduaren 31an jakinarazi zuten 2022ko urtarrilaren 18a izango zela data. Aldundiak gogorarazi zuen aurrez aurreko informaziorako guneak urtarrilean ere zabalik egongo direla, erabiltzaileen zalantzak argitzeko eta Abiatu gailua eskuratzeko tramiteak errazteko. Goierrin, Urolan eta Debagoienean jarriko dira bulegoak; zehazki, Ezkio-Itsason, Ormaiztegin, Zumarragan, Beasainen, Legazpin, Bergaran, Urretxun eta Antzuolan.

Aurrerantzean, autobia osoa izango da ordainpekoa, eta hiru arkuren bidez egingo dira ordainketak, Gipuzkoan lehen aldiz ezarriko den free flow sistemaren bidez. Erabiltzaileek ez dute geratu beharko, eta sistema elektroniko horrek identifikatuko du ibilgailua Abiatu eta ViaT txartelen bidez edo matrikularen bidez. Ibilgailu guztiek ordaindu beharko dute bidesaria, arinek eta astunek.

2,53 euro

Beasain-Bergara errepidea berria da —2019ko martxoan zabaldu zuten—, 23 kilometro luze da, eta, orain arte, doakoa izan da.

Aurrerantzean, deskonturik gabe, Beasaindik Bergarara joateak (edo alderantziz) 2,53 euro balioko du ibilgailu arinentzat. Abiatu sistemaren bidez, ordea, deskontuak izango dituzte gipuzkoarrek, beste errepideetan dituzten berberak: egindako bidaia kopuruaren arabera, %25 eta %75 artekoak dira deskontuak, eta hilabeteko gehieneko gastua 32,34 euro da.

Jarduera profesionalean dabiltzanek eta garraiolariek ez dute deskonturik izango, eta trailer bakoitzak 5,15 euro ordaindu beharko du ibilbide hori egiten duen bakoitzean. Bidesari hori garraiolariei azken urteetan N-I eta A-15 errepideetan jarritakoei gehituko zaie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.