Australian sartzeko eskaeran «giza akatsak» egin izana aitortu du Djokovicek

Gezurra esan zuela frogatuz gero, litekeena da bisa ukatzea berriz Australiako Gobernuak. COVID-19an positibo izan arren aurrez aurreko elkarrizketa bat eman zuela aitortu du.

Novak Djokovic gaur, entrenamendu saio batean, Melbournen (Australia). JAMES ROSS / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 12a
10:34
Entzun

Australiako Gobernuarekin duen tira-biran seta irabazi arren, puntu garrantzitsua galdu du Novak Djokovic tenislariak azken orduetan. Sare sozialetan argitaraturiko mezu baten bitartez onartu behar izan du Australian sartzeko bisa eskatzeko inprimakian «akatsak» egin zituela, eta koronabirusarekin positibo eman arren ez zuela derrigorrezkoa den berrogeialdirik egin, eta gutxienez aurrez aurreko elkarrizketa bat eman zuela. Horrek zaildu egin du kirolariaren egoera Australian, eta ikusteko dago datorren astean herrialdeko Irekian parte hartzerik duen edo deportatu egingo duten.

Urtarrilaren 6an, Australian sartzeko baimena ukatu zioten Melbourneko aireportuan, kirolariak ez zuelako koronabirusaren aurkako txertorik hartu. Teniseko gizonezkoen munduko sailkapeneko lehena deportatzea erabaki zuten, eta asilo eskatzaileentzat Melbournen daukaten hotel batean hertsirik eduki zuten astelehenera arte.

Astelehenean, tenislariaren bisa bertan behera uzteko erabakia atzera bota zuen Melbourneko epaile batek, eta, libre aterako da kirolaria.

Baina gutxi iraun du Djokovicen eta haren jarraitzaileen garaipen pozak. Izan ere, azken erabakia Australiako Gobernuak dauka, eta berriki zabalduriko informazioek kolokan jarri dute tenislariaren egoera. Instagramen mezu bat argitaratu behar izan du azken orduetan zabalduriko salaketei aurre egiteko, eta argitaraturikoa «desinformazioa» dela besterik ez du esan.

Bi gauza leporatu dizkiote jokalariari. Lehena abenduan Frantziako L'Equipe aldizkariko Franck Ramela kazetariarekin eginiko elkarrizketari dagokio. Djokovicek aitortu du abenduaren 16an PCR testa egin ziotela eta hurrengo egunean positibo zela esan ziotela. Halere, abenduaren 18an elkarrizketa eman zuela adierazi du, ez zuelako «kazetaria atsekabetu nahi». Kazetariak esan du Djokovicek maskara eraman zuela une oro, eta argazkia egiteko bakarrik kendu zuela. Edonola ere, tenislariak onartu egin du elkarrizketa egitea «okerra» izan zela, eta hobe zela bertan behera utzi izan balu.

Bigarren salaketak arazo handiagoak ekar diezazkioke Australiako agintarien aurrean. Izan ere, herrialdean sartzeko inprimakietan gezurra esatea egozten diote. Agiri horretan adierazi zuten Djokovicek ez zuela inora bidaiatu Australiara heldu aurreko 14 egunetan. Baina frogatu egin da Serbiatik Espainiara joan zela.

Tenislariak adierazi duenez, haren taldeak bete zuen inprimakia, eta haren agenteak barkamena eskatu du «akats administratibo» hori egiteagatik. «Giza akatsa izan zen, ez apropos eginikoa inondik inora». Australiako mugazainek, ordea, atzo esan zuten ikertzen ari zirela tenislariak «adierazpen faltsua» egin ote zuen. Hala egin zuela ondorioztatzen badute, tenislariari bisa ukatzeko arrazoi sendoa izango dute.

Faltsutu al zuen PCR probaren data?

Djokovicen aurkako salaketak ez dira horretan geratu, ordea. Alemaniako Der Spiegel aldizkariak eta Zerforschung ikerketa agerkari digitalak ondorioztatu dutenez, tenislariak edo haren inguruak faltsutu egin zuten kirolariak Australian sartzean aurkeztu zuen PCR probetako baten data.

Izan ere, jokalariak, abenduaren 16an positibo eman zuela justifikatzeko, PCRaren agiria aurkeztu zuen, eta beste bat, negatiboa, abenduaren 22koa. Horrek aukera emango lioke Australian txertatu gabe sartzeko.

Haatik, hedabideotako ikertzaileek aztertu egin dute tenislariaren agiriaren QR kodea, eta horri jarraikiz ondorioztatu dute negatiboaren data zuzena dela, baina positiboa ez zela abenduaren 16koa, baizik eta 26koa. Halere, ikerketak kritikak izan ditu, argudiatuta agiriaren data ez dela sortzen proba egiten denean, baizik eta PDFa deskargatzen denean.

Kirolaria astelehenean libre uzteko, epaileak argudiatu zuen hari bisa kentzeko erabakiak ez zuela zentzurik, eta kirolariak ez zuela behar adina astirik eduki bere abokatuekin edo Australiako Irekiaren antolatzaileekin hitz egiteko.

Chris Tran estatuaren abokatuak esan zuen orduan bazitekeela Australiako Immigrazio ministroak tenislariaren bisa berriz bertan behera uztea. Izan ere, ministroak ahalmena du hori egiteko, eta epaileak ere aintzat hartu zuen eskumen hori. Epaileak ohartarazi zuenez, berriz bisa kentzea erabakiz gero, jokalariari hiru urterako debeka diezaiokete Australian sartzea.

Hainbat hedabidek zabaldu dituzte tenislariak mugazainekin edukitako elkarrizketaren transkripzioak. Horretan, Djokovicek aitortzen die ez dagoela txertaturik, baina azaltzen die bitan eman duela positibo COVID-19 gaitza eragiten duen birusean: 2020ko ekainean eta joan zen abenduan.

Australian sartzeko, derrigorrezkoa da txertoa. Edonola ere, salbuetsita daude hauek, besteak beste: gaitz larri bat daukatenak, horrek txertatzea galarazten badie; gehienez sei hilabete lehenago COVID-19 gaitza eduki dutenak; eta txertoaren kontrako erreakzio bat eduki dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.