ZOZKETA

BERRIAren 2021eko azalik onenak aukeratzeko bozketa martxan da

Iazko hogei azal aukeratu ditu BERRIAren taldeak, eta irakurleak aukera izango du gogokoenak aukeratzeko eta zozketa batean parte hartzeko.

2022ko urtarrilaren 12a
19:00
Entzun

Urteko martxaren erakusle dira BERRIAren lehenak. Gertatu zenaren hemeroteka gisa funtzionatzen dute, eta joandako urteari errepasoa egiteko tresna gisa erabil litezke. Eztabaidagai izan diren gaiak berritzeko ere bai, eta BERRIAk arretaz landu dituen gai berezi batzuk gogora ekartzeko ere bai. Kazeta honek 2021ean argitaratutako lehen orri esanguratsuenak bildu dituzte, eta orain irakurleak aukera izango du horien artean gustukoenak aukeratzeko, horretarako sortutako webgunean.

Azal bat baino gehiago aukeratu ditzake erabiltzaile bakoitzak, eta urtarrilaren 23 arte eman daitezke botoak. Parte hartzaileen artean bi sari zozkatuko dira: Donostiako Enea jatetxean otordu bat bi lagunentzat, eta Tolosako (Gipuzkoa) Amak jatetxean beste otordu bat beste bi lagunentzat.

Askotariko gaiak ageri dira iaz nabarmendutako BERRIAren azaletan. Urtea markatu duten gertakarietako batzuk agertzen dira, adibidez: Martxoaren 8a, Joseba Sarrionandiaren itzulera, Roberto Fraile eta David Beriainen hilketak, Realaren Kopa, presoen aldeko mobilizazioak, pandemiaren olatuak, koronabirusaren lehen urtea, Maialen Chourrauten urrea, Afganistan talibanen esku eta Aimar Olaizolaren agurra, besteak beste.

Urteurren seinalatu batzuk eta sakon landutako gai batzuk ere ageri dira, eta baita lehen orrien diseinuan nabarmendutako lanak ere. Horien artean daude Itoizko urtegiko sabotajearen urteurrena, behi haztegi erraldoiak, beltzen kontrako jazarpen poliziala, Kataluniako hauteskundeak, arrakala digitala, Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena, iheslari politikoen egoera, 'Latinoamerikaren zain urratuak' liburuaren urteurrena, Eskoziaren ahaleginak erreferendum berri bat lortzeko eta Euskal Herriaren errepresentazioa testuliburuetan.

2021eko lan nabarmenak biltzeko urtekariaren parte da iazko azalen bilduma. Joan den urtean BERRIAn gehien irakurritako artikuluak, egindako elkarrizketa nabarmenenak, infografia ikusgarrienak, eta urteko argazki eta bideo bildumak ere jaso ditu kazeta honek, webgune berezi batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.