Atletico Madril 1-2 Athletic

Ate handitik sartu da finalera

Athleticek Espainiako Superkopako finala jokatuko du, Atletico Madrili 1-2 irabazi ostean. Joao Felixek espainiarrak aurreratu ditu, baina Yerayren eta Nico Williamsen golek lehia erabakita utzi dute.

jarraia208305.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 13a
22:59
Entzun

Athletic Superkopako finalean izango da igande gauean, eta bigarren urtez jarraian titulua etxeratzeko abagunea izango du. Real Madril du zain. Zuri-gorriek dema gogorra jokatu dute Atletico Madrilen aurka, Riadeko Fadh Erregearen estadioan. Argitasun handirik gabeko lehen zatia izan ondoren, azken ordu erdian dantzan jarri da dena. Madrildarrak aurreratu dira lehendabizi, baina Marcelino Toralenak ez dira kikildu. Ez horixe. Yerayk eta Nico Williamsek egindako bi golekin, ate handitik sartu dira finalera.

Kirol arlotik harago, Amnesty Internationalek Superkopan aritu diren lau taldeei eskatu zien atzoko eta gaurko partidetan jokalariek besoko morea janztea, Saudi Arabiako emakumeek eta LGTBI kolektiboak jasaten dituzten giza eskubide urraketak salatzeko. Bada, Athleticeko eta Atletico Madrileko jokalariek entzungor egin diote gobernuz kanpoko erakunde horren eskaerari, Real Madrileko eta Bartzelonako jokalariek egin zuten bezalaxe. Lehen finalerdiarekin alderatuta, futbolzale dezente gutxiago bertaratu dira estadiora. Giro hotza izan da nagusi.

Hasi eta berehala, Atletico Madrileko Joao Felixek lehen ukituan baloi luze bat jaso, eta gola sartu du, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi du. Diego Pablo Simeonerenak bizi-bizi irten dira zelaira. Espainiako taldeak goian presioa egin dio Athletici, eta zuri-gorriek galtzak bete lan izan du baloia atzetik aurrera barreiatzeko. Madrildarrek baloia azkar berreskuratzen zuten, baita lehen abaguneak eduki ere; aurrelari portugaldarrarena eta Correarena kasurako.

Minutuak pasatu ahala, dema gehiago orekatu da, eta Athleticek partidaren hastapenean izan duen itoaldia leuntzea lortu du. Leundu bakarrik ez, zuri-gorriak aurkariaren areara ere oldarkorrago heltzen hasi dira. Iñaki Williamsek, esaterako, aukera paregabea izan du bere taldea aurretik jartzeko. Oihan Sancetek egindako pase loratua bikain kontrolatu ondoren, indartsu jaurti du, baina Oblakek sekulako erantzuna eman dio. Nahiz eta ate aurrean ez asmatu, aukera hark talde zuri-gorriari konfiantza eman dio.

Halere, espero zen gidoia bete da lehen zatian: bi harresi indartsuen arteko dema gogorra eta aukera gutxikoa. Madrildarrak bitan heldu dira Unai Simonen atera; behin bakarrik bizkaitarrak Oblakenera. Bi entrenatzaileek garrantzi handiagoa ematen zioten atzeko lanari aurrekoari baino.

Behetik gora

Bigarren zatiko lehen hamabost minutuetan lehengo lepotik izan du burua partidak, harik eta Joao Felixek izotza hautsi duen arte, zuri-gorrien zorigaiztorako. Lemarrek egindako korner baten ostean, portugaldarrak buruz ongi errematatu du. Yerayek baloia babestu du Unai Simonek heldu zezan, baina gaizki-ulertua izan, baloiak zutoinean jo eta atezainaren bizkarrean emanda marra zuria gainditu du. Kolpe galanta Athleticentzat.

Zuri-gorriek, ordea, ez dute azken hitza esan. 76. minutuan, Yerayk berdinketaren gola sartu du, Muniainek kornerra egin ondotik. Gol horri esker, hauspotu egin dira Marcelinorenak. Nico Williams bigarrena egiteko zorian izan da, baina Oblak zaindariarekin egin du topo. Bigarrengoan, ordea, ez du barkatu aurrelari gazteak. 80. minutuan, aldaratze baten ostean, ezkerrez azpitik lehor-lehor eman dio baloiari, eta atezain esloveniarra gainditu du. Azken hamar minutuetan Athleticek indartsu eutsi dio Atletico Madrilen joaldiari. Gainera, Gimenezek txartel gorria ikusi du, Iñigo Martinezi sarrera itsutsia egin eta gero. Zuri-gorriak Superkopa bigarrenez jarraian irabazteko urrats bakarrera daude.

Atletico Madril: Oblak; Vrsaljko, Gimenez, Hermoso; Kondogbia (Rodrigo de Paul, 51.min); Llorente (Lodi, 46.min), Koke (Hector Herrera, 84.min), Lemar (Cunha, 84.min), Carrasco; Joao Felix eta Correa (Luis Suarez, 71.min).

Athletic: Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Balentziaga (Yuri, 75.min); Berenguer (Nico Williams, 70.min), Zarraga (Vesga, 70.min), Dani Garcia, Muniain; Sancet (Raul Garcia, 70.min) eta Iñaki Williams.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.