Albistea entzun

Australiak bertan behera utzi dio bisa Novak Djokovici, berriz

Tenislaria herrialdetik kanporatuko dutela esan du Immigrazio ministroak, eta, ziurrenera, ezingo du Australiako Irekia jokatu.

Djokovic, atzo, Australiako Irekirako entrenamendu saio batean Melbournen.
Djokovic, atzo, Australiako Irekirako entrenamendu saio batean Melbournen. DIEGO FEDELE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2022ko urtarrilak 14 07:35

Bigarren aldiz, Australian sartzeko bisa bertan behera utzi dio Canberrako gobernuak Novak Djokovic tenislariari.

Alex Hawke Immigrazio ministroak esan berri duenez, horretarako duen ahalmena erabili du kirolariari bisa ukatzeko, eta hura berehala deportatzeko.

«Migrazio Legearen 133C(3) atalak ematen didan boterea erabili dut Novack Djokovic jaunak duen bisa bertan behera uzteko osasunaren eta ordenaren izenean, interes publikoaren aldekoa delakoan». Koronabirusaren izurriaren harira mugak zaintzeko konpromisoa adierazi du ministroak.

Agindua betez gero, Djokovicek ezingo du jokatu Australiako Irekian. Astelehenean da hastekoa txapelketa. Djokovicek bederatzi aldiz irabazi du. Horrez gain, litekeena da tenislariari Australian sartzeko debekua hiru urtez luzatzea.

Aste hasieran sare sozialetan argitaraturiko mezu baten bitartez onartu behar izan zuen Australian sartzeko bisa eskatzeko inprimakian «akatsak» egin zituela, eta koronabirusarekin positibo eman arren ez zuela derrigorrezkoa den berrogeialdirik egin, eta gutxienez aurrez aurreko elkarrizketa bat eman zuela.

Urtarrilaren 6an, Australian sartzeko baimena ukatu zioten Melbourneko aireportuan, kirolariak ez zuelako koronabirusaren aurkako txertorik hartu. Teniseko gizonezkoen munduko sailkapeneko lehena deportatzea erabaki zuten, eta asilo eskatzaileentzat Melbournen daukaten hotel batean hertsirik eduki zuten astelehenera arte.

Astelehenean, tenislariaren bisa bertan behera uzteko erabakia atzera bota zuen Melbourneko epaile batek, eta libre aterako da kirolaria.

Baina azken erabakia Australiako Gobernuak zeukan. Djokovicek Instagramen mezu bat argitaratu behar izan zuen asteazkenean, azken orduetan zabalduriko salaketei aurre egiteko.

Bi gauza leporatu dizkiote jokalariari. Lehena abenduan Frantziako L'Equipe aldizkariko Franck Ramela kazetariarekin eginiko elkarrizketari dagokio. Djokovicek aitortu du abenduaren 16an PCR testa egin ziotela eta hurrengo egunean positibo zela esan ziotela. Halere, abenduaren 18an elkarrizketa eman zuela adierazi du, ez zuelako «kazetaria atsekabetu nahi». Kazetariak esan du Djokovicek maskara eraman zuela une oro, eta argazkia egiteko bakarrik kendu zuela. Edonola ere, tenislariak onartu egin du elkarrizketa egitea «okerra» izan zela, eta hobe zela bertan behera utzi izan balu.

Bigarren salaketak arazo handiagoak ekar diezazkioke Australiako agintarien aurrean. Izan ere, herrialdean sartzeko inprimakietan gezurra esatea egozten diote. Agiri horretan adierazi zuten Djokovicek ez zuela inora bidaiatu Australiara heldu aurreko 14 egunetan. Baina frogatu egin da Serbiatik Espainiara joan zela.

Tenislariak adierazi duenez, haren taldeak bete zuen inprimakia, eta haren agenteak barkamena eskatu du «akats administratibo» hori egiteagatik. «Giza akatsa izan zen, ez apropos eginikoa inondik inora». Australiako mugazainek, ordea, atzo esan zuten ikertzen ari zirela tenislariak «adierazpen faltsua» egin ote zuen. Hala egin zuela ondorioztatzen badute, tenislariari bisa ukatzeko arrazoi sendoa izango dute.

Kirolaria astelehenean libre uzteko, epaileak argudiatu zuen hari bisa kentzeko erabakiak ez zuela zentzurik, eta kirolariak ez zuela behar adina astirik eduki bere abokatuekin edo Australiako Irekiaren antolatzaileekin hitz egiteko.

Chris Tran estatuaren abokatuak esan zuen orduan bazitekeela Australiako Immigrazio ministroak tenislariaren bisa berriz bertan behera uztea. Izan ere, ministroak ahalmena du hori egiteko, eta epaileak ere aintzat hartu zuen eskumen hori. Epaileak ohartarazi zuenez, berriz bisa kentzea erabakiz gero, jokalariari hiru urterako debeka diezaiokete Australian sartzea.

Hainbat hedabidek zabaldu dituzte tenislariak mugazainekin edukitako elkarrizketaren transkripzioak. Horretan, Djokovicek aitortzen die ez dagoela txertaturik, baina azaltzen die bitan eman duela positibo COVID-19 gaitza eragiten duen birusean: 2020ko ekainean eta joan zen abenduan.

Australian sartzeko, derrigorrezkoa da txertoa. Edonola ere, salbuetsita daude hauek, besteak beste: gaitz larri bat daukatenak, horrek txertatzea galarazten badie; gehienez sei hilabete lehenago COVID-19 gaitza eduki dutenak; eta txertoaren kontrako erreakzio bat eduki dutenak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kopuruz antzera, baina soinean kolore berriak dituztela

Kopuruz antzera, baina soinean kolore berriak dituztela

Eñaut Agirrebengoa

Euskal Herriko 42 txirrindulari ariko dira aurten profesionaletan, horietatik hamabi World Tourrean. Movistar bilakatu da eliteko bilgune

«Movistarren, baldintza guztiak betetzen dira ongi eta gustura sentitu nadin»

«Movistarren, baldintza guztiak betetzen dira ongi eta gustura sentitu nadin»

Eñaut Agirrebengoa

Bi urtez Astanan aritu ondoren, denboraldi honetan Movistarren elastikoa jantziko du Aranburuk. Elitean urratsak egiten jarraitu nahi du, arreta klasikoetan jarrita. Printzipioz, ez da lehiatuko Euskal Herriko Itzulian.
Jesus Owono Alaveseko atezaina Afrika kopan ari da. ©BERRIA

Erakusleiho izan daiteke

Iñaki Berastegi

Ekuatore Gineako selekzioarekin, Afrika Kopa jokatzen ari da Jesus Owono atezaina, estreinakoz. «Ez dut alferrik galduko aukera hau». Multzoen fasea gaindituta, Maliren aurka jokatuko dute final-zortzirenetako kanporaketa, bihar.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.