Jokoak

Milaka erabiltzaile kateatuta dituen Wordle joko ezaguna euskaratu dute

Dagoeneko «joko biral» gisa izendatu dute zenbait komunikabidetan. Hasiera batean ingelesez soilik jolastu ahal zen. Talaios Kooperatibako kideek euskaratu dute.

Wordle jokoaren euskarazko bertsioaren irudi bat. BERRIA
Nagore Arin.
2022ko urtarrilaren 14a
12:36
Entzun

Bolo-bolo dabil sareetan. Wordle du izena, joko bat da, eta komunikabideetara ere heldu da bere oihartzuna. Titular askorekin laburbildu dute haren funtsa, baina guztiek nabarmendu dute gauza bera: sortu berritan izan duen arrakasta globala. «2022ko lehen joko birala». «Milaka erabiltzaile harrapatuta dituen joko birala». «Modan dagoen denbora-pasa». Horiek izan dira behin eta berriro errepikatu diren lerroburuak.

Baina, zer da Wordle? Hitzekin jolasteko joko bat da, pentsatzeko eta hizkuntzarekin kateatzeko joko bat. Gurutzegrama baten antza du formatuak, eta helburu jakin bat du: hitz bat asmatu behar da sei saialditan, eta horretarako hainbat pista ematen ditu. Lehen hitza jartzean, asmatu beharreko kontzeptuak hitz horretako zein hizki dituen zehazten du, hizki hori kolore batez nabarmenduta. Letra horiz nabarmentzen badu, esan nahi du hizki hori baduela, baina ez dagoela behar den tokian jarrita. Hizki hori berdez nabarmentzen badu, aldiz, esan nahi du hizki hori toki egokian jarrita dagoela. Beste hainbat hizki grisez nabarmenduko ditu, erabiltzaileari adierazteko asmatu behar den kontzeptuak ez dituela hizki horiek.

Orain, euskaraz ere bai

Hasiera batean ingelesezko hitzekin soilik jolastu ahal zen, baina denbora gutxian izan duen harrera ikusita, beste hainbat hizkuntzetan jolasteko moldatu dute. Urtarrilaren 6az geroztik, adibidez, gaztelerazko bertsio bat du jokoak. Hurrengo egunean, katalanezko bertsio bat ere jarri zuten erabilgarri, eta aste honetan galegoz ere jarri dute. Euskal Herrian ere izan da jokoaren arrakastaren berri izan duenik, eta euskaraz jolasteko aukera eskaini nahi izan die zaleei. Talaios Kooperatibako kideek euskaratu dute, eta erabiltzaileek pozez jaso dute jokoan euskaraz aritzeko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.