Athletic 0-2 Real Madril

Ez du hozka egin

Athleticek 0-2 galdu du Real Madrilen aurka Superkopako finala, Modricen eta Benzemaren golekin. Madrildarrak nagusi izan badira ere, Athleticek azken txanpan estutu du. Courtois atezainak penalti bat gelditu dio Raul Garciari.

Modric, Real Madrilen lehen gola ospatzen. STR / EFE
Iñaki Berastegi.
2022ko urtarrilaren 16a
21:34
Entzun

Athleticek ezin izan du Espainiako Superkopa laugarrenez irabazi. Riaden (Saudi Arabia) jokatu den finalean, Real Madril 0-2 nagusitu da. Hasieratik hobeto moldatu ziren zuriak atzoko neurketan, eta nagusitasuna markagailura eraman zuten Modricen eta Benzemaren golei esker. Partidaren gidoia aldatzen saiatu zen Marcelino Garcia entrenatzailea bigarren zatian egin dituen aldaketekin, eta, hein batean, lortu zuen, Athleticek partidaren azken zatian estutu zuelako. Edonola ere, lehoiak ezin izan zuen hozka egin, eta esku hutsik itzuliko da Euskal Herrira. Erasoan arrisku gehiago sortzea falta izan zitzaion Athletici, eta, hortaz, talde espainiarrak ez zuen gehiegi sufritu behar izan.

Nagusi izan zen Real Madril lehenengo zatian. Carlo Ancelottiren taldeak eroso jokatu zuen, eta baloi jabetzaren bitartez min egin zion Athletici. Ahalegindu ziren zuri-gorriak presio aurreratua egin eta kontraerasoan madrildarrak tokiz kanpo harrapatzen. Zuriek, ordea, defentsako lan bikaina egin zuten. Athletic ez zen eroso aritu, Marcelino Garcia Toralen taldeak korrika egiteko aukera gutxi izan zuelako. Hala, Karim Benzemak izan zuen neurketako lehen aukera ona, 20. minutuan. Ondoren, Casemirok beste bi ere izan zituen, baina Unai Simonek hiru geldiketa onekin erantzun zuen. Zernahi ere, lehen zatiko azken minutuan, Oihan Sancet berdinketaren gola egiteko zorian izan zen: nafarrak area barruan baloia jaso zuen, eta errematea ozta-ozta langatik gora joan zitzaion.

Ikusi gehiago: Horrela jarraitu du BERRIAk

Bigarren zati hasieran, lehengo lepotik burua. Presiotik ondo atera zen Ancelottiren taldea, eta eskuin hegaletik min egin zion talde bizkaitarrari. Ez hori bakarrik, saria ere berehala jaso zuen talde zuriak. Izan ere, VAR-aren laguntzarekin, Soto Gradok Yerayren penaltia adierazi zuen 51. minutuan: eskuan eman zion baloiak. Benzemak egin zuen-2koa (52.min).

Markagailuari buelta emateko asmoz, finalerdietako aldaketak errepikatu zituen Marcelinok, Nico Williams, Raul Garcia, Vesga eta Yuri zelairatuz. Horri esker, metro batzuk aurrera egin zituen talde zuri-gorriak. Alta, talde espainiarrak ondo kokatuta jarraitu zuen, eta kontraerasoan min egiten hasi zen. Minutuak aurrera joan ahala, joko zuzenagoa egiten hasi zen Athletic, Raul Garcia arean inguruan zebilela aprobetxatuz, eta nafarrak arriskua sortu zuen, baina ez zen nahikoa izan.

Partida aldatu egin zen, eta baloia aurrerago berreskuratzen hasi ziren zuri-gorriak. Markagailu zuen aldeari eusteko beharraz ohartuta, atzerago defendatu behar izan zuen Real Madrilek. Halako batean, Yuriren erdiraketa bikain bat buruz errematatu zuen Raul Garciak, eta baloiak Militaoren eskuan jo zuen. VAR-ean begiratuta, epaileak penaltia adierazi zuen, eta txartel gorria erakutsi zion atzelari brasildarrari. Alabaina, Thibaut Courtoisek Raul Garciari penaltia gelditu zion, eta ezerezean utzi zuen Athleticen azken minutuetako oldarraldia izan zitekeena. Hortik amaierara, gauza gutxi gertatu ziren, eta madrildarrek irabazi dute Espainiako Superkopa. Luka Modricek jaso du finaleko jokalaririk onenaren saria.

Athletic: Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo, Balenziaga; Dani Garcia, Zarraga, Berenguer (Nico Williams, 45'), Muniain; Sancet eta Iñaki Williams.

Real Madril: Courtois; Alaba, Militao, Mendy; Casemiro, Lucas Vazquez, Kroos, Modric; Rodrygo, Vini Jr. (Marcelo) eta Benzema.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.