Peña II.a - Albisu 22-13 Jaka - Mariezkurrena
Peña II.a eta Albisu gailendu dira Binakako Txapelketako bederatzigarren jardunaldian
Txapelketako laugarren garaipena erdietsi dute Peña II.ak eta Albisuk; hirugarrena dute segidan. Jaka eta Mariezkurrena ez dira fin aritu, huts franko egin dute, eta apenas izan duten lehiari eusteko aukerarik.

Aparteko zirrararik gabeko neurketa izan zen Gasteizko Ogeta pilotalekuan atzo jokatutakoa. Binakako Txapelketako bederatzigarren jardunaldiko azken partida izan zen iluntzean, eta Peña II.a eta Albisu aise gailendu zitzaizkien Jakari eta Mariezkurrenari. Markagailuak 22-13 zekarren norgehiagokaren amaieran; hala, laugarren puntua zakuratu dute Peña II.ak eta Albisuk, merezimendu osoz.
Jakak eta Mariezkurrenak eginiko akatsek baldintzatu zuten partida, batik bat. Hasieratik, aski makal izan ziren bi pilotari horiek, eta, hala, gorrien eta urdinen arteko aldea nabarmena izan zen kasik hasieratik. 10-1 izan ziren partidari ekin eta gutxira. Guztira, hamasei pilota galdu zituzten Jacak eta Mariezkurrenak. Ahaleginduta ere, beraz, ez zuten lortu markagailua iraultzea.
Kontuak kontu, Peña II.ak eta Albisuk txapelketako laugarren garaipena dute atzokoa; hain justu, hirugarrenez irabazi dute segidan. Seigarren dira ligaxkako sailkapenean. Hain justu, horien atzetik dira Jaka eta Marizkurrena, hiru garaipen lortuta.
Binakako Txapelketako partidaren aurretik, Oinatz Bengoetxeak Ogeta pilotalekuan jokatu duen azken partida irabazi zuen. Amaieran, agur ekitaldi bat egin zuten, eta Bengoetxea VI.ak esan zuen pilotaleku hori beti «gogorra» izan dela.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.