Bizkaia dorrean 30 enpresa handik izango dute bulegoa

Aldundiaren BAT B Accelerator Tower ekintzailetza zentroan arituko dira, eta, horretarako, beste lau solairu alokatu ditu. PwC aholkularitzak kudeatuko du.

Bilboko zabalgunean kokatuta dagoen Bizkaia dorrea, BBVAren egoitza izandakoa. JUANAN RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 17a
17:38
Entzun

30 enpresa handik bulegoak irekiko dituzte Bilboko Bizkaia dorrean, BBVA bankuaren egoitza izandakoan, Bizkaiko Foru Aldundiak sortuko duen ekintzailetza zentroan. 2018an, Bizkaiko Foru Aldundiak bere ofizina batzuk jarri zituen han. Iazko maiatzean, Primark Irlandako arropa konpainiak denda bat ireki zuen eraikinaren azpialdean. Eta zazpi hilabete barru, BAT B Accelerator Tower ekintzailetza zentroa jarriko dute martxan.

2018tik, eraikina Angelo Gordon inbertsio funtsaren eskuetan dago, baina saltzeko asmoa agertu du, zituen helburuak ez baititu lortu. Primarkekin batera, foru aldundia da maizter nagusia edo ia bakarra; eraikineko beste lau solairu hartuko ditu orain, ekintzailetza zentroa sortzeko. Astelehen honetan aurkeztu dute proiektua. Aldundiaren nahia da izaera teknologikoa duten enpresa berriak (start up-ak) «sortzeko eta bizkortzeko» gunea izatea BAT.

PwC aholkularitzak kudeatuko du, Talent Gardenekin eta Impact Hubekin batera. Eta enpresa hauek irekiko dituzte bulegoak: energiaren arloan, Iberdrola, Petronor, Repsol, Nortegas, Elecnor, Ormazabal eta Arteche; Kutxabank, BBVA, Santander, Laboral Kutxa, Caixabank eta Sabadell bankuak; eta industriaren eta azpiegituren sektoreetan, CAF, Mondragon, Kapsch, Tubacex, Viuda de Sanz, eta Altuna y Uria, besteak beste. Inbertsio agenteak ere izango dira eraikinean: Blackshiip, White Summit, Easo Ventures, Talde eta Artizarra konpainiak, esaterako.

Aurkezpen ekitaldian, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan du Bizkaiko hiriburua «ideia handiak eta apurtzaileak gertatzen diren aukera hiri bat» dela. Estibaliz Hernaez Eusko Jaurlaritzako Teknologiako sailburuordeak adierazi du ekintzailetza zentro berria baliagarria izango dela «talentuaren tokiko harrobia» sortzeko eta kanpoko kapitala erakartzeko. Horri begira, Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak Bizkaiko «egonkortasun politikoa» eta fiskalitate propioa nabarmendu ditu.

EH Bilduk «propaganda ekitalditzat» jo du zentroaren aurkezpena. Gogoratu du hainbat arazo izan direla proiektuaren lizitazioan eta salatu du hori ez dela argi azaldu eta ez dela zehaztu han egongo diren enpresak zer baldintzatan arituko diren. Orain arte proiektuak 11,5 milioi euroko gainkostua izan duela salatu du Jone Goirizelaia zinegotziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.