Albistea entzun

BBVA dorreko maizter handiena bihurtuko da Bizkaiko Foru Aldundia

Ekintzailetza sustatzeko zentro berri bat martxan jarri eta zerbitzuak bilduko ditu eraikinean, alokairua ordainduta. Bizkaian BGAE bat eratzeko eskatu du Unai Rementeriak, «Gipuzkoan bezala»
BBVA bankuak Bilboko erdigunean duen eraikina.
BBVA bankuak Bilboko erdigunean duen eraikina. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ivan Santamaria -

2018ko irailak 25

BBVA bankuak Bilboko hirigunean duen dorre hutsa bete du kolpe batez. Jakina zen Primark Irlandako arropa konpainiak denda irekiko duela eraikinaren azpialdean, eta Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du eraikinean libre geratuko den gainerako espazio guztia hartuko duela, trukean alokairua ordainduta. Izena ere aldatuko diote: Bizkaia Dorrea izango da aurrerantzean.

Bi erabilera aurreikusi ditu foru gobernuak gune berri horretan. Nagusia, nazioarteko ekintzailetza zentro berri bat izango da. Dorrearen «bihotzean» jarriko dute azpiegitura, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzetan. Eraikineko beste solairuetan aldundiko zerbitzuen parte bat bateratzeko asmoa du.

Iragarpena atzo egin zuen Rementeriak, herrialdeko politika orokorrari buruzko eztabaidan. Tankera horretako hirugarren eta azken osoko bilkura izan da Rementeriaren agintaldian, heldu den urtean foru hauteskundeak egingo baitira.

Ahaldun nagusiaren arabera, «eraldatzailea» izango da ekintzailetza sustatzeko proiektua. «Ez da bulego bat zabaltzea, ingelesez kartel bat ipintzea eta jendea sartu arte itxarotea. Askoz konplexuagoa da, handizaleagoa», ziurtatu zuen. Enpresa berriak sortzeko eta berrikuntzarako «ekosistema» bat abiatuko dela aurreratu zuen, «lurraldeen beharrekin eta, aldi berean, munduarekin konektatuta».

Bilboko Udalarekin elkarlanean ari dira egitasmoa aurrera ateratzeko, eta datorren hilabeterako espero dute lankidetza akordioa sinatzea. Erakundeek ez dute zentroa zuzenean kudeatuko. Horren ordez, ideia da heldu den urteko urtarrilean lehiaketa batera deitzea, zentroa dinamizatuko duen eragile bat kontratatzeko. «Umilak eta praktikoak izan behar dugu. Ez dakigu dena. Hau egingo duen erakunde aditu eta esperientziadun baten laguntza behar dugu», justifikatu zuen ahaldunak.

Aldundiak ez du zehaztu nolako zerbitzu publikoak eraman nahi dituen Bizkaia Dorrera. Rementeriak azaldu zuen «eraginkorragoak» izatea eta herritarrei zerbitzu hobea ematea dela arrazoia. Alokairua pagatzen hasiko dira, baina eraikinaren parte hori erosteko aukera jasoko du kontratuak. Urteak daramatza BBVAk Plaza Biribileko eraikina saltzeko asmoz. Aurten berriro atera du merkatura. Aurreko saiakera 2011. urtean izan zen. Zenbait hedabidek publikatu dute bankuak ehun milioi baino gehiago eskatu izan dituela jabetza eskualdatzearen truke.

BGAE bat Bizkairako

Foru erakundeen eskumenen artean ez badago ere, Rementeriak pentsioen inguruko eztabaidari heldu zion, eta, duela zenbait aste egin zuen bezala, berriro ere defendatu zuen BGAE borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakunde bat sortzea herrialdean, pentsio publikoen ordaina osatzeko. «Pentsio publikoak osatu behar ditugu Europako gainerako herrialde guztietan edo Gipuzkoan egiten den bezala», zehaztu zuen.

Geroa bezalako BGAE bat martxan jartzeko eskatu zuen, Bizkairako. Geroa 1996. sortu zen Gipuzkoan, patronalaren eta sindikatu guztien akordio baten bidez. Enpleguko BGAE bat da. Hots, bertan sartzen den dirua ezin da erreskatatu erretiroa hartu arte, bankuek eskaintzen dituzten planekin gertatzen den bezala. Metalgintzako itunean ezarri zen lehenbizikoz, baina ostera beste sektore eta enpresa hitzarmenetara hedatu da. Krisiak ekarpenean eragin du, ordea. Joan den urtean soilik hamar bazkidetik lauk sartu zuten dirua Geroan.

Ordain publikoa «osatzeko, ez ordezkatzeko» ekarpenak liratekeela argudiatu zuen Rementeriak, baina horrek ez zituen arindu oposizioko alderdien kritikak. EH Bilduko Arantza Urkaregik protestan ari diren pentsiodunak «nahastea» leporatu zion ahaldun nagusiari. EAJren gobernu bazkideak berak, PSE-EEk, ez zuen eskaera babestu. Ekain Rico batzarkide sozialistaren aburuz, «benetako beharra» sistema publikoa bermatzea da.

Rementeriak foru gobernuaren ekinbidea defendatu zuen gizarte alorrean, berriz. «Gobernu soziala gara. Esango nuke ez dagoela inor ezkerretik gu aurreratzeko gauza denik», ziurtatu zuen. Aurrera begirako erronka nagusien artean, populazioaren zahartzea nabarmendu zuen lehentasun modura.

Zahartze prozesu hori «aukera» bihurtu nahi du ahaldun nagusiak. Horretarako, Nagusi Intelligence Center delakoa bultzatuko du foru gobernuak. Adinekoen beharrei erantzuteko berrikuntza eta ikerkuntza garatuko ditu azpiegiura horrek. Bost urtean 20 milioiko inbertsioa egingo dutela agindu du Rementeriak ideia aurrera eramateko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Anbulantzia geldirik, igandean istripua izandako Lantziegoko upategi txikiaren aurrean. ©RAQUEL MANZANARES / EFE

Azken hiru urteetan lau pertsona hil dira itota Arabako upategietan

Imanol Magro Eizmendi

Igandeko Eltziegoko istripuan pozoitu zen hirugarren pertsona ondo dago. Anbulantziak iristeko ordubete behar izan zuela salatu dute. 2020an antzeko kasu bat egon zen Lapuebla de Labarcan

Volkswagenek ekoitzitako autoak, lantoki aurreko aparkalekuan ©VW Nafarroa

Absentismoa, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetu behar direla dio VWek

Joxerra Senar

Hurrengo lan itunaren negoziazioan, urriaren 19ra bitarte beste sei bilera egitea proposatu du.

Lanbide indartzea nahi duela dio EH Bilduk. Irudian, Lanbideren bulego bat, Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

EH Bilduren ustez, Lanbide indartzea izan behar da Enplegu Legearen xedea

Irune Lasa

Koalizioak 50 zuzenketa aurkeztu dizkio lege proiektuari. Enplegu politika pasiboen faltan, legea mugatua izango dela dio. Lanbide zuzenbide publikoko erakunde publiko bihurtzearen kontra dago EH Bildu.

Rosarito eta Marian Ibaeta, erdiko biak, dendaren atarian. / ©Endika Portillo, Foku

Betikoek itxi dute atea, betiko

Jone Arruabarrena, Gipuzkoako Hitza

Merkataritza txikia indarra galtzen ari da; horren erakusgarri da azkenaldian pertsianak betiko jaitsi dituzten denda txikien ugaritzea. Fenomeno horren beste aldean dago frankizien eta saltoki handien etengabeko ugaritzea, hori guztia globalizazioarekin lotuta. Gipuzkoan ere nabarmena da aldaketa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.