Zinema

Claire Denis, Hong Sang-soo, Isaki Lacuesta eta Carla Simon, Urrezko Hartza eskuratzeko lehian

Berlinalen, besteak beste, Mitra Farahani, Lucrecia Martel, Ulrich Seidl eta Peter Strickland zinemagileen lan berriak erakutsiko dituzte.

Carla Simonen 'Alcarràs' filma. BERLINALE
Andoni Imaz.
2022ko urtarrilaren 19a
13:28
Entzun

Otsailaren 10etik 20ra bitarte egingo dute Berlingo 72. Zinemaldia, aurrez aurre, iazko jaialdi ezohikoaren ondoren, baina neurri murriztaile zorrotzak hartuta. Aretoak erdiraino beteko dituzte gehienez, eta ikusleek, sartu ahal izateko, koronabirusa atzemateko test bat egin beharko dute egunean bertan, txertatze edo osatze agiria erakusteaz gain. Joan den astean adierazi zuten François Ozonen Peter von Kant filmak inauguratuko duela zinemaldia, Rainer Werner Fassbinderren Die bitteren tränen der Petra von Kant (1972) filmaren interpretazio libre batek; hura ere Urrezko Hartza irabazteko lehian izan zen orain mende erdi.

Gaur eman dute, ordea, jaialdiko sail guztiak osatuko dituzten filmen berri. Hemezortzi filmek parte hartuko dute Sail Ofizialean. «Istorioen erdiak baino gehiago gaur egun gertatzen diren arren, bi bakarrik girotu dituzte egungo garai pandemikoetan. Giza harremanen hariak lotzen ditu filmak, eta erdiek familiaren testuingurua aukeratu dute horretarako», azaldu du Carlo Chatrian zuzendari artistikoak. M. Night Shyamalan zinemagilea izango da epaimahaiburua, eta aurrerago esango dute zein gehiago ariko den epaile.

Ozonen filmaz gain, hauek ariko dira urrezko eta zilarrezko hartzen lehian: Nicolette Krebitzen AEIOU - Das schnelle alphabet der liebe, Carla Simonen Alcarràs, Claire Denisen Avec amour et acharnement, Ulrich Seidlen Rimini, Phyllis Nagyren Call Jane, Michael Kochen Drii winter, Rithy Panhren Everything Will Be OK, Ursula Meierren La ligne, Paolo Tavianiren Leonora addio, Mikhael Hersen Les passagers de la nuit, Kamila Andiniren Nana, Andreas Dresenen Rabiye Kurnaz gegen George W. Bush, Natalia Lopez Gallardoren Robe of Gems, Hong Sang-sooren So-seol-ga-ui yeong-hwa (The Novelist's Film), Isaki Lacuestaren Un año, una noche, Denis Coteren Un été comme ça eta Li Ruijunen Yin Ru Chen Yan (Return to Dust).

Sail Ofizialetik kanpo, besteak beste, Gaston Solnickiren A Little Love Package, Mitra Farahaniren À vendredi, Robinson, Bertrand Bonelloren Coma, Peter Stricklanden Flux Gourmet eta Ashley McKenzieren Queens of the Qing Dynasty filmak emango dituzte Encounters sailean, zinemaren «ikuspegi berriak» eta proposamenik arriskatuenak jasotzen dituen gunean.

Forma askotarikotako film esperimentalak biltzen dituen Berlinale Forum sailean egongo dira, besteak beste, Dane Komljenen Afterwater, Zheng Lu Xinyuanen Jet Lag, Jorge Jacomeren Super Natural, Rita Azevedo Gomesen O trio em mi bemol eta James Benningen The United States of America.

Berlinale Special sailean emango dituzte, besteak beste, Lucrecia Martelen Terminal norte dokumental laburra eta Andrew Dominiken This Much I Know to Be True dokumentala, Nick Cave eta Warren Ellisi buruzkoa.

Isabelle Huppert aktoreari emango diote Ohorezko Urrezko Hartza, eta hark egindako zazpi film pantailaratuko dituzte jaialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.