Lan gatazkak

Guggenheimeko garbitzaileek babesa eskatu diete hura diruz hornitzen duten erakunde publikoei

223 egun daramatzate greban, eta Jaurlaritzak esku hartzea erabaki du, baina, oraingoz, artekari moduan bakarrik

Guggenheimeko garbitzaileek Bilbon egin duten manifestazioa. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urtarrilaren 19a
13:49
Entzun

Greban dauden Guggenheimeko garbitzaileek museoa diruz babesten duten erakundeak deitu dituzte haien baldintzak hobetzearen alde egitera. Jaurlaritzako Enplegu Saila auzian artekari izateko prest agertu da, eta garbitzaileek onartu egin dute; ikusteko dago zer erantzuten duen Ferrovial garbiketa azpikontrata daraman enpresak. Langileek ilusioz hartu dute eskaintza, 223 greba egunen ondoren negoziazioa «blokeatuta» ikusten dutelako. Halaber museoaren jarrera salatu dute: «Ez du erantzukizuna hartu nahi izan, eta garbitzaileak modu klasista batean tratatu ditu».

Zortzi hilabete dira Guggenheim museoko garbitzaileen gehiengoak grebara jo zuela, bere lan baldintzak hobetzeko. Jasaten duten prekaritatea eta kale garbitzaileekiko dagoen aldea salatu dute. Gehienak emakumeak dira; kale garbiketan, aldiz, gizonezkoak, eta sexu arrakala ageriko dela uste dute: «Aurtengo KPIaren igoerarekin, bi lanen soldaten artean 10.000 euroren aldea dago», azaldu du Maite Leizegi ELA sindikatuko ordezkariak. Garbitzaileak eta Ferrovial hainbatetan bildu dira, eta, Leizegiren arabera, multinazionalak esan du ezin dituela eskaerak bete, museoak ordaintzen duenarekin ezin duela «irabazi tartea» mantendu.

Ferrovialekin bide gutxi egin dutela ikusita, eta museoak ere atea itxi dienez, hura diruz hornitzen dutenengana jo dute garbitzaileek. Museoaren agintaritza patronatu bat da, eta patronatukideen artean daude, besteak beste, Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia eta Bilboko Udala. Eta zenbat jartzen dute? Bada, 2020n 11 milioi euroko ekarpena egin zioten museoari, eta, ELAren informazioen arabera, aurten bikoiztu egingo dute, museoaren 25. urteurrenaren harira. «Dirutza publikoa da prekarizatzen duen museo batentzat», azaldu du Leizegik. Haiei deia egiteko manifestazio bat egin dute aldundiak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzatik Guggenheimeraino.

Garbitzaileek ez dute ukatzen gatazka luze egiten ari zaiela, eta nekea sumatzen dute, baina ez daude amore emateko. Carmen Casas da haietako bat: «Inork ez digu kasurik egin orain arte, baina animoz gaude. Nekagarria da greba, luze eta astiro doa, baina ez dugu atzera egingo eskaeretan». Grebalariak azaldu duenez, museoaren eta erakundeek albo batera utzi izanak egin die minik handiena: «Museoak eskuak garbitu ditu, eta Ferrovialek dio kontratua sinatuta dagoela, eta gu tartean gaude».

Jaurlaritzaren artekariak martxan dauden negoziazio batzuk aurkituko diru. Garbitzaileek jada apaldu dituzte beren eskaerak; urtean 23.800 euro eskatzen zituzten lehen, eta 21.500 eskatzen dituzte orain. Hor ezarri dute «marra gorria». Ferrovialek, aldiz, asko jota 19.000 eskaini ditu, eta plusen bitartez, hots, kopuru horiek soldata oinarrian sartu gabe. Langileak, baina, ez daude onartzeko prest. Beste eskaintza bat egin diote Ferroviali, egun Guggenheimekin duen kontratua haustea, eta beste bat negoziatzea, baldintza berriekin, baina enpresak ez du onartu. Langile gehienek hamar urte baino gehiago daramate museoan, eta asko 60 urteren bueltan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.