Reala 2-0 Atletico Madril

Realak nagusitasunez gainditu du Atletico Madril, eta aurrera egin du Espainiako Kopan

Txuri-urdinek bi eta huts irabazi dute, eta final-laurdenetarako sailkatu dira. Etxekoak hobeto aritu dira partidan, eta sufritu gabe gainditu dituzte kontrarioak.

Realeko jokalariak, txuri-urdinen bigarren gola ospatzen. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urtarrilaren 19a
22:53
Entzun

Realak estutasunik gabe gainditu du Atletico Madril, eta Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatu da. Txuri-urdinek nagusitasunez azpiratu dute ustez kanporaketa gailentzeko hautagai nagusia zen taldea, eta garaikurraren lehian egon nahi duela berretsi du, norgehiagoka on askoa jokatuta. Bi eta huts irabazi du Anoetan, eta sufritu gabe egin du, 28.111 realzaleren aurrean.

San Sebastian egunaren bezpera izateak eta partidaren garrantziak jai giroa piztu duten eran —Donostiako Orfeoia kantuan aritu da partida hasi aurretik—, Atleticoren ailegaeran jazotakoek lardastu egin dute atarikoa. Zelaian, berriz, kirol lehiak berotuta abiatu da partida, eta grinatsu ekin dio Realak. Lehen minututik izan du Atletico Madril apaltzeko asmoa, eta, xede horrekin, erasora jo du neurketa hasi orduko. Laugarren minuturako eduki du lehendabiziko gol aukera, baina Aritz Elustondoren errematea kanpora joan da. Ordurako, neurketaren gidaritza hartua zuten Imanol Alguacilen jokalariek, eta behin eta berriz jo dute bisitarien atera.

Seigarren minutuan erremate bikoitza egin du Adnan Januzajek, eta bigarren saialdian zutoinean jo du baloiak, gainera. Belgikarrak bizi ekin dio neurketari, kalitate handiko jokaldiak egin ditu gero, eta taldeak nahiz zaleek eskertu egin dute hori. Hark sortu ditu arriskuko zenbait abagune, eta harmailetatik Realean geratzeko eskatu diote.

Atletico azeri bizkorren taldea da, ordea, eta tarterik txikiena uztean izugarrizko mina egin dezake. Espainiarrek 14. minutuan egin dute erasoko lehen saialdia, eta baloiak, orduan ere, zutoina jo du. Gainera, Diego Pablo Simeoneren jokalariek gogortasuna erantsi diote partidari. Bero iragan da lehendabiziko zatia.

Minutuetak aurrera lehiak orekatzera egin badu ere, Realaren tantakako aukerek agerian utzi dute etxekoen nagusitasuna. Atletico Madrilek falta eginda geratu ditu etxekoak. Harik eta Adnan Januzajek gola sartu duen arte. Lehen zatiko 32. minutuan aurretik jarri ditu txuri-urdinak; David Silvak eskuin hegalera jokatu du, Joseba Zalduarekin, eta donostiarraren erdiraketa buruz errematatu du Januzajek. Segundo batzuetako duda-mudaren ondoren, Alberola Rojas epaileak baleko eman du gola, baloiak ateko marra gainditu duela iritzita. Festa lehertu da Anoetan.
Hurrengo minutuetan ere lehengotik segi du lehiak. Bi taldeek saialdi batzuk egin dituzte, eta Atletico Madrilek eduki du neurketa berdintzeko aukera, baina zutoinak ekidin zuen hori, beste behin.

Itzuli orduko, bigarrena

Realak nagusitasunez amaitu du lehen zatia, eta gisa berera ekin dio bigarrenari. Atsedenalditik itzuli orduko bigarren gola sartu dute etxekoek. Felipe Augustok akats handia egin du atzeko lerroan, eta Mikel Oiartzabalek baloia ostu dio. Alex Sorlothek jaso du, eta norvegiarrak oztoporik gabe egin du atera. Erraz egin zuen patxada lortzeko gola; markagailuan bi goleko errenta eskuratuta, neurketak itxura bikaina hartu du Realarentzat.

Aurrerago, etxeko taldeak asmatu egin du joera horri segida ematen, eta hirugarren gola sartzeko zenbait aukera eduki dituzte, zaleek hauspotuta. Realekoek behin eta berriz egin dute atera, eta Atletico Madrilek gerturatzea lortu duen aldi bakanetan ez du arrisku gehiegirik sortu, eta Realak arazorik gabe lortu du kanporaketa gainditzea. Zaleek Txoriak txori eta San Sebastian martxa abestuz ospatu dute.

Neurketaren aurretik, istiluak

Realaren eta Atletico Madrilen arteko kanporaketa jokatu baino lehen zenbait istilu izan dira Anoetako kanpoaldean. Atletico Madrilen autobusetako beirak kaltetu egin dituzte, eta Ertzaintzak esku hartu du. Halaber, poliziaren iturriek jakinarazi dutenez, bisitarien taldeko zale bat zauritua izan da, eta Amarako osasun zentroan artatu behar izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.