Athletic 3-2 Bartzelona

Athletic Kopako final-laurdenetara, luzapenean

Zuri-gorriek partida bikaina egin dute, eta luzapenaren lehen zatia amaitzear zela sartu du Iker Muniainek gol erabakigarria, penaltiz.

ainara arratibel gascon
2022ko urtarrilaren 21a
00:06
Entzun

Beste gau gogoangarri bat San Mamesen, eta Athletic Espainiako Kopako final-laurdenetan dago, Bartzelona kanpoan utzi ostean (3-2). Zuri-gorriek kanporaketak gainditzerakoan espezialistak direla erakutsi dute azken denboraldietan, eta beste behin berretsi dute. Merezimendu osoz egin du aurrera Athleticek, oso partida ona jokatu baitu. Baina, ohikoa duen moduan, sufrituta egin du. Duela bi urte Iñaki Williamsek azken unean lortutako gol bati esker, Herrialde Katalanetako taldea kanporatu, eta Kopako finalerdietarako sailkatu zen Athletic. Oraingo honetan, Iker Muniainek luzapenaren lehen zatia amaitzear zela penaltiz sartutako gol bati esker sailkatu da final-laurdenetarako. Orain, hiru partidara du beste final bat jokatzea.

Iragarri bezala, Marcelino Garcia Toralek hainbat aldaketa egin ditu hamaikakoan, Superkopako finalarekin alderatuta. Atean, Agirrezabala aritu da, denboraldi honetan Espainiako Kopan egin duen moduan. Bestalde, Vivianek, Yurik, Sancetek eta Nico Williamsek hasieratik jokatzeko abagunea izan dute. Aulkian geratu dira, berriz, Iñaki Williams eta Alex Berenguer, besteak beste.

Partida ezin hobeto hasi da talde zuri-gorrientzat, bigarren minutuan gol bat sartu baitute. Nico Williamesek, bere abiadura baliatuz, erraz utzi du atzean Jordi Alba, eta Muniainek ederki baliatu du atzeraka egindako pasea Athletic aurretik jartzeko. Ikusgarria izan dakapitainaren gola: area ertzetik gurpil bikaina eman, eta baloia sareetara joan da.

Gau handietan bezala, San Mamesek ederki estutu du, eta olatuan eraman du taldea. Partidaren lehen txanpa horretan, Athleticek abiadura bizian jokatu du, Bartzelonaren baloi irteera itoz, eta hegaletatik arrisku handia sortuz. Williams anaietan gazteena amesgaiztoa izan da. Zuri-gorriak hasieratik joan dira partidaren bila. Bartzelonari ez zitzaion erritmo hori komeni, eta saiatu da baloi jabetza luzeagoen bidez neurketa apur bat lasaitzen, eta lortu du. Zaila zen Athleticek erritmo horri eustea. Baina nagusi zen. Orduan iritsi da, ordea, Bartzelonaren gola. Ferran Torrresek sartu du. Muniainenaren antzera, ikusgarria izan da neguko merkatuan Manchester Citytik ekarritako aurrelariaren gola. Kasu honetan ere baloiari gurpilez jo dio, eta Agirrezabalak ezin izan du ezer egin. 20. minutua zen.

Gol bat jaso ondorengo minutuak zailak izaten dira batzuetan. Ez da hala izan, kasu honetan. Athleticek goian estutzen jarraitu du. Berriz ere Nico Williams izan da arrisku handien sortu duena. Haren erdiraketa bat buruz errematatu du Muniainek, eta gutxigatik joan da baloia kanpora. Williamsek berak bizi utzi ditu atzean Bartzelonako atzelariak, eta gelditu bikaina egin dio Ter Stegenek. Gainera, lehen zatia amaitzear zela, korner batean, golaren arrastoan atera du Raul Garciaren burukada atezain alemaniarrak. Athleticek estutu duenaren erakusgarri, azken minutuan hiru korner atera ditu. Merezi zuten zuri-gorriek aurretik joatea atsedenaldira. Baina berdinketarekin egin dute.

Erritmo gutxiago

Hotzago hasi da bigarren zatia, erritmo gutxiagorekin. Berriro ere Bartzelona jokaldi luzeagoak egiten ahalegindu da, eta Nico Williamsen abiadura geratzeko, Xavi Hernandezek Araujo jarri du Albari laguntzen. Athletic saiatu da lehen zatiko bidetik jarraitzen, baina gehiago kostatu zaio jokaldiak amaitzea. Dena den, aukerarik garbiena Iñaki Williamsek izan du bigarren zati honetan. Baina lehen zutoinean kanpora bidali du errematea, Nico anaiaren erdiraketa baten ostean. 62. minutua zen. Hurrengo minutuak oso parekatuak izan dira. Athletic nagusi zen, baina Bartzelonak argitasun handiagoa zuen erasoan De Jong eta NIcori esker.

84. minutuan gertu izan du gola Atheticek. Iñaki Williamsen erdiraketa bat pozoitu egin da, eta langan jo du. Hurrengo jokaldian, baina, zuri-gorrien bigarren gola iritsi da. Iñigo Martinezek sartu du, 85. minutuan. Muniainek egin du erdiraketa, bigarren zutoinean buruz eman dio Berengurrek, eta gol arrastoan errematatu du Iñigok Martinezek. Athleticek eskura zuen sailkapena, merezita, gainera. Baina jokaldi bakan batean, Pedrik gola sartu du 93. minutuan, eta partida luzapenera joan da.

Luzapenean berriro ere Athleticena izan da ekimena, eta lehen zatiaren ia amaieran iritsi da penaltia. Jordi Albak eskuarekin jo du baloia, eta, VARean begiratu ostean, penaltia adierazi du epaileak. Muniainek gola sartu du. Luzapenaren bigarren zatian, Athleticek ondo eutsi dio, eta, horri esker, final-laurdenetan dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.