Albistea entzun

Enplegua

Langabezia pandemia aurreko mailatik gertu dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Ekonomiaren supertzeak eragin du pertsona gehiago lan bila hastea. Iazko azken hiruhilekoan pixka bat okertu ziren datuak, COVID-19aren aldaerek eragindako murrizketengatik.

Lanbideren bulego bat, Donostian
Lanbideren bulego bat, Donostian Juan Carlos Ruiz (Foku) Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2022ko urtarrilak 21

Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak baino hobeak izan dira Eustaten Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) izeneko inkestako datuak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %9,9ko langabezia tasarekin amaitu zuten 2021. urtea, eta Jaurlaritzak % 10,3ko helburua jarri zuen. Langabezia puntu eta erdi jaitsi da urtebetean, baina pandemia aurrekotik gora jarraitzen du oraindik ere, gerturatu arren; 2019aren amaieran % 9,5ekoa zen.

Dena den, urte osoan agertutako beheranzko joera eten egin da 2021eko azken hiruhilekoan, eta puntu bat igo da udako kopuruekin alderatuz gero. Litekeena da COVID-19aren aldaerek jarduera batzuetan (ostalaritzan bereziki) eragin dituzten murrizketek zerikusia izatea horrekin.

Kopuru osoetan, 14.900 langabe gutxiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 104.700 daude guztira. Lurraldeka, Arabako langabezia tasa %9,5ekoa da; Bizkaikoa, %11,3koa, eta Gipuzkoakoa, %7,9koa. 2020tik 2021era 0,6 puntu jaitsi da Araban; 1,3 Bizkaian, eta 1,5 Gipuzkoan.

Sexuaren arabera, gizonezkoen langabezia tasa %9,5ekoa da, eta emakumeen artean, %10,4koa. 2021ean bereziki gizonezkoan artean jaitsi da langabezia, 2 puntu. Jaitsiera apalagoa izan da emakumeen artean, 0,4 puntu. Iazko azken lauhilekoan izandako langabezia hazkundeak eragin handiagoa izan zuen andreen artean: udatik udazkenera, 8.000 gehiago zenbatu ziren (+% 17,9); eta gizonen artean 3.900 gehiago izan ziren (+% 8,1).

Adinak behera egin ahala, igo egiten da langabe kopurua. 45 urtetik gorakoen artean %7,6 daude lanik gabe, eta %11,5 dira 25-44 urte bitartekoen artean. 16 eta 24 urte bitartekoetan, berriz, %21,3ra iristen da langabezia tasa. Urte batetik bestera adin tarte guztietan jaitsi da langabeen kopurua, antzeko proportzioetan.

Eustaten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 37.900 etxetan bizi diren pertsona guztiak langabezian daude; hamar etxebizitzatik seitan dauden guztiak lanposturen bat dute.

Lan egiteko prest

Langabeziak behera egitearekin batera gora egin du pertsona okupatuen kopuruak: iaz baino 17.800 gehiago daude, eta 951.400 dira orotara. 2021ean etengabea izan da hazkundea okupazio tasan, baina laugarren hiruhilekoan behera egin du apur bat. Udatik udazkenera, okupazioak behera egin du industrian (3.100 okupatu gutxiago dira, –% 1,5) eta zerbitzuetan (1.100 gutxiago, –% 0,2), baina gora eraikuntzan (1.900 gehiago, +% 3,5). Lehen sektorean ez da gorabeherarik izan.

Eustaten datuek erakusten dute urteak aurrera egin ahala lan merkatua suspertuz joan dela, eta, horrekin batera, enplegu bat lortzeko itxaropenak handitu egin direla lanik gabe zeudenen artean. Hala islatzen dute biztanleria aktiboaren datuek. Lan egiteko prestasuna duten pertsonen kopuruak gora egin du azken lau hilekoan: beste 12.000 pertsonak eman dute izena lan bulegoetan. Dena den, Eustaten arabera, hiru langabetik bat ez dago erregistratuta Lanbideren bulegoetan.

Landunen %82 soldatapekoak dira; 2020ko azken hiruhilekotik ugaritu egin dira aldi baterako kontratua dutenak (+9.600), eta baita kontratu mugagabea dutenak ere (+12.100).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Urkullu lehendakaria Zedarriak foroko kideekin, gaur egindako bileran ©Raul Bogajo (Foku)

Urkulluk Zedarriak-en txostenaren «erabilera politikoa» salatu du

Jokin Sagarzazu

Adierazi du alderdi politikoak eta komunikabideak dokumentua erabiltzen ari direla Jaurlaritzaren «izen ona» zikintzeko. Lehendakaria foroko ordezkariekin bildu da, harremanak normalizatzeko.

Gazpromen egoitza bat, San Petersburgon. ©ANATOLY MALTSEV / Efe

Errusiak moztu egingo dio gasa Finlandiari

Iker Aranburu

Errublotan ordaintzeari muzin egin dio Gasum konpainiak, Moskuk hala eskatu arren.

Iñaki Nubla Konfekoopeko zuzendaria eta Rosa Lavin presidentea. ©Marisol Ramirez / FOKU

Konfekoop: «Ulertezina da kooperatibak Lanbiden ez egotea; lan mundua aldatzen ari da»

Imanol Magro Eizmendi

Kooperatiben konfederazioen ustez, Lan Sailak ez du erabateko borondatea haiek Lanbideren administrazio kontseiluan sar daitezen. Iaz beste 91 kooperatiba sartu ziren elkartean.

Turistak Donostia Haizearen Orrazian, Aste Santuan. ©Jon Urbe / Foku

Pandemia aurreko Aste Santuan baino turista gehiago izan dira

Iker Aranburu

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan 288.487 bezero izan zituzten apirilean, iaz halako hiru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...