Eli Bizkarralegorra

«Orain arte ez naiz konturatu zer galdu dudan»

Aititak eta amamak martxan jarritako Abadiñoko Bizkarra jatetxean (1924) ibili da Bizkarralegorra 14 urte zituenetik. Erretiroa hartzean konturatu da bizitza osoa eskaini diola familiako negozioari.

Ibai Maruri Bilbao.
2022ko urtarrilaren 21a
13:51
Entzun

Joan den Gabon zahar gauean, urtea aldatzeaz gain, bizimodua ere aldatu zuen Eli Bizkarralegorrak (Bilbo, 1955). Erretiroa hartu, eta 1924tik familiako negozioa izan den Urkiolako (Abadiño) Bizkarra jatetxea zarratu zuen. Aitortu du gogorra egin zitzaiola. “Mutilari esan nion ixteko, baina ezetz esan zidan. ‘Ama, zuk itxi behar duzu’. Banekien betiko zarratzen nuela”. Harrezkero sentipen gazi-gozoak izan dituela esan du. Batetik, tristura sentitzen du, baina, bestetik, poza ere bai, semeak, errainak eta bilobak asko babestu dutelako. Oporretara ere joan da, bost egun, familiarekin. “Itzel” pasatu dutela esan du. Hirugarren oporrak izan ditu: umeak txikiak zirenean hartu zituen lehenengoak, ezkondu zireneko 25. urteurrenean bigarrenak, eta orain azkenak.

Bizkarra jatetxearen behin betiko agurra da hau?

Norbait etortzen bada negozioa hartzeko prest, ni pozik. Laguntzeko prest nago, gainera; sukaldean ibiltzeko edo behar dutenerako. Erakutsiko diet urteotan guk zelan egin dugun, gura badute. Nik gura dudana da norbaitek hartzea jatetxea, taberna eta, ahal bada, ganadua ere bai.

Ahalegindu zarete ez zarratzen?

Bai, baina ez dugu lortu. Etorri dira, baina esaten dute sasoi txarra dela negozio bat hasteko. Jendea beldurtuta dago. Beste batzuek esaten dute pena dela halako leku eder bat zarratuta egotea. Martxan jartzera ausartuko den norbait agertzeko zain gaude.

2024an ehun urte beteko lituzke Bizkarrak.

Lehenengo, aititarena [Julian Bizkarralegorra] eta amamarena [Isabel Etxanobe] izan zen; gero, gure gurasoena [Marcelo Bizkarralegorra eta Gizane Atutxa]; eta, orain, gurea. [1936ko] Gerra denboran hemen egon ziren aitita, amama eta aita. Gelatxo batean babesten ziren: han egiten zuten jan eta guzti. Ospitalea ere izan zen gerran. Ondoren, amamak ireki zuen sukaldea, eta aititarekin gobernatzen zuen etxea.

Bertakoak ziren?

Ez, Mañarikoa aitita eta Urkuletakoa amama. Aitita Ameriketara joan zen gazte-gaztetatik. Han zegoela pentsatu zuen ezkondu egin behar zuela. Hango arduradunak esan zion han bazituela neska ederrak. Baina ez: berak hemengo batekin ezkondu gura zuen. Etorri zen hona, eta hemen ezkondu zen. Gero, mundu gerra hasi zen, eta hemen geratu behar izan zuten. Hemengo Urkiolako Buenos Aires jatetxean hasi ziren lanean. Aitita oso lasaia zen; ez zen arazoetan sartzen. Baina ez zitzaion gustatzen inork esatea nora joan behar zuen eta zer egin behar zuen. Behin haserretu zen ugazabekin, eta utzi zuen hango lana. Buenos Aires baino gorago etxea egin zuen, Bizkarra jatetxea dugun hau. Hasieran, hotela ipini zuen hemen. Apurka-apurka, negozioa handitu zuten: taberna ipini zuten; gero, jatetxea; eta, azkenik, korta. Ganadua ipini zuen: behiak; eta ardiak ere bai.

Zure gurasoek hartu zieten lekukoa, eta haiei, zuk, 1992an.

Sei neba-arreba izan ginen gu. Nire neba gazte hil zen, eta aitak esan zidan nik eroan beharko nuela negozioa. Nik asko maite dut lan hau. Beti pozik eta zoriontsu ibili naiz. Berdin dit jatetxeko sukaldean ibili edo ganadua gobernatzen. Ostatu txikitxo bat ere badugu, Burdi-Kurutze, eta oso pozik. Gainera, orain semeak jarraituko du harekin, eta pozik nago, behintzat ostatua zabalik mantenduko dugulako familian. Baina orain konturatu naiz urte hauetan guztietan zer galdu dudan. Ni hemendik oso gutxi irten naiz. Bizitza propio gutxi izan dut oso; ez naiz niretzat bizi izan. Niretzat dena izan da negozioa aurrera ateratzea. Jatetxea zarratu dugunetik pasatu diren egun gutxi hauetan, semearekin, errainarekin eta bilobekin ibili naiz, eta pentsa dut: “Kontxo, hau dena galdu dut nik hainbeste urtean”. Ni goizean goiz esnatzen nintzen, eta ez zegoen etenik: “Hau egin behar dut, bestea egin behar dut…”. Alde batetik, triste nago, jatetxea itxita dagoelako. Baina, bestetik, pozik nago, konturatu naizelako urteotan ohartu gabe galdu dudan horretaz disfrutatu ahal dudala orain.

Damutzen zara?

Ez. Ni oso zoriontsua izan naiz. Maite dut jatetxe hau, eta gustatzen zaidana egin dut beti. Pozik nago izan dudan bizitzagatik. Pentsatzen dut, bai, pena dela egunotan bizi dudana bizi ez izana lehenago. Hainbeste gauza galdu dut? Baina orain arte ez naiz konturatu horretaz. Ez nintzen konturatzen zer galtzen nuen. Oso lotuta egon naiz negozioari: dena ondo joatea, jendea pozik egotea, nire lana hobetzea egunez egun… Ez dut ezertaz konturatzeko astirik izan. Familiagaz egoteko denbora galdu dut? Bai, baina orain bigarren aukera bat daukat horretarako. Kandela metxekin gertatzen da sarri: piztuta egon da, baina itzaltzen; orain, derrepente, indarra hartu du, eta argitu egin da. Zerbait aukeratzen duzunean, beti galtzen da beste zerbait. Aurrerantzean zelan bizi pentsatu beharko dut, egunak zertan pasatu.

Aitak esan zizunean lekukoa hartu behar zeniela, baietz esan zenuen. Baina hori zen zure asmoa? Zer zeneukan zuk pentsatuta etorkizunerako?

Ez dakit nik hori zen nire asmoa. Aitak esan zidan: “Zuk hartuko duzu”; eta nik pentsatu gabe baietz esan nuen. Gure neba hil egin zen, eta pentsatzen nuen ez banuen hartzen familiaren negozioa galduko genuela. 8 urterekin hasi nintzen ni hemen laguntzen. Gero, eskolara joan nintzen, 14 urte bete arte. Umetatik, nire bizitza Bizkarra izan da. Zelan esango nuen ezetz? Pixkatxo bat beldurra ere sentitu nuen, baina hartu nuen. Eta pozik bizi izan naiz.

Zure janariek arrakasta izan dute Bizkai osoan. Bazter guztietatik etortzen izan dira hona jatera. Non ikasi zenuen sukaldeko lanetan?

Ni ez naiz inora joan ikastera. Amamarekin eta amatxorekin ikasi nuen hasieran, eta, gero, neuk, ekin eta ekin. Nire helburua izan da egunez egun hobetzea. Sukaldean ibiltzea ez da liburuetan ikasten. Gaur ez hain ondo irten da, baina bihar, hobeto. Nik kritikak eskertu ditut beti, hobetzen lagundu didatelako.

Gaur egun, modan daude slow food eta tankerakoak, baina zuk beti egin duzu hori.

Nire izaeraren kontrakoa da, oso-oso urduria eta mugitua naiz eta, baina niri astiro-astiro kozinatzea gustatzen zait. Arineketan egiten baduzu, ez dute zapore bera. Astiro egiten denak beste zapore bat du. Gainera, gehiago gustatzen zaizkit horrelako platerak. Guk babarrunak, lentejak… ez ditugu behin ere bezperan beratzen ipini. Goizean goiz hasten gara prestatzen, astiro-astiro. Gisatua ere berdin. Presio eltzerik ez dut sekula eduki: lapikoa izan da nire tresna. Lau eta bost lapiko batera ipini, eta ni batetik bestera geratu barik ibili izan naiz, geldi egoteko asti barik: ni arineketan, baina jatekoa astiro-astiro.

Hasi zinenetik asko aldatu da negozioa?

Negozioa ez da aldatu; jendea aldatu gara. Lehen, ezteietako bazkari asko ematen genituen. Orduan ez zen egoten ez hotelik ez jatetxerik horretarako. Durangaldean, horretarako lekuak izaten ginen Goiuria, Garai eta Urkiola. Derrepentean hasi ziren hotelak-eta horretan; Durangon, edonon. Orain, eztegu bazkaria, horren osteko dantzaldia eta dena leku berean egiten da, eta hori itzela da ezkontzen direnentzat. Gainera, Urkiola urte batzuetan ahaztuta egon da. Jendeak nahiago izan du kanpora joan. Egun libreak etxetik zenbat eta urrunago, orduan eta hobeto. Lehen, umetxoak zituzten nire adinekoak Urkiolara etortzen ziren familian, egun-pasa. Gero, Pirinioetara-eta joaten hasi ziren. Zortzi-hamar urte inguruan, Urkiola oso triste egon da, oso hutsik. Orain, pandemia etortzearekin batera, dena aldatu da. Justu ni erretiroa hartzea pentsatzen hasi, eta jendea Urkiolara etortzen hasi da berriro. Hau leku zoragarria da. Gasteiztik zatozenean, Urkiolako parke naturala jartzen duen seinalea honantz pasatzean, inguruaren berdea ere aldatu egiten da. Zuhaitzek, belardiek… beste berde bat dute, askoz politagoa.

Zure aitita lanean hasi zen Buenos Aires, zuen Bizkarra, Lagunetxe, Landejuela… Urkiola gainean jatetxerik ez da falta izan.

Hala da, bai. Pandemia hasi zenean zarratu zen Buenos Aires, eta orain guk, ni jubilatu naizelako. Hemen bakea dago, eta leku ona da egun-pasa etorri eta otordu eder bat egiteko.

Zuek zelan pasatu duzue COVID-19aren izurria?

Niretzat, lehen hiru hilabeteak izan ziren gogorrenak. Gero, konponbide bila hasi ginen. Jendea ezin bada gura beste mugitu, gu mugituko gara. Hasi ginen eroateko jatekoa prestatzen, etxeetarako eta enpresetarako. Hainbat fabrikatara eroan dugu eguneko menua, eta gero normalago ibiltzen hasi ginenean, haiek hasi ziren hona etortzen. Bezeroen erantzuna zoragarria izan da. Nik egin dut lehenengo neure ahalegina, jatekoa haiei eroateko. Eta gero haiek, eskertzeko eta gustatu zaielako, hona etorri dira.

Aititak ipini zuen lehenengo ganadua, eta oraindik baduzue. Zuek animaliekin jarraitzeko asmoa duzue, ezta?

Gure haragia dena beti etxekoa izan da. Orain behi batzuekin eta ardi batzuekin geratu gara, denbora pasatzeko eta gure belardiak garbi edukitzeko. Belardi asko dugu, eta lan handia da belarra mozten hastea. Gazta ere egiten izan dugu. Udaberritik abuztura, etxeko ardien esnearekin egindako gatzatua eskaintzen genuen, eta jende asko etortzen zen jatera. Orain etxerako egingo dugu.

Jatetxea eta etxea errentan eman edo saltzea lortuko bazenute, beste nonbaitera joan beharko zenuke bizitzera? Hori ere gogorra izango da, ezta?

Senarra Elorriokoa da, eta han badugu beste etxe bat. Arazorik ez dugu, baina tristura itzela emango dit, bai. Kostatu egingo zait hainbeste urteren ondoren Urkiolatik kanpo bizi behar izatea. Behintzat, ostatuari esker, lotura bizi mantenduko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.