Abeltzaintza

Elikagai katearen legea «berehala» aplika dadila eskatu dute nekazariek

Prezioen behatokia eta antzeko kontrol tresnak garatzeko galdegin diete euskal administrazioei, Bilbon. Gastuek goraka jarraitzen dutela salatu dute

Abeltzainen protesta, Bilboko Arriagan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urtarrilaren 21a
20:05
Entzun

Hego Euskal Herriko nekazari, abeltzain eta lehen sektoreko beste langileek elikagai katearen legearen berehalako aplikazioa eskatu dute. Euskal administrazioei egin diete dei, «koherentziaz» joka dezaten eta, besteak beste, elikagaien ekoizpen eta salmenta prezioen arteko oreka zaindu beharko lukeen lanabes hori garatzen hasteko. Era berean, gogoratu dute pentsu, argindar eta abarren prezioek goraka jarraitzen dutela, eta ekoizleak «galerak pilatzen» ari direla etengabe.

Nekazari, abeltzain eta lehen sektoreko elkarteek Bilbon bukatu dituzte azken hilabetean Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolaturiko protesta ekitaldiak. Besteak beste, EHNE Bizkaiak, Enbak, Lorrak, eta Bizkaia Esneak egin zuten bat Arriaga plazan. Ehundik gora ekoizle batu dira lelo ezberdinak zituzten afixekin. Bizkaian hiltegia behar dugu, Bertoko ekoizpena bertoko merkatura edota Pentsuaren prezioak jaten gaitu irakur zitekeen. Zazpi traktore eta lau behi ere eraman dituzte. Arriagako zubia igaro duten hiritar askoren argazki kameren helburu izan dira.

Irudi indartsua lortu dute, zabaldu duten larrialdi deirako bozgorailu aproposa: «Elikagaien Katearen legearen berehalako aplikazioa behar dugu. Ezin dugu onartu banaketak hogeita hamaika eskutik izatea eta ekoizpen kostuak estaltzen ez dituzten prezioak eskaintzea», aldarrikatu du Unai Aranguren EHNE Bizkaiko kideak. Espainiako Kongresuak onartu zuen legea, abenduan, baina haren aplikazioa erkidegoka egiten da, eta horregatik Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari pausoak emateko eskatu zieten.

Baina zein da lege horren oinarria? Eta zergatik dituzte hainbeste itxaropen jarriak haren garapenean? Erantzuna Arangurenena da: «Besteak beste, produktua ekoizpen prezioen azpitik sal dadila eragozten du. Galerak onartuz saltzea debekatzen du». Hori da legearen arima, baina beste kontrol mekanismo batzuk ezartzeko ahala ere badu. «Prezioen begiratokia ezartzeko aukera dago, kate osoaren kostuak aztertzen dituena. Ekoizleen eta banatzaileen artean artekari bat egoteko aukera dago, eta zigorrak modu arinean ezartzeko aukera ere bai». Nekazariek eta abeltzainek ezinbesteko erreminta bezala ikusten dute ustiaketa eredu jasangarriek biziraungo badute.

Esnearekin, etxekalte

Prezioen behatokia da eskaera horretako gakoetako bat, eta bereziki esne ekoizleen azpisektoreari eragingo liekeena. Haiek zailago dute gastuen garestitzea azken preziora eramatea, eta azken hilabeteetako gorakada oso handia izan da. «Urtebeteko tarteak ekoizpen gastuak %30 garestitu dira: pentsuak, argindarra, erregaiak...». Arangurenek zehaztu duenez, esne litro bat ekoiztearen gastua 40-42 zentimo artean dago orain, eta Bizkaian banatzaileek, batez beste, 37-38 zentimo ordaintzen dute. Eta hori 40 zentimora iritsi eta batez bestekoa igotzen duen kooperatibaren bat dagoela kontuan hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.