Futbola

Osasunak eta Athleticek irabazi egin dute etxetik kanpo; Realak berdindu egin du etxean

Osasunak urritik lehen aldiz irabazi du etxetik kanpo, Granadan (0-2). Athleticek Rayo menderatu du (0-1), eta Realak ezin izan du golik sartu Getaferen aurka (0-0). Alavesek 0-1 galdu du Bartzelonaren aurka.

Osasunako jokalariak David Garciaren gola ospatzen, gaur, Granadan. PEPE TORRES / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 23a
19:23
Entzun

Momentuz, Espainiako Ligako 22. jardunaldia ona da euskal taldeentzat: bederatzitik zazpi puntu poltsikoratu dituzte. Osasunak garaipen garrantzitsua eskuratu du Granadaren zelaian (0-2), David Garciaren eta Kike Garciaren golei esker; Athleticek bolada onari jarraipena eman dio Rayoren zelaian (0-1), gaur hasieratik lehen aldiz jokatu duen Nico Serranoren golari esker; eta Realak ezin izan du garaipena lortu Getaferen aurka Anoetan (0-0). Alavesek partida ona egin du Bartzelonaren aurka, baina, azkenean, 0-1 galdu du.

Granada 0-2 Osasuna

Atzelaria da David Garcia, baina aurrelarien zenbakietan dabil aurten: denboraldiko laugarren gola sartu du gaur Granadan, eta, beste gola sartu duen Kike Garciarekin batera, Osasunaren denboraldiko golegile nagusia da. Bi garciatarren golek balio izan diete gorritxoei etxetik kanpo garaipen bat eskuratzeko aspaldiko partez, urriaren 17tik (1-2 Vila-realen) ez baitzuten lortu halakorik.

Neurketari bikain ekin dio Osasunak, eta etengabe ibili da Granadaren atearen inguruan. Gola ere sartu du, baina baliogabetu egin du epaileak. Minutuek aurrera egin ahala, hobetzen hasi da Granada, eta izan ditu bere aukerak.

David Garciak, nola ez, korner jaurtiketa batean sartu du gola, burukada bikain bati esker, 63. minutuan. Gutxi geroago izan du bigarrena sartzeko abagune zoragarri bat Chimy Avilak, baina ondo erantzun dio Maximiano atezainak. Avilak ez, baina Kike Garciak bai: 89. minutuan itxi du neurketa aurrelariak, Nacho Vidalen jokaldi on baten ostean.

Osasunak 28 puntu ditu sailkapenean; azken hiru neurketetatik bi irabazi ditu, eta garaipenaren bidera itzuli dela dirudi. Ea ez den irudipen hutsa.

Rayo 0-1 Athletic

2022. urtea ederki hasi duena Athletic da. Superkopako finalerako sailkatu zen Atletico Madril kanporatuta, Bartzelona Errege Kopatik kanpo utzi du, eta, Ligan, Rayo Vallecanoren zelaian irabazi du gaur (0-1). Rayok, orain, Athleticek baino puntu bat gehiago du sailkapenean. Aurkari zuzena da Europara sailkatzeko lehian, eta, beraz, berebiziko garrantzia zuten gaurko hiru puntuek. Andoni Iraolaren taldeak denboraldi osoan etxean galdu duen lehen partida izan da.

Neurketako heroia Nico Serrano izan da. Marcelinok lehen aldiz jarri du hasieratik 18 urteko gaztea, eta nafarrak bikain erantzun du: hark sartu du garaipenaren gola, 29. minutuan. Boleaz, bikain errematatu du Berenguerrek zuzenduta kontraeraso bat. Gero, atzean sartuta eutsi dio emaitzari Athleticek, baina Rayok ez du aukera argiegirik ere sortu. Kontraerasoan, izan dituzte bigarrena sartzeko aukerak ere zuri-gorriek.

Gaurko garaipenari esker, sailkapen nagusian bederatzigarren postuan da Athletic, 31 punturekin.

Reala 0-0 Getafe

Realak, sailkapen nagusian, Osasunak baino sei puntu gehiago ditu, eta Athleticek baino hiru gehiago. Gaur, ordea, hura izan da, momentuz, garaipena eskuratu ez duen euskal talde bakarra. Eta ez merezi izan ez duelako. Estutu du Imanol Alguacilen taldeak, baina ezin izan dio golik sartu Getaferi. David Soria atezaina izan da bisitarien jokalaririk onena, eta baloi bat zutoinera ere bidali du Isakek azken minutuan.

Neurketa ederra jokatu dute bi taldeek, biek izan dituzte aukerak, baina argienak etxekoenak izan dira. Lana izan du Alex Remirok, baina are gehiago Soriak. Ikusgarriena, Le Normandi gelditu dion bat. Atepean errematatu du baloia atzelariak, baina atezainak hatz puntekin ukitu du baloia, eta zutoinera bidali du.

Alguacilek Isak eta Silva sartu ditu bigarren zatian, eta arriskua sortu dute haiek. Suediarrak izan ditu bi argienak azken minutuetan, baina ezin asmatu hark ere.

Sailkapenean bosgarren postuan da Reala, 34 punturekin. Bi puntu eskasera ditu Txapeldunen Ligara sailkatzeko postuak, baina atzetik talde asko ari dira presio egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.