Ezkurdia-Tolosa 10-22 Irribarria-Rezusta

Ezinean dabiltza Ezkurdia eta Tolosa

Sailkapenaren goialdean sendotu dira Irribarria eta Rezusta, seigarren garaipena lortuta. Estu dago sailkapena.

Irribarria sake bat egiten, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 23a
20:26
Entzun

Iker Irribarria eta Beñat Rezustak 22-10 irabazi diete gaur Joseba Ezkurdiari eta Xabier Tolosari, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Galtzaileek geroz eta urrunago dute seigarren postua, hamar neurketatik bi soilik irabazita sailkapeneko azken postuan baitaude. Irabazleek, berriz, sei irabazi dituzte, eta bigarren postuan daude. Lau neurketa falta dira ligaxka amaitzeko.

Gaurko neurketa hasieratik amaierara arte kontrolatu dute Irribarria-Rezustak: 3-2, 6-2, 12-3, 13-4, 18-8 eta 22-10. Ezer gutxi egin ahal izan dute Ezkurdia-Tolosak.

Lau jardunaldi falta direlarik, izugarri estu dago dena. Batez ere, lehen postuetan dago saltsa: bost bikote daude bi garaipenen tartean. Alde hori dago lehen postutik bosgarrenera.

Aurreneko bi tokietan zeuden bikoteek galdu izanak eragin du horrenbesteko parekotasuna. Jokin Altunak eta Julen Martijak 22-13 irabazi zieten atzo Danel Elezkanori eta Jose Javier Zabaletari Iruñean. Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk, berriz, 22-14 hartu zituzten mendean Unai Laso eta Ander Imaz Markina-Xemeinen (Bizkaia).

Emaitza horiek honela utzi dute sailkapena: Elezkano II.a-Zabaletak zazpi garaipen dituzte; Irribarria-Rezustak, Laso-Imazek eta Altuna III.a-Martijak, sei; eta Peña II.a-Albisuk, bost. Pozik egongo dira Aspeko eta Baikoko arduradunak eta pilotazaleak, itxura osoa baitu ligaxkak azkeneraino emozioari eutsiko diola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.