Ukraina

NATOko kideek tropa gehiago bidali dituzte Europa ekialdera

Ukrainako enbaxada husten hasi dira AEBak eta Erresuma Batua. EBko Atzerri ministroak AEBetako estatu idazkariarekin biltzekoak dira gaur, Ukrainako aferaz aritzeko.

Ukrainako segurtanu indarrak AEBetako enbaxadaren kanpoaldean, Kieven. SERGEY DOLZHENKO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 24a
13:01
Entzun

Azken egunetan NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak handitu egin du bere presentzia Europa ekialdean. Erakundeak berak ohar batean jakinarazi duenez, Danimarkak fragata bat bidaliko du Baltikora, eta F-16 gerra hegazkinak Lituaniara; Herbehereek ere F-35 borrokarako hegazkinak bidaliko dituzte, baina Bulgariara; eta Frantziak iragarri du prest legokeela tropak bidaltzeko Errumaniara. Itsasoz bestaldera, hainbat iturrik zabaldu dute AEBak ere prest leudekeela Europa ekialdera tropak bidaltzeko. Iturri horien arabera, joan den larunbatean Camp David base militarrean egindako bileran, armadaburuek aukera aurkeztu zuten Ukraina inguruko herrialdeetara 1.000-5.000 soldadu inguru bidaltzeko. Kopuru horiek, baina, hamar aldiz handiagoak lirateke Errusiarekiko gatazka okertuko balitz.

Erresuma Batuko eta AEBetako gobernuek esan dute ez dela ebakuazio bat, baina onartu dute Ukrainako egoerak bultzatuta herrialdean dituzten enbaxadak husten hasiak direla. Enbaxadetako langileen erdiak etxeratuko dituzte, argudiatuta Errusiak «edonoiz» jo dezakeela Ukrainaren aurka eta, hori gertatuko balitz, ezinezkoa izango dela langileak handik ateratzea. Tentsioak gora egin du azken asteetan inguru hartan, baina Moskuk berak berretsi du ez duela Ukraina inbaditzeko asmorik, nahiz eta 100.000 soldadutik gora izan mugan. Aldiz, AEBek, NATOk eta Vladimir Putin presidentearen gobernuko kideek hasiak dituzte elkarrizketak, krisia bideratzeko asmoz. Bilerek, baina, ez dute emaitzarik eman orain arte —aste honetan erantzun behar diete AEBek Errusiaren galderei—.

Guztiek ez dute begi onez ikusi Londresek eta Washingtonek hartutako erabakia. Kievek berak «goiz» iritzi dio halako urrats bat egiteko. Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek, berriz, nabarmendu du Bruselak ez duela halakorik egingo: «Oraingoz ez dugu ikusten nahikoa arrazoirik horretarako». Hain zuzen ere, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken EBko Atzerri ministroekin bildu da gaur, Ukrainako krisiaz eztabaidatzeko. Bruselak bileraren egun berean iragarri du 1.200 milioi euroko laguntza emango diola Kievi, gatazka posible bati aurre egiteko «larrialdi neurri» gisa. Hala azaldu du Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyenek berak.

Baina Kieventzako laguntza ekonomikoak ez ezik, Atzerri ministroek mahai gainean jarri dute Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak ezartzea ere, betiere Moskuk erasora joko balu. Atzerri ministroek, komunikatu batean, Moskuren jarrera gaitzetsi dute, eta egotzi diote «Europaren segurtasuna arriskuan» jartzea. Hala, Kieven aurkako «mehatxuak» eteteko eskatu diote, eta mugako tropak erretiratzeko. Bruselaren ikuspegia Moskurenaren erabat kontrajarria da; izan ere, EBk bere mugetan «eragin eremu bat» eraikitzea egozten dio Putinen gobernuari.

AEBek eta NATOk Errusiari egozten diote Ukrainako muga militarizatzea. Moskuk egin ditu haren kontrako salaketak, baina ohartarazi du ez duela onartuko NATOko armak eta tropak bere mugetaraino hedatzea, eta eskatu du aliantza 1997ko mugetara itzultzea eta ekialderago zabaltzeari uko egitea. Nazioarteko erakundeak, baina, erantzun dio estatuen erabakia dela aliantzan sartu edo ez, eta ez beste batena. Hala, joan den larunbatean heldu ziren Kievera AEBek bidalitako 90 tona arma.

Lehendik ere sartu dira Errusiako indarrak Ukrainan. 2014an, Errusiako armadak Krimeako penintsula hartu zuen, eta handik gutxira erreferenduma antolatu zuten, non herritarren %97k Errusiaren zati izatearen alde bozkatu zuten. Mendebaldeak eta Kievek legez kanpokotzat jo zuten bozketa hura. Horrez gain, oraindik gerran daude Donbass eskualdean ere, non Moskuk babestutako milizia errusiazaleek borrokan jarraitzen duten —14.000 pertsona hil dira borrokak piztu zirenetik—. Horiek hala, atzo Londresek Moskuri leporatu zion Kieven ere haren aldeko gobernu bat ezarri nahi izatea.

Erasoaldia

Ekialdetik ere heldu dira salaketak. Donetskeko Herri Errepublikak gaitzetsi du Kiev erasoaldi bat prestatzen ari dela Donbass eskualdearen aurka. Matxinoen arabera, Ukrainako militarrei agindu diete beren postuetan jarraitzeko, eta erietxeetan sendagiria ematen ari zaizkie tankeetako gidariei. «Jaso ditugun informazioen arabera, Erresuma Batuak trebatutako indar berezietako 40 kide inguru Avdeevka hirirantz doaz —Donetsketik 40 kilometrora— eremua aztertzeko asmoz», salatu dute matxinoek.

2015ean sinatu zuten bi aldeek su-etena, baina borrokak ez dira erabat eten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.