Industria

Bizkaiko metalak 2023ra arte atzeratu du susperraldia

Jarduera maila %77,5 da gaur egun. Hiru enpresatik batek ez zuen irabazirik lortu iaz. 2022an 1.000 lanpostu sortzea aurreikusten dute. Patronalak «oso zail» ikusten du soldatak KPIaren igoerara egokitzea.

Metalgintzako bi langile, Bizkaiko enpresa baten aurrean. LUIS TEJIDO (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 25a
11:48
Entzun

Iazko helburuak ez ziren bete, eta urte berriko aurreikuspenak ere okertu egin dira. Lehengaien faltak eta garestitzeak, energiaren kostuaren igoerak eta logistika arazoak ez dira konpondu, eta «eragin handia» izaten ari dira Bizkaiko metalgintzan: oraindik «ziurgabetasuna» da nagusi. Hori dela eta, sektoreko enpresek 2023. urtera atzeratu dute susperraldia. Hala ondorioztatu du FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak, enpresen artean egiten duen inkestan oinarrituta.

2022rako «nolabaiteko susperraldia» espero du, baina normaltasun egoeratik urrun oraindik. Patronaleko presidente Tamara Yagueren arabera, enpresen batez besteko jarduera maila %77,5ekoa da gaur egun. Baina %50etik beherakoa dutenen kopurua 3 puntu baino gehiago igo zen urteko azken hiruhilekoan.

Merkatuetan ere atzerakada nabari da: enpresen %21ek uste dute egoerak okerrera egin duela (2021eko hirugarren hiruhilekoan baino %6,6 gehiagok). Hala ere, urte berriarekin batera %12k baino ez dute espero merkatuak atzeraldian jarraitzea. Autogintzan zabalduago dago uste hori, eta, sektore horretako enpresen arabera, 2022 osoan mantenduko da joera negatibo hori. Iaz, aurreikusi baino jarduera gutxiago izan zuen bitik batek. Yaguek nabarmendu du sektore guztietan nabari dutela ezkortasun puntu hori, eta handiagoa dela enpresa txikietan eta ertainetan: «Datu kezkagarria da hori, kontuan hartzen badugu Bizkaiko industrian %90 baino gehiago tamaina horretakoak direla».

Enpresen itxiera

Fakturazioak hobera egin du 2020aren aldean, baina, 2019arekin alderatuz gero, murriztu dutenen kopurua mantendu egin da. «2019ko itxieraren atzetik jarraitzen dugu, 4 puntu». Irabaziei dagokienez, 2021ean enpresen heren batek ez zuen irabazirik lortu iaz. Yague kezkatuta agertu da horregatik eta 2021ean oraindik ere enpresak itxiko direlako. «Industria da Euskadin enpresa gehien itxi dituen bigarren sektorea: guztizkoaren %2,6».

Patronaleko buruak nabarmendu du enpresen egungo egoeraren faktore nagusia lehengaien garestitzea dela (larria edo oso larria da %72,5entzat), eta 2022ra begira kezka nagusia dela oraindik ere. Enpresek bigarren lekuan aipatu dute kostu elektrikoen igoera: hala adierazi dute hamarretik seik. Eta, horrekin guztiarekin batera, gogorarazi dute KPIaren igoera handiak (+%6,5) asko garestitu dituela lan kostuak.

Metalgintzako enpresen elkarteko presidenteak aitortu du gai korapilatsua izango dela hori 2022an. Bizkaiko sektoreko lan hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi dituzte, eta, Yaguek adierazi duenez, sindikatuen proposamenak aztertzen ari dira federazioaren jarrera finkatzeko. Azpimarratu du elkarrizketaren bidez adostasuna lortzea espero duela, «baina argi izanda oso zaila izango dela erregistratutako KPIaren igoera soldatetara eramatea».

Bestalde, inbertsioei buruzko datuak «positiboak» direla azaldu du Yaguek: hiru enpresatik batean handitu egin dira, eta ia erdiek mantendu egin dituzte. 2022ra begira, lau enpresatik batean I+Gko inbertsioak handitzea espero dute.

Enplegua sortzen

Enplegu sorrerari dagokionez, baikor azaldu da patronaleko burua. «Jardueraren susperraldia baino bizkorragoa» izaten ari dela nabarmendu du: lantalde eskasa dutela dioten enpresak %12,3 gehitu direla eta neurri berean jaitsi dela langile gehiegi dituztela uste dutenen kopurua.

Enpresen %29k esan dute 2022rako kontratazio berriak egitea espero dutela. «Mila lanpostu sortuko direla aurreikusten dugu, eta sektoreak 2019an zituen kopuruetara hurbiltzea», gehitu du Yaguek. Inkestaren arabera, kontratazio berrien %85 ekoizpen, muntaketa eta mantentze arloetan egingo dira, eta %75 lanaldi osoko kontratu mugagabeak izango dira.

Lau kontratutik hiruk erdi mailako edo goi mailako LHko titulazioa beharko dute. Enpresa askok ( %70) adierazi dute zailtasunak dituztela profil berriak bilatzeko, batez ere prestakuntza, espezializazio eta esperientzia faltagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.