Zikloturismoa

Itsasondoar bat Euskal Herriko mugan aritu da bizikletaz, lau muturretatik igarota

Aitor Garmendiak Euskal Herriko lau muturrak lotzen dituen ibilbide bat egin du, mugetatik ahalik eta gutxien urrunduta: «Wikipedian begiratu nuen zeintzuk diren Euskal Herriko lau muturrak, eta egin nezakeen ibilbidea diseinatu nuen».

Aitor Garmendia Bardeetan (Nafarroa), bere bizikletarekin, pasa den astean. AITOR GARMENDIA ETXEBERRIA
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 25a
16:48
Entzun

«Azterketak bukatu, eta sei egun libre nituen. Bizikleta gustatzen zaidanez, zakutoak hartu eta zerbait berezia egitea pentsatu nuen, eta horixe bururatu zitzaidan: Euskal Herriari buelta ematea». Horrela hasi zen Itsasondoko (Gipuzkoa) Aitor Garmendia Etxeberriak joan den astean egin zuen bidaia.

Bost egunez, bizikletaz, Euskal Herriko mugen inguruan ibili zen, lau muturretatik igarota: Samatze (Nafarroa Beherea) iparraldean; Eskiula (Zuberoa) ekialdean; Cortes (Nafarroa) hegoaldean; eta Lanestosa (Bizkaia) mendebaldean. Denera 1.050 kilometro, 41 ordu, eta 11.500 metroko desnibela.

Garmendiak joan den astean egin zuen erronka, urtarrilaren 17tik 21era. Bidaiari ekin aurretik planifikatu zuen etapa bakoitza: «Bost egunean egiteko moduan prestatu nuen, egun bat badaezpada gordetzeko». Ostatuak, ordea, ez zituen aurrez hartu: «Gutxi gorabehera bazkalorduan hasten nintzen non lo egin begiratzen, zenbat ordu neuzkan eta zenbat kilometro egin nitzazkeen kontuan hartuta». Nagusiki ostatuetan eta aterpetxeetan egin zuen lo, baina etapa bat Bilbon bukatzea aurreikusi zuen, han baitu ikasle pisua.

Banan banan, hauek izan dira bost etapak: Itsasondotik (Gipuzkoa) Barkoxera (Lapurdi), Barkoxetik Valtierrara (Nafarroa), Valtierratik San Vicente de la Sonsierrara (Errioxa), San Vicente de la Sonsierratik Bilbora, eta Bilbotik buelta Itsasondora.

Twitterren argitaratu dituen argazkietan, paisaia oso ezberdinak ikus daitezke: «Ikusi dut sekulako aldaketak daudela, bai. Euskal Herria txikia dela esaten dugu, baina denetarik dago», nabarmendu du.

Etaparik politena bigarrena izan zen Garmendiarentzat: «Barkoxetik abiatu eta Valtierraraino joan nintzen. Goizean goiz Pirinioetan ikusi nuen eguzkia irteten, eta sartzen, berriz, Bardean ikusi nuen. Oso polita izan zen hori».

Zailenak, berriz, hurrengo bi egunak izan ziren. Nafarroako Erriberan haizea kontra tokatu zitzaion, eta aitortu du egun hori «oso luzea» egin zitzaiola. Laugarren egunean, berriz, euriak zaildu zion bidea: «Arabako Errioxatik irten, eta Bizkairantz jo nuen. Bidean jaitsiera luze asko izan nituen, eta hotz handia pasatu nuen». Ibilbide ederra dela esan du, baina bakarrik egiteko ordu asko direla eta gogorra egin zitzaiola ere bai.

Ibilbide hori egiteko ideia norbaiti hartu ote dion galdetuta, ezetz dio Garmendiak; agian norbaitek egingo zuela, baina berak ez duela ikusi: «Wikipedian begiratu nuen zeintzuk diren Euskal Herriko lau muturrak, eta horietatik pasatuta eta mugetatik ahalik eta gertuen ibilita egin nezakeen ibilbidea diseinatu nuen», kontatu du. Tarte batzuetan Burgosen, Errioxan eta Kantabrian ere sartu da.

Sareetan hainbat erabiltzailek zoriondu dute egitasmoagatik, eta ibilbidea ere eskatu diote. Gehiago animatuko ote dira Euskal Herriari buelta ematera?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.