Txirindularitza

Euskal Herria Irunen amaitzen da, Frantziako Tourraren arabera

2023ko Tourrak Euskal Herrian egingo ditu lehenengo hiru etapak, eta ibilbidea aurkeztu dute gaur, baina ez dute zehaztu Lapurdira pasa orduko nondik ibiliko den lasterketa.

Frantziako Tourraren antolakuntzak gaur zabaldu duen mapa. Euskal Herrian egitekoak diren hiru etapen ibilibidea erakusten du, baina Iruneraino bakarrik. FRANTZIAKO TOURRA
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 26a
19:45
Entzun

Euskal Herriaren banaketa administratiboak zentzurik gabeko pasadizo harrigarri asko eman ditu, eta gaur horietako bat bizi izan da Gasteizen. Frantziako Tourrarentzat Pays Basque delakoa (normalean, Frantsesez, Iparralderako bakarrik erabiltzen duten terminoa) Araba, Bizkai eta Gipuzkoa baino ez dira, eta Bidasoa gaineko zubietan desagertu egiten da, Lapurdira pasa aurretik.

Gasteizen aurkeztu dute gaur Hasiera Handia deitu dutena, hau da, 2023. urteko lasterketaren lehen etapak. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin jokatuko dira. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Christian Prudhomme Tourreko presidentea batu dira egitaraua aurkezteko ekitaldian, gaur, Gasteizko Europa Jauregian.

Tourraren antolatzaileek eman duten prentsa oharrean azaldu dute hirugarren etapa Zornotzan hasiko dela (Bizkaia), eta Donostia bigarrenez zeharkatuko duela «Irundik Lapurdiko bideetara igaro aurretik».

Baina aurkeztu dituzten mapetan ez dago Lapurdiren arrastorik. Irun igaro ostean, France handi batek markatzen du handik aurrera dagoena.

Izan ere, antolatzaileek ez dute oraindik azaldu zein ibilbide edukiko duen lasterketak Iparraldean, ezta Frantzian ere. EITBk zabaldu du azken egunotan azken etapa hori Baionan amaituko dela.

Gaur plazaratu duten mapan, ordea, ez dute zehaztu helmuga non egongo den.

Ibilbidea azaltzeko bideoan ere, Bidasoan geratzen da lasterketa.

Edonola ere, horrekin batera, Euskal Herriaren lurraldetasunaren aldeko pedalkada bat eman du, nolabait ere, Tourraren antolakuntzak. Sare sozialetan zabaldu duen beste mezu batean azaldu du Euskal Herria Tourraren 21 etaparen garaileren jaioterria dela, eta irabazle horien lau argazkirekin lagundu du testua. Jesus Loroño, eta Marino Lejarreta bizkaitarrak ageri dira, Miguel Indurain nafarra, eta Ion Izagirre gipuzkoarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.