Afrikako Kopa

Owono, giltzarri Ekuatore Ginearen garaipenean

Ekuatore Gineak Mali kanporatu du Afrikako Kopako final-zortzirenetan. Protagonista nagusi izan da Jesus Owono atezain donostiarra. Igandean jokatuko dute final-laurdena, Senegalen aurka.

Owono, artxiboko irudi batean. BERRIA
Nagore Arin.
2022ko urtarrilaren 27a
10:43
Entzun

Bi urtez behin jokatu ohi da Afrikako Kopa, baina koronabirusaren izurriak baldintzatuta, azkena ezin izan zen iaz lehiatu. Hala, ilusio eta ikusmin handiagoz ekin diote selekzioek aurtengo norgehiagokari. Urtarrilaren 9an hasi zen, eta, guztira, 24 selekzio ari dira lehian, sei multzotan bereizita. Ekuatore Ginearen izenean ari da selekzio horietako bat, eta, hain justu ere, emaitza pozgarri eta, hainbaten aburuz, historiko bat ere lortu zuen atzo: Mali kanporatu zuen final-zortzirenetan.

Markagailuari dagokionez, partida lauso samarra izan zen amaierara arte: taldeek ez zuten aukera askorik izan, eta erasoan eta defentsan aritu ziren bereziki. Araututako denboraren eta luzapenaren artean markagailuak huts eta huts mantendu ziren 120 minutuz, eta, azkenean, penaltietan irabazi zuen Ekuatore Gineak. Garaipen horretan, rol erabakigarri bat izan zuen Jesus Owono jokalariak: atezaina da, eta zaleek espero bezala asmatu zuen Falaye Sacko Maliko jokalariaren hamaseigarren jaurtiketa maisuki gelditzen.

Ekuatore Gineako pieza garrantzitsu bilakatu da Owono, zeresana eman du gaurdaino jokatutako partidetan, eta Euskal Herrira ere iritsi da laudorio horien hotsa. Donostiarra da, zortzi urte zituenean etorri zen Euskal Herrira, eta, ordutik, Antiguokon, Realean eta gerora Alavesen jokatu du. Hain justu ere, duela gutxi egin du debuta Espainiako Lehen Mailan, Alavesekin.

BERRIAk duela gutxi hitz egin zuen berarekin, eta aitortu zuen azken asteetan bere ametsetako bi bete dituela: Alavesekin debutatu izana eta bere jaioterriko selekzioarekin Afrika Kopa jokatzeko aukera eduki izana. Owonorekin batera, Alex Balboa gasteiztarra ere Afrikako Kopa jokatzen ari da Ekuatore Ginearekin, baina atzo ez zuen jokatzeko aukerarik izan.

→ Ikusi gehiago: Erakusleiho izan daiteke

Hirugarrenez lehian

Ekuatore Gineak hirugarren aldia du Afrikako Kopa lortzeko lehian, baina, hiru urtez egon bada ere, zelaian sailkatzen den lehen aldia da. Aurreko bietan, 2012an eta 2015ean, herrialde antolatzaile izateak eman zion parte hartzeko aukera. Oraingoan, E multzoko bigarren postuan igaro da final-zortzirenetara, Boli Kostarekin batera, Aljeria egungo txapelduna eta Sierra Leona menderatu ondoren.

Bi partida horietan ere oso protagonista izan zen Owono: basamortuko azerien aurka geldiketa bikain ugari egin zituen, eta, Sierra Leonaren aurkako lehian, aldiz, penalti bat modu ikusgarrian gelditu zuen, partidako azken minutuetan. Orain, Mali era ikusgarrian eta azken hondarrean garaituta, igandean jokatuko dute final-laurdena. Senegal izango dute aurkari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.