Literatura

Joxe Mari Berasategik eta Maialen Berasategik irabazi dute Zaitegi saria

Haiek aurkeztutako proiektua hautatu du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko itzulpen lehiaketako epaimahaiak. Hala, Abdulrazak Gurnah idazlearen Paradise eleberria euskaratu beharko dute itzultzaileek.

Maialen Berasategi, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
2022ko urtarrilaren 27a
14:16
Entzun

Joxe Mari Berasategi Zurutuzak eta Maialen Berasategi Catalanek aurkezturiko proiektuak irabazi du Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa, Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko asmoz AED Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dutena, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzaz. Hala erabaki du Joannes Jauregik, Ana Isabel Moralesek eta Garazi Ugaldek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko lan guztien artean hautatuta. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun izendatu zuen Abdulrazak Gurnah idazle tanzaniar-britainiarraren Paradise eleberria euskaratu beharko dute itzultzaileek. 2022. urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.

2002. urtean abiarazi zuten antolatzaileek Jokin Zaitegi beka, eta, ordutik, hamaika liburu itzuli dira euskarara bekari esker: Imre Kerteszen Zoririk ez (Urtzi Urrutikoetxeak itzulia); J.M. Coetzeeren Lotsaizuna (Oskar Aranak); Harold Pinterren Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk (Iñigo Errastik); Orhan Pamuken Elurra (Monika Etxebarriak eta Fernando Reyk); Doris Lessingen Belarra kantari (Koro Navarrok); J.M.G. Le Clezioren Basamortua (Luis Berrizbeitiak); Herta Mullerren Hatsaren kulunka (Ibon Uribarrik); Mario Vargas Llosaren Pantaleon eta bisitariak (Santi Leonek); Tomas Transtromerren Bizientzat eta hilentzat (Juan Mari Aguirreurretak); Mo Yanen Hori da umorea, maisu! (Maialen Marinek eta Aiora Jakak); Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik (Iker Santxo Insaustik); Bob Dylan: Ehun kantu antologia (Xabier Payak); Kazuo Ishiguroren Egunaren hondarrak (Amaia Apalauzak eta Iñigo Roquek); Olga Tokarczuken Erabili goldea hilen hezurren gainetik (Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczekek); Peter Handkeren Atezainaren larria penalti-jaurtiketan (Joxe Mari Berasategik); eta Louise Glucken Basairisa (Garazi Ugalde).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.