Lan erreforma

Urkulluk dio «beste mekanismo batzuekin» gainditu daitezkeela «oztopoak»

EAJk bere jarrera leundu du lan erreformaren gaian, eta formulak badirela uste du akordioa aldatu gabe jaso dadin euskal itunen nagusitasuna. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarri du bat egin duela euskal gehiengo sindikalak urtarrilaren 30erako deitutako protesta egunarekin, «erreforma ez delako baliogabetu».

Iñígo Urkullu artxiboko argazki batean. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2022ko urtarrilaren 28a
11:47
Entzun

Espainiako Gobernuak espero duen flotagailua izan daitekeena iradoki du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak. Urkulluk garbi utzi du euskal itunen lehentasuna jaso behar dela nola edo hala, baina «dekretuari lotutako beste mekanismo batzuk» badirela esan du hori lor dadin, eta ez luketela «ezertan» aldatuko erreforma. Oraingo blokeo egoera eta «oztopoak» gainditzea espero du Urkulluk, euskal esparrua errespetatzeak ez duelako zertan aldatu erreforma, haren ustez.

Beraz, EAJren jarrera lan erreformaren inguruko jarrera leundu egin du EAEko lehendakariak, baina, aldi berean, berretsita euskal itunek lehentasuna izan behar dutela estatukoen aldean. Beste kontu bat da hori nola jaso behar den. Berritasuna da «beste mekanismo batzuk» aipatu dituela Urkulluk, «dekretuari lotutakoak», eta beharbada dekretuari lotuta egoteak ez duela zertan esan nahi dekretuan jasota egotea.

EAJren sei diputatuen baiezko botoak edo abstentzioak egoteko ateak ireki ditu Ukulluk, beraz, baina orain arteko baldintzak indarrean dituela berretsita: erkidego mailako sektore hitzarmenak estatukoen gainetik egotea. 2017ko Lanbide arteko euskal esparru akordioari nola eman lege kategoria, hori izan daiteke gakoa EAJk erreforma onartzen laguntzeko. Ukulluk kritikatu egin du Pedro Sanchezen gobernuak «koma bat ere» ez mugitu nahi izatea, «hobetu daitekeenari atea ixtea» delako, haren ustez.

Confebask ere ahoan hartu du Jaurlaritzako lehendakariak, orain arte soluziorik izan ez duen auzian bide berriak zabaltzeko. Itunen nagusitasunaren blokeoa beste mekanismo batzuekin gainditu daitekeela esan zion patronalari Urkulluk, duela egun batzuk. Euskal patronala CEOEren kide da, eta CEOE da koma bat ez aldatzea exijitu duen eragilea. Paktua utziko lukeela ohartarazi du erreformaren idatzia aldatuko balitz. «Estatuko eragile sozialen nahia partekatua izan dadin aukera bat» badela esplikatu du Urkulluk, «nahikoa den lan erreforma bati» bidea irekitzeko «eta, aldi berean, euskal lan esparrua errespetatzeko».

Sindikatuak eta pentsiodunak

ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek datorren astean Madrilen onartu nahi duten erreformaren aurka manifestatuko dira urtarrilaren 30ean. Euskal alderdiek ezezko botoa eman dezaten nahi dute PSOE eta Unidas Podemosek gobernuaren erreformak aurrekoaren muinari eutsi diolako, besteak beste. Bada, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua ere kalean izango da sindikatuekin batera. «Pentsiodun guztiei dei egiten diegu parte har dezaten mobilizazio horretan», helarazi du plataformak.

Hilean 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzen du EHPMk, «eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak indargabetzea». Gogoratu dute Espainiako Estatua dela «prekaritaterik handiena duena, behin-behinekotasunik handiena duena eta gazteen langabezia tasarik handiena duena». Txarrena emakumeek pairatzen dutela ere erantsi dute pentsiodunek. «Bertakoak edo emigranteak, gizonek baino langabezia tasa handiagoa dute: %30 gutxiago kobratzen dute batez beste, eta haien pentsioak % 37 apalagoak dira».

Soldatek eta lan baldintzek zuzenean eragiten diete pentsiodunei, EHPMren arabera, «kotizazioen oinarri nagusia direlako, eta pentsioak direlako kasu askotan familia prekarizatuen euskarri bakarra, lan arloan eta gizartean». Hala, kotizatzen duen belaunaldiak pentsioak kobratzen dituen belaunaldiari eusten diola gogoratu dute. «Gainera, gaurko kotizazioak biharko pentsioak dira. Lan erreforma berriak ez ditu betetzen PPren erreforma indargabetzeko promesak eta konpromiso politiko eta sindikalak, erreforma horren alderdirik kaltegarrienak legitimatzen ditu, eta ez du bermatzen hitzarmen autonomikoen aplikazio lehentasuna».

Pentsiodunek ondo hartu dute hitzarmenen ultraaktibitatea berreskuratzea, sektoreko hitzarmena enpresakoaren gainetik jartzea, soldatetan eta osagarrietan soilik bada ere, eta aldi baterako lan kontratua edo zerbitzu kontratua ezabatzea, «nahiz eta kontratua ekoizpenaren inguruabarrengatik mantendu». Era berean, hobekuntza bat da, EHPMrentzat, azpikontratek sektoreko hitzarmena aplikatu behar izatea, hitzarmen propioa izan ezean; «baina ez dezagun ahaztu lan kostuak merkatzeko balio dutela, istripuen eta prekarizazioaren kontura».

Aurreko legediaren muinari eutsi zaio

Aldi baterako erregulazioei dagokienez, uste dute «egiturazko baliabide gisa» eratu dituztela enpresen zerbitzura, «eta ez salbuespenekoa», eta lanaldia murriztu edo diru publikoarekin finantzatutako kontratuak eten ahal izango dituztela, soldatetan eta kotizazioetan. Horrez gain, bere horretan mantendu dira 2010eko eta 2012ko erreformen funtsezko edukiak, EHPMrentzat. «Kaleratze indibidual eta kolektiboak errazak eta merkeak izango dira aurrerantzean ere, eta izapide aldiko soldatak ezabatzen jarraituko da bidegabetzat jotzen direnean». Kaleratze kolektiboek ez dute administrazio baimenik beha»r, gogoratu dutenez. Enpresaburuen eskumenezko ahala mantentzen da funtsezko lan baldintzak aldatzeko, lanaldia eta soldatak barne, arrazoi ekonomikoengatik, teknikoengatik, antolakuntzakoengatik edo ekoizpenekoengatik, baita hitzarmen kolektibotik ateratzeko gaitasuna ere».

Aurreko erreformaren muinari eutsi zaiola esaten denean, pentsiodunek eduki zehatzak azpimarratzen dituzte: «Ez da ukitu kontratazio partziala, egunka edo orduka, gehienetan borondatezkoa ez dena, eta Gizarte Segurantzari iruzur egiteko iturri nagusia, ordaindu eta kotizatu ez diren asteko milioika aparteko orduen bidez». Horregatik,aurreko lan erreformak «erabat indargabetzea» nahi dute, eta bat egin dute gehiengo sindikalak urtarrilaren 30erako deitutako mobilizazioekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.