Juantxo Cisneros

«Mendian inportantea da nork bere buruari frenoa jartzen jakitea»

Pirinioetan izandako mendi-istripu kopuruak nabarmen egin du gora azken asteotan; erreskatean diharduten suhiltzaileak lan franko ari dira izaten. Berriki, gomendio sorta bat atera dute argitara.

jarraia208941.jpg
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urtarrilaren 28a
12:22
Entzun

Aste korapilatuak ari dira izaten Pirinioetan. Nafarroako Suhiltzaileen Erreskate Teknikorako Taldeko kideek desio baino gehiagotan egin behar izan dituzte erreskate lanak azkenaldian; hilabete erdialdean, bost irteera izan zituzten asteburu bakarrean. Egoera irauli beharra dela iritzita, erreskate taldeak zenbait aholku argitaratu ditu. Juantxo Cisneros (Iruñea, 1967) da Nafarroako taldeko arduraduna.

Zer neurritan larriagotu da egoera azken asteotan?

Zenbait negu generamatzan horrelako antizikloirik izan gabe. Eguraldi zoragarria ari gara izaten; hotza, baina ederra. Hain zuzen ere, horregatik, ahaztua genuen zer arriskutsua izan daitezkeen malda batzuk halako baldintzetan, elurra hain gogor dagoenean. Erne ibili behar da.

Zein dira gomendio nagusiak?

Lehenik eta behin, ezinbestekoa da elurraren egoerara behar bezala egokitzen den materiala edukitzea: zoru iltzedun oinetakoak, pioletak eta kaskoa, batik bat. Gainera, biziki inportantea da ibilbideak ongi aukeratzea; behar adina faktore aintzat hartzea, alegia. Adibidez, 2.000 metrotik gorako eremuetan elurrak izotz beltza izan ohi du gainazalean; elurra horma bihurtua izaten da, finean. Horrek arrisku handia dakar: ez du bide ematen estropezu egiteko, elurretan trabatzeko. Behin beheraka hasita, oso zaila da gelditzea. Edonola ere, horrez gain, gomendio bera egiten diogu mundu osoari: inork elur erraketekin atera nahi badu mendialdera, egin dezala ateraldia egunaren erdialdeko orduetan, eta egin dezala bidea eremu eguteretan barna. Toki horietan, elurra apur bat bigunago dago, eta errazago erdiesten ahalko da aparteko arriskurik hartu gabe gozatzea.

Materiala aipatu duzu aurrena. Horri loturiko problemak izaten dira istripuen eragile nagusi?

Horrela da, bai. Jendeak, normalean, izan ohi du beharrezko materiala, baina ez daki ongi erabiltzen. Hori gerta daiteke behar adina praktikatu ez dutelako, izan daiteke ez dutelako jaso inolako formakuntzarik…

Norberaren jarrerak ere berebiziko rola jokatzen du segurtasunean. Istripu kopuruaren gorakada ikusirik, ondoriozta daiteke jendeak konfiantza handiegia duela bere buruarengan?

Bai. Izatez, berriki zabaldu ditugun aholkuek, batez ere, alderdi horretan jartzen dute arreta. Nahi dugu jendea benetan konturatzea norberak dituen gaitasunez. Kontziente izatea, eta ohartzea zer diren kapaz egiteko, zer neurritako esperientzia duten.

Ardurak dakar babesa?

Inportantea da buelta ematen jakitea, gai izatea norberari frenoa jartzeko. Esaterako, gerta daiteke mendi tontorrera iristea, izugarri nekatua ailegatzea gain horretara, eta jaisten hastean konturatzea ez duzula beherako bidea egiteko adina indarrik, fisikoki ez zarela horretarako prest, edo, beharbada, ez duzula teknika aski ongi menperatzen.

Neguak beti izaten dira hain konplikatu zuenean?

Oraindik goiz da neguaren balantzea egiteko. Konparaziora, datuak ez dira hain beldurgarriak, oraingoz. Duela bi astekoak, bai; hainbeste erreskate izateak asko izutu gintuen. Bost, bi egunean. Urteko batez bestekoa 155ekoa da.

Zein toki dira arriskutsuenak?

Alertak Pirinioetako eremu guztietan dira piztuak; batik bat, Orhi menditik Hiru Erregeen Mahaira artean, horietan baitago elurra egun. Bestalde, trokarte jaitsierak egiteko ohikoak diren eremuetan ere maiz izaten da arriskua; besteak beste, Eloko trokartean edo Ihurbaingo arrakalan, Beriainen. Aiako Harrietan ere adi ibiltzen gara.

Maiatzean beteko dira hiru urte Erreskate Teknikorako Taldea sortu zenetik. Lorpen handia izan zen zuentzat.

Orain dela hiru urte 1999an galdu genuen eskumena berreskuratzea giltzarri izan da. Erreskate Teknikorako Taldearen sorrerari esker, besteak beste, lortu genuen beti egotea bermatua bi langile, behar izanez gero helikopteroarekin ziztu batean ateratzeko. Gainera, lehen ez bezala, erreskate lanak suhiltzaileen taldeak bideratzen ditu orain, eta, beraz, helikopteroan doazen langileek bakarrik ezin dutenean, gainerako suhiltzaileek ere lagun diezaiekegu. Protokoloak denek ezagutzen ditugu, eta formakuntzak ere guztiek jasotzen ditugu.

Nolakoa da formakuntza hori?

Formakuntza metodo frantsesean oinarritutakoa da. Izatez, Pirinioetan erreskate lanetan ibiltzen garen guztiok formakuntza bera jasotzen dugu. Hori oso aberasgarria da; batez ere, talde desberdinek elkarrekin egiten ditugun ariketei begira. Hala aritzen gara larrialdiak bereziki konplikatuak direnetan. Luizietan, esaterako.

Zer gertatzen zen taldea sortu aurretik? Zer gabezia zegoen?

Lastertasunean irabazi dugu gehien. Orain, deia jaso eta hamar minuturen buruan izaten gara airean, ezbeharra gertatu den tokira bidean. Eskumena Guardia Zibilarena zenean, ez zen posible.

Egun, behar adina baliabide dira erreskate lanetara bideratuak?

Gaur-gaurkoz, esango nuke baietz; moldatzen gara. Dena dela, kontuan izan behar dugu taldea oraindik ere egiten ari dela, garatzen. Soilik hiru urtean oinarritutako estatistika batek ez garamatza inora. Urte gehiago behar ditugu beste alderdi batzuk orrazteko. Oraingoz, baina, ongi dakigu premiei erantzuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.