Euskara

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute euskararen dekretuaren zirriborroa «onartezina» dela

Paul Bilbao idazkari nagusiaren arabera, 2017 baino lehenagoko araudiarekin erkatuz gero «atzerapauso nabaria» de, eta «adarjotzea» deritzo Auzitegi Nagusiaren epaiaren ostean zirriborro honen edukia hainbeste luzatu izanari

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao. ENDIKA PORTILLO / FOKU
joxerra senar
2022ko urtarrilaren 31
13:06
Entzun

«Ez dugu baztertzen kalera ateratzea dekretu hau salatzeko eta batez ere hau konpondu dezatela eskatzeko. Oraindik garaiz gaude bidegabekeria honi amaiera emateko». Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak irmo salatu du Nafarroako herritarrei euskara erabili ahal izateko eskubidea dagoenik horiek bermatzeko mekanismoak ezartzen ez badira. Hala uste dute, administrazio publikoko lan deialdietan hizkuntzak baloratzeko Nafarroako Gobernuak bultzatu nahi duen dekretua «onartezina» dela eta «atzerapauso ukigarriak» dituela, ez soilik Uxue Barkosen gobernuak 2017an bultzatu zuenaren aldean, baita UPNk 2009an bultzatu zuenaren aldean ere.

UGTk jarritako salaketa baten aurrean, 2019ko urriaren 1ean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak edukiz hustu zuen 2017ko dekretua. Haren ordezkoa 2020 hasierarako prest izango zuela zin egin zuen Maria Txibiteren gobernuak, baina bi urte behar izan ditu azkenik. Ostiralean, Nafarroako Gobernuak dekretuaren lehen zirriborroa aurkeztu zuen Funtzioko Publikoko Mahai Orokorrean.

Alta, asteburuan zirriborroa sakon irakurri ostean, haren inguruko iritzia kaleratu dute Kontseiluak eta Behartokiak, Iruñean egindako prentsaurreko batean. Zirriborroaren arabera, eremu ez-euskalduneko deialdietan, euskara ez da merezimendu gisa hartuko; bai, ordea, ingelesa, frantsesa edo alemana: «Hemen kontua da Nafarroan berezkoak eta ez-ofizialak diren hizkuntzen balorazioa lanpostu guztietara zabaltzen dela, eta horrek indarrean diren nazioarteko itunen kontra egiten du. Ez da ulertzen berezko eta ofiziala ez den hizkuntza baten ezagutza kontuan hartzea eta berezko hizkuntza baten ezagutza albo batera uztea», azpimarratu du Bilbaok.

«Adarra jo» izanaren sentsazioa du Bilbaok. Aspalditik iragarri zuena proposatu duelako gobernuak eta bitartean ehunka lanposturen deialdia atera direlako, hizkuntzen balorazioan euskarari baliorik eman gabe —adibidez, erizaintzeko lanpostuetan— . Zirriborroak, orain, sei hilabete inguruko bidea egin behar du, eta, bidean hura aldatzeko presio egingo badute ere, epe horretan beste hainbat lan deialdi publiko atera daitezkeela gogorarazi du Bilboak. Horregatik, nabarmendu du hilabeteotan ez litzatekeela deialdi publikorik atera behar. Epeen eta euskararen beraren «erabilpen politikoa» gaitzetsi ditu.

«Atzerapauso onartezina»

Bilbaok azpimarratu duenez, dekretuaren zirriborroa «atzerapauso onartezina» da. Hiru adibide jarri ditu. Lehenik, 2017 aurretik, UPNk bultzatutako araudi barruan, Nafarroako administrazio publikoko lanpostu guztietan %3ko balioa ematen zitzaion euskarari, eta gero, beste zenbaitetan, herritarrekin harreman zuzena dutenetan, %6koa. «Oraingo zirriborro honetan, batzuetan %0koa da, eta beste batzuetan %6koa da, baten batean %7koa. Hor badago atzerapauso ukigarri bat. Hainbat lanpostutan ez da euskararen ezagutza baloratuko».

Bigarrenik, eremu mistoan euskararen ezagutzaren balorazioa egingo zaien lanpostuen zerrendan bi postu falta dira: museoetako zaintzaileak eta adminstrari laguntzaileak. Bigarren kasu hori lanpostu garrantzitsua denez, Bilbaok espero du hutsune hori konponduko dela.

Hirugarrenik, «kezka handia» adierazi du eremu euskaldunean izango dituen ondorioez. Aurreko dekretuak, 2017koak, euskararen ezagutzari %11ko balioa ematen zion lanpostu guztietan, eta herritarrekin harreman zuzena dutenetan, %20-23koa. Artikulu hori ez zuen baliogabetu Nafarroako Auzitegi Nagusiak. «Aurkeztu den zirriborro berrian, lanpostu guztietan %11 baloratuko da euskararen ezagutza. Hor ere jakin nahi dugu nola interpretatuko den hemendik aurrera: ea aurreko dekretuak aurreikusitako lanpostuetan eta auzitegiaren bermea zuen artikuluarekin zer gertatuko den, halakorik ez baitago jasoa», azaldu du; hots, ez dio ezer herritarren arretarako lanpostuetan %20-23 baloratuko ote den edo %11.

Zirriborroak zer dioen jakinda, edukia aldatzera deitu ditu alderdiak: «Alderdi guztiei erantzukizunez jokatzeko eskatu nahi diegu; gobernuan daudenei eta gobernua sostengatzen dutenei. Marra gorri hau pasatzen utziz gero, duela hogei urte abian jarritako hizkuntza politiken muina berretsiko da», aipatu du Bilbaok. Hurrengo asteetan estrategia adostu eta, beharrezko bada, mobilizaziorako deia egingo dutela aurreratu du.

Gaubekaren analisia

Gaubekaren esanetan, dekretuak ez du ahalbidetuko eta bermatuko herritarrek administrazio publikoan euskara erabili ahal izatea. «Dekretuak hau legitimatuko du, eta berezko hizkuntzan bizi nahi duten herritarrak desberdinkeriaz tratatuko dira, eta beraien hizkuntza garatzeko oztopoak izango dituzte».

Gaubekaren arabera, zerbitzu zentraletan lanpostu bakan batzuetan atzerriko hizkuntzei baino puntuazio «zertxobait handiagoa ematea neurri erabat hutsala egitea da». Era berean, uste du lurralde osoko herritarrei euskarazko zerbitzua ukatzen zaiela, «baita eremu euskaldunekoei ere». Hegoaldean bizi direnei «bi aldiz» kalte egiten dietela nabarmendu du, beren herrian zerbitzuak euskaraz jasotzeko aukera gutxiago izango dituztelako eta zerbitzu zentraletan ere ez zaielako aukera hori bermatuko».

Azkenik, 2017ko dekretua kenduta, Gaubekak araudietan eman diren atzerapausoen errepasoa egin du. «Adibidez, 1994ko dekretuan, euskarari eremu euskalduneko lanpostu guztietan %10eko puntuazioa ematen zitzaion, eta %5ekoa eremu mistoan; 2009an, eremu euskaldunean %6, eta %10 herritarrekin harreman zuzenagoa zuten lanpostuetan, eta eremu mistoan, berriz, %3 eta %6koa. Dekretua proposatu duten alderdiek noraino heldu nahi dute? Hainbat urtean euskaldunen kontra egin dutenak baino harago joango dira?».

Gaubekaren ustez, merezimendutik harago joan beharko litzateke, eta «euskarazko lanpostuak sortu, hori bermatu ezean hizkuntz eskubideak urratu egingo direlako». Bere ustez, dekretu zirriborroak, urraketei aurre egin ordez, atzerapausoak baino ez ditu proposatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.