Palestina

«Palestinarren kontrako apartheid sistema bat» erabiltzea egotzi dio Amnestyk Israeli

GKEaren ustetan, «agintari israeldarrek kontuak eman behar dituzte apartheida egiteagatik». NZAri eskatu dio leporaturiko krimen hori ere ikertzeko iaz abiatu zuen ikerketan.

Manifestari palestinarrak Israelgo segurtasun indarren kontra, iragan hilabetean, Nablusen. ALAA BADARNEH / EFE
ander perez zala
2022ko otsailaren 1a
11:21
Entzun

AI Amnesty International GKE gobernuz kanpoko erakundeak Israeli egotzi dio bere kontrolpeko eremuetan bizi diren palestinarren kontrako «apartheid sistema bat» erabiltzea: «Gure txostenak argitara ematen du Israelen apartheid sistemaren hedadura. Palestinarrak azpiko arraza talde gisakotzat dauzkate, eta beren eskubideak sistematikoki debekatzen dizkiete».

182 orrialdeko txosten bat aurkeztu du AIk, eta 2017tik honako kasuak bildu ditu horretan. GKEaren idazkari nagusi Agnes Callamarden arabera, dokumentuak azaltzen du «Israelek nola erabiltzen duen mendekotasunean eta zapalketan oinarrituriko sistema bat palestinarren eskubideen kontrola duen eremuetan»; azalpen horrek kontuan hartzen ditu okupaturiko lurraldeetako herritarrak eta Israelen bizi diren palestinarrak.

AIk honako gertakari hauek zerrendatu ditu Israelena «apartheid sistema bat» dela argudiatzeko: palestinarrei beren lurrak eta horien jabetza kentzea, legez kanpoko hilketak egitea, mugimendu askatasuna murriztea, eta herritartasuna debekatzea. «Nazioarteko legediaren arabera, horiek apartheid sistema baten ezaugarriak dira», dokumentuan jaso duenez.

GKEaren ustetan, «agintari israeldarrek kontuak eman behar dituzte apartheida» egiteagatik: «Gizateriaren kontrako krimen bat da, eta mendekotasunean oinarrituriko sistema bat. Txostena osatzeko Israelgo Atzerri Ministerioarekin harremanetan jarri ginen, baina ez dugu erantzunik jaso».

Egoera hori ikusirik, GKEak NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiari eskatu dio «apartheid krimena kontuan hartzeko» iaz abiatu zuen ikerketan; Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari, berriz, Israeli armak kentzea. «Zigor ekonomikoak ere agindu beharko lituzkete apartheidarekin zerikusia duten agintarien aurka», dio AIk.

Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioak pozez hartu du GKEaren txostenaren edukia: «Errealitate krudelaren baieztapen zehatz bat da. Nakbaz geroztik [hondamendia esan nahi du arabieraz, eta 1948ko arabiarren eta israeldarren arteko gerrak eragindako palestinarren exodoa definitzeko erabiltzen da] palestinarrek jasaten duten [...] baztertzea, arrazakeria, apartheida eta zapalketa erakusten ditu».

Israelgo Gobernuak bestelako iritzia helarazi du. Atzerri Ministerioko bozeramaile Lior Haiaten ustetan, AIren txostenak «egitate batzuk aukeratu ditu, horietako batzuk testuingurutik kanpo, eta elkarrekin jarri ditu beste informazio batzuk kontuan hartu gabe».

Hau da, gobernuko ordezkariaren arabera, dokumentua Israelen kontrako taldeek «antolaturiko kanpaina baten» parte da, eta «antisemitismo modernoaren ezaugarriak» ditu. AIk erantzun dio ez direla antisemitak, eta gobernuaren adierazpen horiek atentzioa aldentzeko saiakera bat direla.

Iaz, Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak ere «apartheidtzat» jo zuen Israelen sistema. GKE horren ustetan, Israelgo agintariek «neurrigabeko politikak» aplikatzen dizkiete palestinarrei, eta horiek «gizadiaren aurkako apartheid eta jazarpen krimenak eragiten dituzte».

Baldintzapeko askatasuna Ruizentzat

Juana Ruiz Palestinaren aldeko lan humanitarioa egiten duen Espainiako ekintzaileari baldintzapeko askatasuna ematea erabaki du Nazareteko auzitegi batek (Israel). Orain, fiskaltzak astebeteko epea du helegitea aurkeztu ala Ruizen askatasunaren eguna finkatzeko.

Iragan apirilean atxilotu zuten, eta «erakunde ilegal bateko kide» izatea egotzi zioten; Ruizek errugabetasun akordio bat onartu zuen, eta auzitegi militar batek hamahiru hilabeteko espetxealdira zigortu zuen joan den azaroan.

Ekintzailea Health World Committees Palestinako gobernuz kanpoko erakundeko langilea da, eta urteak daramatza Zisjordanian bizitzen. Haren kontrako akusazioaren arabera, erakunde horrek dirua ematen dio PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteari, zeina «erakunde terroristatzat» daukan Israelek; horrez gain, Palestinako lurretan «dirua jaso» eta «dirua sartu» izana ere egotzi zioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.