Myanmar

Armadak uztailera arte luzatu du larrialdi egoera, kolpearen lehen urteurrenean

Manifestazioak antolatu dituzte diktadura militarraren aurka eta demokrazia eskatzeko.

Militarren jarraitzaileak Myanmarreko banderekin, gaur, Yangonen. STRINGER / EE
Edu Lartzanguren.
2022ko otsailaren 1a
12:08
Entzun

Urteurrena zuten gaur Myanmarrek: iaz, gaurko egunez, militarrek estatu kolpea eman zuten, Aung San Suu Kyiren gobernua agintetik kentzeko. Kolpearen ostean, larrialdi egoera ezarri zuten, besteak beste, protestei aurre egiteko. Orain, larrialdi egoera hori uztailaren 31ra arte luzatzea erabaki dute.

Herrialdea gobernatzen duen junta militarraren buru Min Aung Hlaingek esan duenez, ezinbestekoa zen luzatzea, «bertako zein nazioarteko indar suntsitzaileak» lanean ari direlako herrialdea «erabat suntsitzeko». Militarrak adierazi du «indarkeriak» jarraitzen duela hainbat eskualdetan.

Hainbat protesta antolatu dituzte gaurko kolpearen aurka. Giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeek esan dutenez, atzo bertan beste lau pertsona hil zituzten militarrek, tartean adin txikiko bi. Haien datuen arabera, 1.500 pertsona hil dituzte estatu kolpea jo zutenetik. Halere, ohartarazi dute litekeena dela benetako kopurua askoz handiagoa izatea.

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak gogoratu du urteurrena Twitterren, eta ohartarazi du «krisi humanitarioak sakontzen» jarraitzen duela.

Europako Batasunak herrialdean duen ordezkaritzak kolpeak Myanmarri ekarri dion «hondamendia» salatu du. Haren arabera, «hamalau milioi pertsona baino gehiagok giza laguntza behar dute, ekonomia krisian dago, lorpen demokratikoetan atzera egin da, eta gatazka herrialde osora zabaltzen ari da».

Gaur «isiltasun greba» egiteko eskatu diete oposizioko indarrek herritarrei, protesta gisa.

2011n, militarrek onartu egin zuten boterea partekatzea, eta 2015ean hauteskundeak antolatu zituzten, ia mende erdi iraun zuen diktaduraren osteko lehenak. Boz horietan, Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren NLD Demokraziarako Liga Nazionalak lortu zuen ordezkaritzarik handiena, eta iazko azaroan ere alde handiz irabazi zituen bozak, 440 eserlekutik 258 bilduta. Militarren arabera, ordea, «iruzurra» egin zuten hauteskunde horietan, nahiz eta hauteskunde batzordeak behin eta berriz ziurtatu duen ez zela halakorik gertatu.

Abenduan, Aung San Suu Kyiren kontrako lehen sententziaren berri eman zuten: lau urteko kartzelaldira zigortu zuten, militarren gobernuaren kontrako matxinada sustatzea eta koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurriak urratzea leporatuta. Gerora, baina, junta militarreko buruzagi Min Aung Hlaingen aginduz, kondena erdira txikitu zioten, bi urtera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.