Lan erreforma

Erreforma lantokietan salatzera deitu dute ELAk eta LABek

CCOOko Loli Garciak, berriz, etziko bozketan erreformaren alde egiteko eskatu die, "aldaketa erradikalak" ekarriko dituelako behin-behinekotasunean.

Lan ereformaren aurkako mezu bat, Nafarroako UGTren eta CCOOren egoitzako horman. VILLAR LOPEZ / EFE
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 1a
13:46
Entzun

Espainiako Kongresuak lan erreforma onartu bezperan ere aterako dira kalera dekretuaren aurka diren euskal sindikatuak. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek lantokietan eta herrietan biltzera deitu dute, bihar goizerako.

Igandean, milaka lagun batu zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan, erreforma motz geratzen dela salatzeko, eta euskal alderdiei dei egiteko ez ditzaten babestu erreforma beren botoekin. Atzo EAJrekin bildu ziren, eta hark adierazi zuen ez zuela erreformaren alde egingo aldaketa sakonak egin ezean.

Bi dira sindikatu horien kexu nagusiak: batetik, erreformak ez dituela bertan behera uzten 2010eko eta 2012ko erreformak kaleratzeak errazteko eta merkatzeko neurriak; bestetik, ez duela bermatzen Hego Euskal Herriko itunek lehentasuna izatea Espainian sinatzen direnen aldean.

Horregatik, Lan Erreforma honi, ez lelopean biltzeko deia egin diete herritarrei, dela lantokietan, dela herrietan. Hiriburuetan ere batuko dira: 11:30ean Bilboko Moyua plazan, Donostiako Alderdi Ederren eta Iruñeko Udaletxeko plazan, eta 12:00etan Gasteizko Posta plazan.

Garciaren eskaera

Espainiako Gobernuak CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin hitzartu du lan erreforma. Azken egunotan, sindikatu horretako buruek erreforma onartzeko deia egin diete alderdi politikoei. Gaur bertan, Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak gogorarazi du ezen, etzi Espainiako Kongresuak lan erreformaren dekretua onartu ezean, "Mariano Rajoyren erreforma" berriro indarrean izango dela, "hamar urte baino gehiagoan borrokatu dugun eszenatokia".

Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, gutxietsi egin ditu ELAren eta LABen kritikak: "Elkarrizketa sozialetik ateratzen den edozein akordioren aurka jarriko dira, emaitzak batzuk edo besteak izan". Lan erreforma "behin-behinekotasuna amaitzeko erreforma erradikala" dela adierazi du, eta ukatu egin du euskal itunek ez dutela lehentasuna izango: "Nagusituko dira, bai noski". Haren iritziz, arazoa ez da itunen lehentasuna, ELAk sektorekako negoziazioak alde batera utzi izana baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.