San Blas azoka

Ekoizleak eta erosleak batu dira ostera ere Abadiñon

Iazko etenaldiaren ondoren, San Blas azoka antolatu dute berriro, eta jendetza batu da hasieratik. Produktuentzako erakustoki ona izateaz gain, animikoki ere positiboa zaiela nabarmendu dute ekoizleek.

Aurtengo azokako postuetak bat. ANDONI CANELLADA/ FOKU
amaia igartua aristondo
2022ko otsailaren 3a
13:57
Entzun

Azokak antolatzeko premia zegoen, Abadiñoko (Bizkaia) San Blasekoak izan duen harrerari erreparatuta. 10:00etan hasi da, eta ordurako jendea batua zen inguruetan. Pilaketak saihesteko, zenbait zatitan banatu dituzte postuak: ohiko tokian, trinketaren atzeko aparkalekuan, jakiak saldu dituzte hamarnaka ekoizlek; gertu, bidegorriaren bazterrean, landare saltzaileek hartu dute tokia, eta gorago kokatu dituzte abereak, hiru karpetan banatuta. Txosnarik ez ipintzea erabaki dute aurten, eta, horren ordez, herriko batzokian saldu dituzte taloak eta zerbitzatu dute sagardoa.

Osasun egoeraren ondorioz, bertan behera utzi behar izan dituzte azoka asko azken hilabeteetan, eta, horrenbestez, ekoizleek eskertu dute San Blas azoka antolatzea, produktuak erakusteko aukera ona baita. Erakustokia aprobetxatu dute, besteak beste, Delikaetxekoek: marka berria da, eta gaurkoa izan dute aurreneko azoka. Zero kilometroko barazkiak saltzen dutenez, toki «egokia» dela adierazi du Edurne Garcia ekoizleak.

Azoka gehiagotan ibiliak dira Mausitxa gaztaren ekoizleak; azken hilabeteak ez zaizkie bereziki zailak egin ekonomikoki, diotenez, baina, halere, pozik daude lehengoratu delako bezeroekiko zuzeneko harremana. Uste dute San Blaseko azoka ataria baino ez dela, eta hemendik aurrera joerak hobera egin eta azokak ugarituko direla ostera ere.

Alde ekonomikoa ez ezik, animikoa ere azpimarratu du Erlan ezti markako Joseba Villacortak. Produktua proiektatzeko modu asko daudela dio, eta azoka hori baino gehiago dela: jendearengandik gertu egoteko une bat, haiekin partekatzeko nola joan den urtea, esaterako. Alabaina, aurtengo San Blas azokak «dolua» ere iradoki dio: «Gauzak aldatu dira, jendearen begiradetan igartzen da, orokorrean».

Arratsaldean idi probak egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.